Malaysiak heriotza zigorra mugatzea erabaki du

Parlamentuko behe ganberak harturiko erabakia neurria erabat indargabetzeko lehen pausotzat jo dute

2023ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
KUALA LUMPUR. Malaysiako Parlamentuko behe ganberak atzo onartu zuen nahitaezko heriotza zigorra mugatzea. Aldaketa egin aurretik, 11 delitutarako aplikatzen zuten automatikoki —besteak beste, narkotrafikoagatik, hilketagatik eta armak edukitzeagatik—; orain, 40 urteko espetxealdia ezarriko diete zigortuei, eta gutxienez hamabi zartada eman; hori bai, epaileek aukera izango dute heriotza zigorra aplikatzeko, hala erabakiz gero.

Dena den, Ramkarpal Singh Barne ministroak atzo diputatuei esan zien erreforma «erabakigarria» dela, neurri horrek «atzerakorik ez» duelako eta ez dituelako «esperotako emaitzak eman». Are, argudiatu zuen «munduko datuek» frogatu dutela heriotza zigorrik gabe ez dela «igotzen krimen tasa».

Egun, Malaysian, 1.337 lagun daude heriotzako itxarongelan. Aldaketarik esker, haien aurkako sententzia berriz aztertzeko aukera izango dute; horien %67,5 narkotrafikoagatik zigortu zituzten. Orain, legeak parlamentuko goi ganberaren onespena eta Pahango Abdullah erregearen sinadura beharko ditu indarrean sartzeko; hala gertatzea espero da.

Asia hego-ekialdean, Malaysian, Singapurren, Indonesian, Thailandian, Vietnamen eta Brunein dago oraindik indarrean heriotza zigorra; oro har, narkotrafikoarekin zerikusia duten delituetarako erabiltzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.