Jatorria edo helburua Venezuela duten petroliontziak blokeatzeko agindu du Trumpek

Caracasek mehatxu larritzat jo du Trumpen erabakia, eta Venezuelaren petrolioa eta lurrak bereganatu nahi izatea egotzi dio.

Donald Trump, gaur, Etxe Zurian. YURI GRIPAS/EFE
Donald Trump, gaur, Etxe Zurian. YURI GRIPAS/EFE
Beñat Mujika Telleria.
2025eko abenduaren 17a
15:27
Entzun 00:00:00 00:00:00

Venezuelan sartzen diren edo handik irteten diren petroliontziak «guztiz blokeatzeko» agindua eman du AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek. Etxe Zuriko maizterrak Truth social sare sozialean azaldu duenez, AEBetako armadak Karibeko uretan hedatzen jarraituko du, «chavismoak lapurtu dituen petrolio, lur eta aktibo guztiak itzuli arte». Horixe idatzi du AEBetako lider errepublikanoak, AEBetako armadak Ozeano Pazifikoan zortzi pertsona hil eta biharamunean.

Venezuelako Gobernuak, berriz, adierazi du agerian geratu dela AEBetako presidentearen «benetako asmoa» zein den: «Venezuelaren petrolioa, lurrak eta mineralak bereganatzea, gezur eta manipulazio kanpaina erraldoien bidez». AEBetako armada irailaz geroztik dago Karibeko eta Ozeano Pazifikoko uretan. Ordutik, hainbat ontziri egin die eraso, betiere «narkotrafikoaren aurkako» operazioak direla argudiatuta.

Axios hedabideak adierazi duenez, hemezortzi petroliontzi inguru daude oraintxe bertan Venezuelako uretan —Altxorraren Departamentuak horiei guztiei ezarri dizkie zigorrak—, eta Washington ontzi horiek kontrolatzen ari da. AEBek hilabeteak daramatzaten arren Venezuela inguruko uretan, joan den astean beste urrats bat egin zuen Trumpek, eta ordura arteko estrategia aldatu. Izan ere, AEBek petroliontzi bat konfiskatu zuten iragan asteazkenean, Venezuelako kostaldearen pareko uretan, argudiatuta «zigorren eraginpeko petrolioa» garraiatzen zuela Venezuelatik Iranera. Venezuelako Gobernuak, berriz, «aberastasuna lapurtzea» egotzi zien AEBei.

Trumpek, ordea, gaur goizaldean zabaldutako mezuan esan du Venezuelaren petroliontzi horiek «lapurtutakoak» direla, eta, besteak beste, Nicolas Maduro Venezuelako presidentea «gobernua finantzatzen» ari dela petrolio horrekin, «baita narkoterrorismoa, pertsonen salerosketa, hilketak eta bahiketak ere».

Etxe Zuriko maizterrak agindua eman eta ordu gutxira erantzun du Caracasek, ohar baten bidez. Ohar horretan, AEBek egindakoa «mehatxu larria» dela salatu du, eta Trumpek «Venezuelaren aberastasunak lapurtu» nahi dituela esan. Era berean, Maduroren administrazioak gaineratu du Trumpek «nazioarteko eskubidea, merkataritza librea eta nabigagarritasun askea» urratzen dituela, eta iragarri NBEra joko dutela gertatutakoa salatzera.

Bestalde, Caracasek dei egin dio nazioarteari, Trumpen mehatxua «baliabide guztien bidez» gaitzets dezan, eta beren burua defendatuko dutela ohartarazi du. «Venezuelako herriak bere eskubide historikoak defendatzen jakingo du, eta bakearen bidean nagusitzen».

Nicolas Maduro atzo egindako agerraldi batean, 'No war, yes peace' dion txapela jantzita. ZURIMAR CAMPOS/EFE
Nicolas Maduro atzo egindako agerraldi batean, 'No war, yes peace' (Gerrari ez, bakeari bai) leloa duen txapela jantzita. ZURIMAR CAMPOS/EFE

Gainera, oharrean azpimarratu dute Venezuela ez dela beste inoren «kolonia» izango: «Venezuelak bere independentzia eta subiranotasuna defendatzen jarraituko du zorrotz».

Tirabira NBEren txostenaren harira

NBEren erakunde independente batek azken hamarkadan giza eskubideak urratzea eta gizateriaren aurkako krimenak egitea egotzi zion, iragan astean, Guardia Nazional Bolivartarrari. Bada, NBEk beste txosten bat kaleratu zuen atzo, non Caracasi giza eskubideen kontra egitea egozten zion. Venezuelak gaur goizaldean erantzun du, eta salatu NBEren txosten hori «gezurrez beteta» dagoela.

Volker Tuerk Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak atzo aurkeztu zuen txosten hori, zeinetan Venezuelako egunerokoaren berri ematen duten. Tuerken esanetan, azken hilabeteetan egoerak ez du hobera egin Venezuelan; haren arabera, «zailtasun ekonomiko eta sozial larriak» dituzte, eta adierazpen askatasuna «etengabe urratzen» da. Gainera, «atxiloketa arbitrarioak» ere egiten dituztela adierazi dute.  

Telegram mezularitza aplikazioa baliatu du Yvan Gil Venezuelako kantzilerrak Tuerkek aurkeztutako txostenari erantzuteko, eta adierazi du «betebehar morala» dela Tuerkek esandakoa «irmoki arbuiatzea». «AEBek Venezuelako petroliontzi bati egindako erasoaren aurrean ez ikusiarena egiten duen bitartean, falaziaz betetako txosten bat aurkeztu du. Gure herrialdearen aurkako beste eraso bat da», gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.