NBE Nazio Batuen Erakundeak Dohan (Qatar) egin zuen, iazko abenduan, klima aldaketari buruzko azken goi bilera. Bilkura hasi baino ordu batzuk lehenago, Bopha izeneko tifoiak Filipinetako Mindanao uhartea jo zuen eta 1.000 hildako baino gehiago eragin. Bihar, klimari eta kutsadurari buruz hitz eginen dute berriro mundu osoko ordezkari politikoek NBEk Varsovian eginen duen goi bileran, eta Haiyan tifoiak eragindako triskantza hizpide izanen dute.
Iragan den abenduan bezalaxe, klima aldaketa gelditzen laguntzeko eskatuko die Filipinetako Gobernuko ordezkari Naderev Sañok gainontzeko herrialdeetako ministroei. Eta orduan bezala, herrialde aberatsenek —gehien kutsatzen dutenek— entzungor eginen diotela uste dute mundu osoko erakunde ekologistek.
Izan ere, ikerketa zientifiko anitzek frogatu dutenez, ekaitz tropikalak itsasoaren tenperatura berotutakoan sortzen dira, eta azken urteetan, ugaritu egin dira kutsaduraren ondorioz. Horren karira, eztabaida garratza izan zuten iaz Manilako eta Washingtongo ordezkariek. «Tifoi bakoitzak eragiten dituen kalteen ondorioz, gure ekonomiaren %5 galtzen dugu urtero, eta ez dugu inolako laguntzarik jaso geure burua behar bezala prestatzeko eta ekaitzei aurre egiteko. Herrialde aberatsek ez dute dirurik eman nahi, eta horrek alde handiak sortzen ditu», salatu zuen Filipinetako Gobernuak. Alferrik izan zen, AEBek, Txinak, Errusiak, Japoniak eta Kanadak uko egin baitzioten Kyotoko ituna 2020ra arte luzatzeko hitzarmena sinatzeari. Aurten ere, klima aldaketa gelditzeko «borondate politikorik» ez duela ikusten esan dio Sañok The Guardian egunkariari.
Manilak ez du klima aldaketa gelditzeko borondaterik ikusten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu