Malvinetan petrolioa ustiatzeko proiektua gelditzeko agindu du Argentinako epaile batek

Auzitegiak ebatzi du han petrolioa ustiatu nahi duten bi enpresek ez dutela baimenik halakorik egiteko. Enpresetako bat Erresuma Batukoa da, eta bestea, Israelgoa.

Javier Milei, Malvinetako gerrako beteranoen eta hildakoen egunean, Buenos Airesen, apirilean. MATIAS MARTIN CAMPAYA / EFE
Javier Milei, Malvinetako gerrako beteranoen eta hildakoen egunean, Buenos Airesen, apirilean. MATIAS MARTIN CAMPAYA / EFE
Iraia Leon Pego
2026ko irailaren 17a
15:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Argentinaren eta Erresuma Batuaren arteko tentsioen erdigunean daude berriro Malvina uharteak. Asteazkenean Argentinako epaile federal batek Sea Lion proiektua —Malvinetan petrolioa ustiatzeko plana— geldiarazteko agindu zuen. Israelgo Navitas Petroleum eta Erresuma Batuko Rockhopper Exploration enpresek sustatzen dute plan hori, eta Londresek kudeatzen dituen uhartetatik petrolioa ustiatzea du helburu —Falkland uharteak deitzen diete—.

Irailaren hasieran abiatu zen auzia, Argentinako Ingurumenaren Aldeko Abokatuen Elkarteak eta La Platako Malvinetako Borrokalari Ohien Zentroak proiektuaren aurkako salaketa aurkeztu zutenean. Salatzaileen arabera, Argentinak beretzat dauzkan itsas eremuetako baliabide naturalak ustiatzea dakar proiektuak, eta ingurumenari eta subiranotasunari buruzko zalantzak sortzen ditu.

Horiek horrela, Mariel Borruto epaileak agindu du Sea Lion proiektua etetea, eta enpresei debekatu egin die petrolio ustiapenarekin lotutako lanak «hastea edota aurrera eramatea». Epaileak, gainera, proiektuaren egoeraren eta egindako ingurumen azterketen berri emateko eskatu die Rockhopperri eta Navitasi. Ipar Malvinetako arroan ari dira proiektua garatzen, artxipelagotik 220 kilometro ingurura, eta sustatzaileek asmoa dute 2028an petrolioa ateratzen hasteko.

Argentinako presidente Javier Mileik ere Sea Lion proiektua gaitzetsi du azken asteetan. Mileik hainbat alditan iragarri du zigorrak ezarriko dizkiela Malvinetan petrolioa ustiatzen duten enpresei, eta iragan astean bideo batean zabaldu zuen eskura dituzten «tresna diplomatiko, ekonomiko eta juridiko guztiak» erabiliko dituztela Argentinaren «subiranotasuna eta baliabideak defendatzeko».

Presidenteak azpimarratu zuen Malvina uharteak Argentinarenak direla «historikoki», eta, AEBetako presidente Donald Trumpek egindako adierazpenen arabera, ideia hori babestea aztertzen ari da Washington. Izan ere, duela aste batzuk Trumpek esan zuen Malvina uharteen inguruan duen jarrera berrikusten ari zela, eta iradoki zuen balitekeela AEBek Londresi auzi horretan emandako babesa kentzea baldin eta Erresuma Batuak defentsa gastuaren inguruko konpromisoak betetzen ez baditu.

Buenos Airesen eskumenik eza

Argentinaren ebazpena jaso ostean, Navitasek esan du Malvinetako agintariek emandako lizentzia «guztiz balioduna» dela, eta adierazi du Argentinako ekintza juridikoek ez dutela «nabarmen eragingo» Sea Lionen garapenean.

Bere aldetik, Erresuma Batuak irmo eutsi dio bere subiranotasunari, eta adierazi Argentinak ez duela eskumenik bere legedia artxipelagoan ezartzeko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA