«Donald Trumpen amesgaizto okerrena naiz», adierazi zuen duela egun batzuk Zohran Mamdanik, hautagaien arteko azken debatean. «Izan ere, sinesten ditudan gauzen alde borrokatzen den migratzaile musulman aurrerakoi bat naiz». Hain zuzen, New Yorkeko alkatetzarako Alderdi Demokrataren hauteskundeak irabazi ditu. Oraindik ez dute zenbaketa amaitu, baina bere kontrario nagusiak berak, Andrew Cuomo New Yorkeko gobernadore ohiak (2011-2021), Mamdaniren garaipena aitortu du gaur goizaldean.
Azaroaren 4an egingo dituzte New Yorkeko alkatetzarako hauteskundeak, eta, aurrez gertatutakoak kontuan hartuta, hautagai demokrata da irabazteko faborito nagusia, azkeneko hiru hauteskundeetan —2013an, 2017an eta 2021ean— botoen %70 inguru lortu baititu Alderdi Demokrataren hautagaia izan denak.
Eta demokraten hurrengo alkategaiak, gainera, alderdiaren sektore aurrekoienarekin bat egiten du, eta kanpainan horregatik jaso du, adibidez, Alexandria Ocasio-Cortez Ordezkarien Ganbera federaleko kidearen eta Bernie Sanders senatariaren babesa. «Historia egin dugu», nabarmendu du Mamdanik sare sozialetan. Demokraten iturriak aipatuz AP Associated Press berri agentziak kaleratutako informazioaren arabera, botoen %43 bildu ditu garaileak, eta %36 Cuomok.
Mamdanik 33 urte ditu, jatorriz indiarra du, eta Ugandan jaio zen. Haurra zela iritsi zen New Yorkera, herrialdeko hiri nagusira, handienera. Mira Nair zinemagilea da haren ama, eta Columbia Unibertsitateko irakaslea aita. Mamdanik Nelson Mandela izan du gogoan, irabazi duela jakin ondoren idatzitako mezu batean. «Nelson Mandelak zera esaten zuen: 'Lortzen duzun arte, ezinezkoa dela ematen du beti'. Lagunok, lortu dugu, eta zuei esker lortu dugu». New Yorkeko Asanbleako kide da 2021etik, eta horren aurretik rap musikaren ekoizlea eta, besteak beste, etxebizitza eskubidearen aldeko aktibista izan zen.
Haren asmoei dagokienez, kanpainan esan du etxebizitzen alokairuen prezioa ez igotzeko neurriak hartuko dituela, eta bizitzaren kostua murrizten ahaleginduko dela. Era berean, nabarmendu du hiri barruko autobus zerbitzua doan izango dela, eta herri izaera izango duten elikagai dendak hauspotu nahi dituela. Kanpainan, bide batez, Israel Palestinan egiten ari den sarraskia salatu du, eta «genozidio bat» dela azpimarratu.
Adams, bai
Ikusteko dago zeintzuk izango dituen kontrario azaroaren 4an. Cuomok esana zuen primarioak galduz gero ez zela independente gisa aurkezteko, baina gaur ez du halakorik baztertu. «Egoera aztertuko dugu, eta ondoren hartuko dugu erabaki bat». Cuomok dimisioa eman zuen 2021eko abuztuan, 11 emakumek sexu abusuak egotzi baitzizkioten.
Eric Adams egungo alkateak bai, hark baieztatu du jada independente gisa aurkeztuko dela bozetara. Adams izan zen demokraten alkategaia 2021ean, baina oraingoan erabaki du ez lehiatzea primarioetan. Aintzat hartu behar da ustelkeriagatik inputatu zutela iazko irailean, FBIren ikerketa bati jarraituz; egozten zioten Turkiaren mesedetan aritzea, kanpainarako laguntza ekonomikoaren truke. Epaile federal batek, baina, bertan behera utzi zuen kasua aurreko apirilean, AEBetako Justizia Departamentuak hala eskatuta.