Maduroren epaiketako gastuak Caracasen funtsekin ordaindu behar diren aztertuko dute

Venezuelako presidentea bigarrenez igaro da gaur epailearen aurretik. Defentsak hala eskatu badu ere, epaileak ez du kasua atzera botako. Ez du argitu noiz izango den hurrengo saioa.

Maduroren aldekoak gaur, New Yorken. OLGA FEDOROVA / EFE
Maduroren aldekoak gaur, New Yorken. OLGA FEDOROVA / EFE
Igor Susaeta - Aitor Garmendia Etxeberria
2026ko martxoaren 26a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Narkoterrorismoan aritzeko konspiratzea egotzita, besteak beste, Nicolas Maduro Venezuelako presidentea eta haren emazte Cilia Flores epailearen aurretik igaro dira gaur berriro New Yorken (AEB), auzitegi federal batean. Epaileak ez du argitu hurrengo saioa noiz izango den, eta jakinarazi du laster erabakiko duela epaiketaren gastuak Venezuelako funtsekin ordaindu behar diren ala ez. Maduro eta Flores urtarrilaren 3an hartu zituzten preso AEBek, eta bi egun geroago, epailearen aurrean lehendabizikoz deklaratu zutenean, biek ala biek adierazi zuten errugabeak zirela.

AEBetako Justizia Departamentuak akusaziorako aurkeztutako frogek balio duten ala ez eztabaidatu dute gaurko saioan, eta, aldi berean, defentsak bere argudioak plazaratu ditu. Hain zuzen, Maduroren abokatu Barry Pollackek salatu du AEBak Venezuelako presidentearen eskubide konstituzionalak urratzen ari direla, blokeatu egin baitituzte epaiketa gastuak ordaintzeko Caracasen funtsak. Horren berri eman zuen eskutitz batean, otsailaren 26an, eta hala berretsi du gaurko saioan.

Epaileak aintzat hartu du defentsaren salaketa, baina ziurtatu du ez duela auzia atzera botako. Saioa amaitu aurretik jakinarazi duenez, laster ebatziko du Etxe Zuriak Venezuelako funtsei ezarritako blokeoa bertan behera utzi behar duen ala ez. Eta iradoki duenez, erabaki horren arabera, posible da aurrerago Maduroren aurkako auzia atzera bota ahal izatea. Baina, oraingoz, ez du halakorik egingo. Eta  Donald Trump AEBetako presidenteak ziurtatu du hala eginez gero ere kasu gehiago aurkeztuko dituztela Maduroren aurka: «Epaiketa gehiago egongo dira, egin dituen delitu guztien artean gutxi batzuengatik baino ez baitute auzipetu», adierazi du gaur Etxe Zurian.

Mozio baten bidez, Madurok auzitegiari adierazi dio Venezuelako Gobernuak ordaindu dezakeela beraren defentsa, horretarako eskubidea duela. AEBetako hainbat hedabidek iturri ofizialak aipatuz kaleratu dutenez, baina, fiskaltzak adierazi du gastuak ordaintzeko ezin direla erabili zigortutako gobernu baten funtsak.

Gaurko saioan fiskaltzak adierazi du AEBetako Gobernuak zigorrak erabiltzeko eskumena izan behar duela «atzerri politikan eta segurtasun nazionalean eragiteko». Horregatik, esan du Venezuelako funtsak Maduroren aurkako epaiketaren gastuak ordaintzeko erabiltzea zigor horiek «indargabetzea» litzatekeela, eta gehitu du Maduro eta Florez Venezuela «arpilatzen» ari direla.

Epaileak, berriz, oroitarazi du Maduro eta Flores atxilotuta daudela, eta ez dutela AEBetako segurtasun nazionala arriskuan jartzen. Hortaz, Venezuelako funtsak blokeatzeak ez luke zentzurik. Venezuela aldatzen ari dela ere aipatu du epaileak: «Orain negozioak egiten dituzte [AEBekin]». Maduro atxilotu eta Delcy Rodriguezek haren lekua behin-behinean hartu duenetik, hobera egin dute Venezuelaren eta AEBen arteko harremanek, nahiz eta Donald Trump Etxe Zuriko maizterraren mehatxuek baldintzatu dituzten une oro.

Madurok eta Floresek ia hiru hilabete daramatzate preso, eta, tarte horretan, ez dute eskatu, esaterako, berme bat ordaintzea aske utz ditzaten. Alvin Hellerstein da kasuaren epailea —92 urte ditu—. The New York Times-en arabera, epaile horrek lo hartu zuen iazko auzi saio batean. AEBetako zenbait hedabidek adituak aipatuz kaleratu dutenez, auziak aurrera egiten badu, epaiketa ez da hasiko 2027a edo 2028a baino lehen.

Zigortu gutxi

AEBetako Kongresuak 2006an onartu zuen narkoterrorismoaren kontrako legea, eta helburu zuen AEBek «terrorismotzat» hartutako jarduerak zigortzea. Reuters berri agentziak auzitegi federaletako erregistroak aztertu ditu, eta, argitaratu duenez, orduz geroztik delitu horrengatik lau pertsona baino ez dituzte zigortu epaiketa batean.

Horiek horrela, Maduro preso hartu zutenetik, AEBek eta Venezuelak akordio bat egin zuten aurrenekoaren petrolioa komertzializatzeko, eta harreman diplomatikoak ere berrezarri dituzte —2019ko urtarrilean eten zituzten—. Trumpek esan izan du pozik dagoela Delcy Rodriguezekin. Behin-behineko presidenteak, gainera, aldaketa nabarmenak egin ditu estatu egituretan. Lehengo astean, esaterako, kargutik kendu zuen Vladimir Padrino, 2014az geroztik Defentsa ministroa zena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!