Martxa loialista bati desfilatzeko baimena eman diotela eta, tentsioa sortu da Ipar Irlandan

Azken ia hiru hamarkadetan lehen aldiz, loialistak gehiengo errepublikanoko gune batetik desfilatzen ahalegindu dira, Desfileen Batzordearen oniritziarekin. Errepublikanoek martxa blokeatu dute.

Martxa loialista ezkerrean, atzo, Portadownen. THE BELFAST TELEGRAPH
Martxa loialista ezkerrean, atzom Portadownen. THE BELFAST TELEGRAPH
Igor Susaeta.
2026ko irailaren 28a
11:11
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ia 30 urteren ondoren, gehiengo errepublikanoko gune batetik desfilatzeko baimena eman zioten atzo loialisten talde bati, eta horren ondorioz tentsioa sortu da Ipar Irlandan. Loialistek, baina, ezin izan zuten Garvaghy Roaden barrena desfilatu Portadown herrian, ehunka errepublikanok martxa blokeatu baitzuten hainbat orduz.

Ipar Irlandako Desfileen Batzordeak baimendu zuen martxa. Talde errepublikanoek erabaki horren kontrako helegiteak jarri zituzten, baina, atzo goizaldean, Belfasteko Auzitegi Nagusiak oniritzia eman zion martxari. Hori blokeatu zutenen artean zegoen atzo Mary Lou McDonald Sinn Feineko presidentea, zeinak «erokeriatzat» jo baitzuen desfileen batzordearen erabakia. 

«Bere senean dagoen inork ez luke erabaki hori hartuko. Oraindik ez naiz gai ondoko galdera hau erantzuteko: desfileen batzordeak zergatik erabaki du, 28 urtez martxa hori debekatua egon ondoren, iskanbila hau komunitate honetara ekartzeko garai egokia zela?», nabarmendu zuen McDonaldek. Kontuan hartu behar da Drumcreeko martxak istilu larriak eragin zituela 1990eko hamarkadan errepublikanoen eta loialisten artean.

Baina Ostiral Santuko Akordioa sinatu zuten 1998an, jarri zuten gatazka konponbidean, eta desfile hori antolatzeari utzi zioten. Portadownek gehiengo loialista du, baina Garvaghy Roaden bizi diren gehienak errepublikanoak dira. Michelle O'Neill Ipar Irlandako gobernuburua ere Portadownera joan zen, eta azpimarratu zuen batzordearen erabakiak zalantzan jartzen duela bake prozesua.

DUP Alderdi Demokratiko Unionistako lider Gavin Robinsonek O'Neill kritikatu zuen, eta egotzi zion «auzitegiak, Polizia eta zuzenbide estatua gutxiestea». Micheal Martin Irlandako Errepublikako lehen ministroaren esanetan, «ulertezina» da batzordearen erabakia. Andy Burnham Erresuma Batuko lehen ministroak, bestalde, lasaitasuna eskatu zien alde guztiei.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA