Latinoamerika

Maputxe baten hilketak protestak eragin ditu Txilen

Camilo Catrillancaren hilketa dela eta, lau polizia kargugabetu dituzte.

Astelehenean Santiagon egindako protesta. ALBERTO VALDES / EFE
Igor Susaeta.
2018ko azaroaren 22a
12:38
Entzun

Txileko futbol selekzioak ere bat egin du protesta horiekin. Munduko Koparako sailkapen faseko partida jokatu zuen Hondurasen kontra atzo Santiagon, eta, federazioaren baimenik ez edukita ere, partida hasi aurretik minutu bateko isilunea egin zuten bi selekzioetako jokalariek. Jean Beausejour Txileko selekzioko jokalariaren amak jatorri maputxea du, eta, horregatik, amaren abizena, Coliqueo, jarri zuen atzo elastikoaren atzealdean.

Catrillanca joan den hilaren 14an hil zuten Temucuicui komunitate maputxean. Bertsio ofizialaren arabera, Poliziaren agente batzuk autoak lapurtzen dituzten sare bateko kideei jazarka ari zitzaizkien, eta, ondoren, elkarri tiro egiten hasi ziren. Catrillanca traktore bat gidatzen ari zen orduan, eta bi tirok harrapatu zuten. Catrillanca maputxeen lider baten biloba zen.

Maputxea hil eta berehala hasi ziren protestak Txilen. Giza eskubideen aldeko taldeek Poliziaren gehiegikeriak salatu dituzte, eta jokaleku horren barruan kokatu dute Catrillancaren hilketa. Eta protestak areagotu dira, Txileko Gobernuak onartu duelako Polizia operazioaren bideoa ezabatu zutela agenteek. Horren ondorioz, lau polizia kargugabetu dituzte. Gertatutakoa ikertzen ari da fiskaltza. Andres Chadwick presidenteordeak esan du "onartezina" dela grabaketarekin gertatu dena. Estatuaren eta maputxeen arteko harreman berez tentsoak are gehiago gaiztotu ditu gertaerak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.