Igande goizean zabaldu zen albistea sare sozialetan. Maria Corina Machado, chavismoaren aurkari sutsuenetako bat, bueltan zen. Santa Rosa herriko eliza batean agertu zen, Lara estatuan, sareetan herrialdean zela jakinarazi ostean. Ez zuen azalpen gehiagorik eman, baina aski izan zen mezu bakar bat oposizioko buruaren jarraitzaileak kalera irteteko.
Autoz egin ditu Machadok Santa Rosa eta Caracas arteko 540 kilometroak, militantez inguratuta. Hamar ordu behar izan ditu hiriburura heltzeko, eta bidean oposizioaren aldeko oihuak eta hauteskundeak egiteko eskariak izan dira nagusi.
«Beti gogoratuko dugu egun hau. Elkarrekin amaituko ditugu lanak», esan du Machadok hiriburura heldutakoan. Oposizioko adarrik gogorrenetarikoaren ordezkaria da Machado. Haren alderdiak, Vente Venezuelak, Nicolas Maduroren aurkako esku hartze militar baten alde zegoela iradokia zuen presidentea agintean zela, eta Machadok berak urratsa egiteko eskatu zien AEBei.
Baina urtarrilean, AEBek Maduro boteretik indarrez kendu zutenean, Delcy Rodriguezek hartu zuen agintea, Maduroren presidenteorde izandakoak. Oslon zen orduan Machado, Bakearen Nobel saria jasotzera joana.
Geroztik elkarrizketak abiatu dituzte gobernuak eta oposizioak, baina Vente Venezuela negoziazio horietatik kanpo geratu da orain arte. Hain zuzen ere, elkarrizketen laugarren saioa amaitu eta lau egunera itzuli da oposizioburua herrialdera. Negoziazio horietan parte hartzen ari diren oposizioko kideen ordezkari Dinorah Figueraren esanetan, elkarrizketen «arrakastaren erakusgarri» da Machado herrialdera «aske» itzuli izana.
Maduro agintean zenean Machadoren aliatu nagusietako bat izan zen egun AEBetako presidentea dena, Donald Trump. Urtarrilaz geroztik, ordea, Etxe Zuriak nahiago izan du Rodriguezekin harremanak estutu. Atzo itzuleraren berri galdetuta ere, Trumpek ez zion garrantzi berezirik eman albisteari, eta soilik esan zuen espero zuela Machado «onik» egongo zela.
Trantsizioa
Venezuelako Gobernuaren eta oposizioaren arteko elkarrizketak hasi zirenetik hauteskundeak noiz egingo zain daude asko. Rodriguezek, ordea, ez du bozetarako egunik jarri. Oposizioko jarraitzaile askorentzat, baina, bozak gertu egon litezkeen seinale da Machadoren itzulera, nahiz eta oposizioko buruak horren inguruko hitzik esan ez.
Madurekiko kritiko zirenetako askok uste zuten AEBen esku hartzearen ostean erabateko aldaketa helduko zela herrialdera, eta euren itxaropena zapuztu egin zen Rodriguezek aginteari eutsi zionean, bozetarako egunik jarri gabe. Oposizioaren eta gobernuaren arteko elkarrizketak ere luze doaz horietako askorentzat, eta Figuera buru duen ordezkaritza «motelegi» ari dela uste dute.