Maricarmen Abascal hil da, haren etxegabetzeak Espainian haserrea piztu eta bi astera

Hura kaleratu zutela-eta piztu dira etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazio handiak. Erietxean zen etxegabetu zutenetik; 87 urte zituen.

Maricarmen Abascal, iazko urrian, bere etxeko atarian. SERGIO PEREZ / EFE
Maricarmen Abascal, iazko urrian, bere etxeko atarian. SERGIO PEREZ / EFE
Maite Asensio Lozano.
2026ko urriaren 7a
20:59
Entzun 00:00:00 00:00:00

Haren kasuak piztu zuen haserrea: haren irudia, etxetik kanporatu berritan anbulantziara sartzen zutela, injustiziaren sinbolo bihurtu zen; haren izena jarri zieten Espainiako Gobernuaren bi dekretuei; eta, hain justu, etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorrak forma eta data hartu duen egunean iritsi da haren heriotzaren berri. Maricarmen Abascal hil egin da gaur, 87 urterekin, Madrilgo Maizterren Sindikatuak jakinarazi duenez. Irailaren 23tik zegoen ospitaleratuta, bere Madrilgo etxetik bota zutenetik.

Duela lau urte jo zuen andreak sindikatura laguntza bila: 70 urte zeramatzan Retiro auzoko etxe batean bizitzen, baina bizitokiaren jabetza zuen enpresak, Urbagestionek, bota egin nahi zuen: alokairuan 2.650 euro ordaintzeko eskatu zion, nahiz eta emakumeak 1.400 euroko pentsioa jasotzen zuen. %50eko mendekotasuna zuen, zaurgarria zen, baina hainbatetan saiatu ziren hura egozten; orain bi aste lortu zuten, eta sekulako haserrea piztu zen batik bat Madrilen: Sol plazan kanpatu zuten ehunka lagunek. Ordutik, mobilizazio jendetsuak izan dira Espainiako txoko ugaritan, baita Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan eta Galizian ere.

Maizterren sindikatuak «torturatzat» hartu izan du haren aurkako prozesua, eta Maricarmen Abascalek berak erietxetik berretsi zuen oso ahul zegoela, ia ibili ezinda. Hala ere, borrokan jarraitzeko deia egin zuen handik igorritako mezuetan: «Protestan atera behar da jendea. Lehen kandela piztuko duen metxa izan naiteke, baina kandela asko etorri behar dira ondoren». Borrokaren bidez lortu baitzuten Urbagestionek atzera egitea eta etxera itzultzen uztea; baina ezingo da bueltatu.

Andrearen heriotzak, etxegabetzeak bezala, samina eta haserrea eragin du. Elkartasun mezu ugari agertzen ari dira sare sozialetan, tartean Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearena: «Eta besarkada bat gaur galera hau propiotzat sentitzen dutenentzat». Kalean ere agerikoa da sumindura: Solen akanpatuta zeudenak manifestazioan joan dira Espainiako Kongresuko egoitzara, protestan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA