AEBek «terroristatzat» jo dute Madurorekin lotzen duten erakunde bat

Washingtonek Venezuelako Gobernuarekin lotzen du Cartel de los Soles deituriko kartela. Maduroren gobernuak, ordea, uste du AEBek Venezuelaren aurkako esku hartze bat justifikatu nahi dutela «asmakizun» horretaz baliatuta.

Orain Kariben dagoen 'USS Gerald R. Ford' hegazkinontzia, artxiboko irudi batean. ALYSSA JOY / EFE
Orain Kariben dagoen 'USS Gerald R. Ford' hegazkinontzia, artxiboko irudi batean. ALYSSA JOY / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2025eko azaroaren 24a
17:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEBak sutara erregaia bota eta bota ari dira. Azken asteetan, AEBetako indar militarrek Karibeko urak hartu dituzte, eta, hala, Venezuelaren gaineko presioa handitu. Bada, orain, beste koska bat estutu da bi herrialdeen arteko tentsioa. Gaur Cartel de los Soles kartela atzerriko erakunde «terrorista» izendatu dute. Ez dago kartel horren inguruko xehetasun askorik, eta Washingtonek Nicolas Maduro Venezuelako presidentea eta gobernuko beste hainbat kide jotzen ditu erakunde horren burutzat. Venezuelako Gobernuko Atzerri Ministerioak, ordea, adierazi du erakunde hori AEBen «asmakizun bat» dela.

AEBek 2020ko martxoan lotu zuten aurrenekoz kartel hori drogen trafikoarekin, Trumpen lehen agintaldian. AEBetako Justizia Departamentuak orduan baieztatu zuen talde hori existitzen zela. Orain, Marco Rubio AEBetako estatu idazkariak adierazi du badirela argudio nahikoa talde hori atzerriko erakunde «terrorista» izendatzeko. AEBetako legediaren arabera, hala izendatu daiteke atzerriko talde bat baldin eta «ekintza terroristak» egiten baditu eta «arriskuan» jartzen badu AEBetako herritarren edo herrialdearen beraren segurtasuna. AEBetako Estatu Departamentuak otsailean gehitu zituen zerrendara Venezuelako Tren de Aragua eta Mexikoko Sinaloako kartela ere.

Berez, erakunde hori «terroristatzat» jotzeak ez die modurik ematen AEBei indar militarra erabiltzeko, baina gobernuak adierazi du ekintza militarrak areagotzeko aukera bat izan daitekeela. Pete Hegseth AEBetako Defentsa idazkariak ostegunean esan zuen izendapenak «tresna gehiago» ematen dizkiola Defentsa Departamentuari, gerora «presidenteari aukerak eskaintzeko». Are, Trumpek esan du modua emango duela behar izanez gero Madurok Venezuelan dituen azpiegiturei eta aktiboei eraso egiteko ere, baina prest agertu da Caracasekin harreman diplomatikoak izateko.

Venezuelako Gobernuak ere eman du bere ikuspuntua. Caracasek ohar bat kaleratu du, eta berretsi Cartel de los Soles erakundea ez dela existitzen. «Gezur» horretaz baliatuta, Washingtonek Venezuelaren aurkako esku hartze bat justifikatu nahi du, Maduroren gobernuaren arabera. Hala, Caracasen iritziz, «estatubatuarren ohiko jokabideari» jarraituz, «erregimena aldatzeko» asmoa dute AEBek. Baina ohartarazi die Venezuelako herria «inoiz baino batuago» dagoela, eta «porrot» egingo dutela. Gainera, Etxe Zuriari exijitu dio «Karibeko herrien aurkako erasoak» etetea, argudiatuta operazio horiek ez dutela droga trafikoa geldiarazteko asmorik. 

Militar gehiago eta hegaldi gutxiago

AEBetako armadaren Hegoaldeko Komandoak hilabeteak daramatza Karibeko urak kontrolatzen. Gainera, Hegoaldeko lantza deituriko operazioa ere abiarazi zuen duela hamar egun, ekintza «narkoterroristak» Hego hemisferiotik desagerrarazteko asmoz. Pentagonoak USS Gerald R. Ford hegazkinontzia eraman zuen hara, munduko handiena —4.000 marinel ditu—. Nazioarteko uretan dago ontzia, Venezuelaren kontrolpekoa den eremuarekin mugan, eta AEBetako indar militarrek gutxienez 83 lagun hil dituzte ustez narkotrafikorako zerabiltzaten ontziei eraso eginda.

Gainera, bertan behera geratu dira Venezuelarako hainbat hegaldi. AEBek ohartarazpen bat bidali diete hegazkin konpainiei, Venezuelatik igarotzean «kontu handiz ibili daitezen». Zazpi aire konpainiak bertan behera utzi dituzte jada Venezuelara hegaldiak, tartean Iberia (Espainia), TAP (Portugal) eta Turkish Airlines (Turkia).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.