Marine Le Penek etorkizun politikoa jokoan du Parisko Dei Auzitegian

Europako Parlamentuko funtsak desbideratzeagatik erruduntzat jo zuten iazko martxoan. Dei Auzitegiak epaia berresten badu, ez da aurkezten ahalko 2027ko Frantziako presidentetzarako hauteskundeetara.

Marine Le Pen RNko buruzagia, Parisko Auzitegi Korrekzionalean. TERESA SUAREZ / EFE
Marine Le Pen RNko buruzagia, Parisko Auzitegi Korrekzionalean. TERESA SUAREZ / EFE
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko urtarrilaren 13a
10:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frantziako presidente izan nahi zuen, baina baliteke aurkezteko ere aukerarik ez izatea. Marine Le Pen Batasun Nazionaleko (RN) buruak bere etorkizun politikoa jokatuko du Parisko Dei Auzitegian, gaur hasi eta otsailaren 12a arte. Iazko martxoan erruduntzat jo zuten lehen instantzian, Europako Parlamentuko funtsak bidegabe erabiltzeagatik, eta inhabilitatu egin zuten. Eskuin muturreko buruak helegitea jarri ondotik, berriz aztertuko dute kasua. 2027ko Frantziako presidentetzarako hautagai izatea dago jokoan. 

Lau urteko espetxe zigorra ezarri zioten Le Peni, horietako bi gibelapenarekin, eta 100.000 euroko isuna ere bai. Akusazioaren arabera, alderdiko langileak ordaintzeko erabili zuten Europako Parlamentuak eurodiputatuentzako laguntzaileak kontratatzeko emandako dirua. Epaileek zehaztu zutenez, 4,6 milioi euro desbideratu zituen alderdiak hiru legegintzalditan, 40 kontraturen bidez. Europarlamentuaren arabera, 6,8 milioi desbideratu zituen RNk alderdiko langileak ordaintzeko.

Le Penez gain, alderdiko beste 23 kide ere erruduntzat jo zituen epaitegiak; orotara, hamabi dira helegitea jarri dutenak.

RNko buruak errugabea dela errepikatu du behin eta berriz, eta «auzi politikoa» dela salatu zuen iazko martxoan. Ez dirudi defentsa estrategia aldatuko duenik ondoko asteetan. Frantziako hedabideetan zabaldutakoaren arabera, baina, alderdi barruan ez dute esperantza handirik epaitegiak bestelako erabaki bat har dezan. Uda gabe espero da epaimahaiaren ebazpena.

Parisko Dei Auzitegiak Le Penen inhabilitazioa berresten badu, Jordan Bardella izanen da ezbairik gabe eskuin muturrak heldu den urteko hauteskundeetara aurkeztuko duen hautagaia. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.