Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidenteak autodeterminazio eskubidea «askatasunez eta beldurrik gabe» erabiltzeko deia egin die herritarrei. Haren esanetan,Espainiak ezingo du armarik erabili herritarren gehiengoak babesten duen prozesu subiranoa gelditzeko: «Herri bat ezin da isilarazi beldurra erabiliz. Bide hori beste garai batzuetakoa da». Generalitateko hauteskundeetara ofizialki deitzeko dekretua sinatu ondoren egin zituen hitz horiek Masek.
Horrez gain, adierazi du egungo galdeketen legea baino anbizio handiagoko beste bat proposatuko dutela Kataluniako Parlamentuan. Horren aurrean, estatuak «heldutasunez» jokatzea espero du Masek, eta hauteskundeak modu baketsuan egin ahal izatea: «Ez goaz inoren kontra, gure etorkizuna prozesu propio baten bidez eraikitzera baizik».
Pere Navarro PSCko presidentegaiak, berriz, iragarri du hauteskundeen ondoren eredu federalaren aldeko urratsak egingo dituela bere alderdiak. Azaroaren 25eko bozen ostean, PSCk emango duen «lehen pausoa» izango da Kataluniako Parlamentuan Espainiako Konstituzioaren aldaketa bat proposatzea. Hark proposamena ontzat joz gero, eskaera bera aurkeztuko du Kongresuan. Navarroren arabera, autonomien eredua «amaituta» dago. PSCk igandean hautatu zuen Navarro lehendakarigai, Kontseilu Nazionalaren %73ko babesarekin. Beste hautagai Montserrat Turak %27ko atxikimendua lortu zuen.
Alfredo Perez RubalcabaPSOEko idazkari nagusiak babesa erakutsi dio PSCren proposamenari, eta gogorarazi du konstituzioa ez dela «aldaezina»: «Konstituzioek garaietara egokitu behar dute. Ez diezaiogun beldurrik izan konstituzioari buruz hitz egiteari. Eredu federal baterantz aldatu behar dugu». PPCko presidente Alicia Sanchez-Camachoren ustez, PSCren proposamen guztiak «hilda» jaiotzen dira: «PSCk ez du ez proiekturik, ezta alternatibarik ere; alderdi barruan ere babesik ez duen hautagai ahul bat besterik ez du».
Masen ustez, Espainiak ezingo du Kataluniako prozesua armekin gelditu
Azaroaren 25eko bozen ondoren PSCk eredu federalaren aldeko urratsak egingo dituela iragarri du Navarrok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu