Malaysia hasia da rohingyak Myanmarrera itzularazten

Bi gobernuek egindako itunari jarraikiz, 5.000 errefuxiatu kanporatuko dituzte. NBEk esan du ezin dela bermatu rohingyen segurtasuna.

Bi errefuxiatu rohingya gaur Malaysian, ontzi batera igotzeko pronto.FAZRY ISMAIL / EFE
Bi errefuxiatu rohingya gaur Malaysian, ontzi batera igotzeko pronto.FAZRY ISMAIL / EFE
Igor Susaeta.
2026ko irailaren 29a
16:11
Entzun 00:00:00 00:00:00

Myanmarrek ez ditu aitortzen rohingyak; are, gutxiengo musulman horren kontra egin izan du. Malaysia, baina, hasia da errefuxiatu rohingyak Myanmarrera itzularazten, Asia hego-ekialdeko bi herrialdeek uztailean sinatutako aberriratze akordio bati jarraikiz. Asmoa da 5.000 itzularaztea, eta gaur zen lehen 1.500 rohingyak kanporatzekoa, hiru itsasontzitan.

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak jakinarazi du ez duela parte hartu operazioan, eta ohartarazi du Myanmarko egoerak ez duela bermatzen itzulera «segurua» izango denik —hori bera azpimarratu dute giza eskubideen hainbat taldek, nazioarteko prentsak jaso duenez—; izan ere, junta militar batek agintzen du Myanmarren 2021eko otsailetik, estatu kolpe bat eman zuenetik, eta hainbat talde armaturekin dago gerran. «Errefuxiatuen itzulera orok borondatezkoa izan behar du, eta hori aurrera eraman behar da segurtasun baldintzak eta duintasuna bermatuz», esan dio UNHCRko kide batek Reuters berri agentziari.

Malaysia esaten ari da asilo eskatzaile horiek beren borondatez itzuliko direla Myanmarrera. Hori bai, itzularazi dituztenekin harremanetan jartzea edo haiek artatzea debekatu die UNHCRko kideei. Izan ere, asilo eskatzaile horiek atxilotze gune batean eduki dituzte. AFP France-Press albiste agentziak kaleratu duenez, errefuxiatu rohingyak dozenaka autobusetan heldu dira gaur goizean Lumut kostaldeko hiriko base militar batera; handik ateratzekoak dira Myanmarrera itzularaziko dituzten ontziak.

Milioi erdi rohingya inguru daude Myanmarren, baina ia ez dute mugitzeko askatasunik. Milioi bat pasa daude Bangladesh mugakideko Cox’s Bazarreko errefuxiatu gunean. 750.000 inguru 2017an iritsi ziren hara, Myanmarko armadatik ihesi; giza eskubideen aldeko talde batzuek genozidiotzat jo zuten armadak rohingyen kontra sasoi hartan egindakoa: soldaduak herrietan sartu ziren, etxeak erre zituzten, eta urtea amaitu bitartean 6.700 rohingya baino gehiago hil zituzten.

Malaysian 130.000 rohingya inguru daude —elkarrengandik gertu daude Malaysia eta Myanmar—; kontuan hartu behar da Malaysiako erlijio ofiziala islama dela, eta biztanleen %65 inguru direla musulmanak.

Aldatu da egoera

Anwar Ibrahim da Malaysiako lehen ministroa. Gobernuburua da 2022tik, eta giza eskubideen aldeko diskurtso bat plazaratu izan du beti —preso politiko bat izan zen behinola, 1970eko hamarkadan, Malaysiako Fronte Nazionala hegemonikoa zenean— . Hala, kasurako, rohingyen eskubideak defendatu izan ditu, eta Myanmarko gerra bukatzeko eskatu.

Azken asteetan esaten ari da, ordea, herritarren eskaerari erantzunez negoziatu duela rohingyen itzulera; izan ere, Anwarren arabera, gutxiengo horren kontrako etsaitasuna areagotu da herrialdean. Herrialdeko errefuxiatu komunitaterik handiena izaki, rohingyak ere egiten dituzte egoera ekonomiko kaskarraren erantzule. Malaysian 215.000 errefuxiatu daude, UNHCRk dioenez. Malaysia, ordea, ez da Genevako Hitzarmenaren parte —nazioarteko zuzenbide humanitarioan oinarrituta, errefuxiatuak babesten ditu—, eta, horrenbestez, papergabe gisa tratatzen ditu errefuxiatuak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA