Bost egun igaro dira Nazioarteko Justizia Auzitegiak ebatzi zuenetik Myanmarrek rohingyen aurka genozidioa egin zuela. Lehen aldiz historian nazioarteko justiziak erabaki zuen estatu oso baten gain zegoela genozidio bat egitearen erantzukizuna, eta hortaz, Myanmar bera zigortu behar dela gutxiengo musulman horretako kideen aurka egindako krimenen horregatik. Malaysiak, hala ere, gaur jakinarazi du irailean hasi zuen deportazio plana ez duela bertan behera utziko, eta hortaz, bere lurraldean dauden rohingyak Myanmarrera itzularazten jarraituko duela.
Anwar Ibrahim Malaysiako lehen ministroak eman du erabakiaren berri herrialdeko parlamentuan, eta abenduan 6.803 pertsona aberriratzeko asmoa dutela jakinarazi du. Segurtasun eta finantzaketa arazoak aipatu ditu neurri hori justifikatzeko. Haren esanetan, «Malaysiak ezin du errefuxiatu horiek bere gain hartzen jarraitu, eta beste herrialdeetan birkokatzeko ahaleginek ere ez dute emaitzarik eman». Dena den, onartu du Malaysian bizi diren Myanmarko 200.000 errefuxiatuetako asko «zalantzarik gabe, Myanmarko erregimen militarraren krimenen biktimak» direla.
Anwarrek zehaztu duenez, 1.500 pertsona Myanmarrera itzuliko dituzte abenduaren 6an eta 7an, itsas armadaren hiru ontzitan. Beste 5.303 errefuxiatu, berriz, hegazkinez eramango dituzte abenduan zehar, Myanmarko gobernuak ordainduta. Horrez gain, lehen ministroak jakinarazi du orain arte 10.476 pertsona aberriratu dituztela Myanmarrera, baina ez du zehaztu horien artean zenbat diren rohingyak. Horren harira, adierazi du Malaysiako zerbitzu sekretuek ez dutela antzeman itzulitako pertsonak presionatu dituzten kasurik.
Lehen ministroak, gainera, azaldu du Myanmarrekin negoziatzen aritu direla, eta Nazioarteko Justizia Auzitegiaren ebazpenak eskatzen dituen «itzulera seguru eta duin baterako» bermeak lortu dituztela. Auzitegiak, ordea, itzulera borondatezkoa ere izan behar dela azpimarratu zuen.
Aktibisten kezka
Erabakiak kezka piztu du giza eskubideen aldeko taldeen artean, bereziki azken hilabeteetan aberriratu dituzten pertsonen egoerari buruzko informazio falta dela eta. Izan ere, irail amaieran Malaysiak 1.500 errefuxiatu inguru bidali zituen Myanmarrera, eta iragan hilabetean azalpenak eskatu zizkion Myanmarko Gobernuari, militarrek itzulitako ehunka rohingya atxilotuta zituztela zabaldu baitzen. Anwarrek ez du gaur eskaera horren berri eman, baina rohingyen eta gainontzeko talde etnikoen egoerarekiko kezka berretsi duela adierazi du.
Malaysiako Gobernuak irailean aberriratze plan hori abiarazi zuenean, gainera, Volker Tuerk Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak prozesua geldiarazteko eskatu zuen: «Ez da unea giza eskubideen urraketa izugarriak burutzen dituen herrialde batera inor indarrez itzularazteko».
Anwarrek gaur azaldu du aberriratuko dituzten errefuxiatuak hasiera batean Turkiara bidaltzekoak zirela. Iragan ostiralean, Malaysiako lehen ministrordeak iragarri zuen Turkiak 10.000 errefuxiatu rohingya hartuko zituela. Gaur, ordea, lehen ministroak jakinarazi du Ankarak uko egin diola eskaerari, eta ez dituela horretarako beharrezko baldintzak betetzen.
Anwarrek azaldu du Turkiako Gobernuak «irmoki» baztertu duela plana, eta azpimarratu duela dagoeneko lau milioi errefuxiatu inguru hartzen dituela.