AEB

McConnellek Trump errugabetzearen alde egingo duela jakinarazi du

Errepublikanoen Senatuko liderrak jarrera bera hartzera deitu ditu bere alderdikideak. Oraingoz, demokratek ez dute lortu AEBetako presidente ohia Kapitolioaren aurkako erasoaren arduradun jotzeko nahikoa babes.

Mitch McConnell Alderdi Errepublikanoaren Senatuko liderra, gaur, ganberan. SHAWN THEW, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko otsailaren 13a
17:32
Entzun

Donald Trump AEBetako presidente ohiaren kontrako epaiketa politikoa azken txanpan sartu da. Haren kontrako akusazioak eta defentsak beren azken argudioak aurkeztuko dituzte gaur Senatuan, eta ondoren auziaren gaineko azken erabakia hartu beharko du ganberak. Oraingoz, Trumpen aldera okertuta dago balantza. Hura matxinada bat bultzatzeagatik errudun jotzeko, bi hereneko gehiengoaren adostasuna behar du Senatuak, eta horrek esan nahi du hamazazpi senatari errepublikanok bozkatu beharko luketela AEBetako presidente ohiaren kontra, ordezkari demokratez gain. Oraingoz, azken horiek ez dute halako babesik lortu, eta Mitch McConnel errepublikanoen Senatuko buruak Trump errugabetzearen alde bozkatuko duela jakinarazi du gaur. Jarrera bera hartzera deitu ditu alderdikideak.

Saioa hasi eta gutxira, ustekabea gartatu da. Trumpen kontrako bigarren impeachment-agaur amaitzea espero zuten askok, eta hala ez zela izango pentsatzera bultzatu du Senatuak hartu duen erabakiak, auzira lekuko gehiago deitzea onartu duenean, demokraten eta bost senatari errepublikanoren babesarekin. Azkenean, baina, atzera egin du ganberak, eta epaiketak aurrera jarraituko du lekuko gehiago deklaratzera deitu gabe.

Akusazioak eta Trumpen defentsak akordioa lortu dute azken puntu horren gainean: demokratek eskatu bezala, Jaime Herrera Beutler kongresukide errepublikanoaren testigantza gehituko dute epaiketan orain arteko bildutako probetara, baina, defentsak nahi bezala, lekuko gehiagok deklaratu gabe, eta, beraz, prozesua gehiago luzatu gabe.

Herrera Beutlerrek atzo adierazi zuenez, Kevin McCarthy errepublikanoen Kongresuko buruak esan zion Trump Kapitoliora sartu ziren erasotzaileekin lerratu zela, urtarrilaren 6an, erasoaren egunean, McCarthyrekin berarekin izan zuen telefono dei batean. Haren arabera, dei horretan, Trumpek uko egin zion erasotzaileei Kapitoliotik irteteko eskatzera eta erasoa bertan behera uzteko exijitzera. «Badirudi hauteskundeengatik zu zaudena baino haserreago daudela», esan omen zion presidente ohiak kongresukide errepublikanoari.

Akusazioak bideokonferentzia bidezko galdeketa bat eskatu du Herrera Beutlerrekin. Raskinen iritziz, haren lekukotza «ebidentzia baieztatzeko beste pieza erabakigarri bat» izango da.

Trumpen abokatu Michael van der Veenek salatu egin du lekuko gehiago deitzeko aukera onartu izana, eta ehun lekuko deitzearekin egin du mehatxu. «Orain azken argudioak entzuteko unea da, kontzientziaren arabera bozkatzekoa». Azkenean, erdibideko akordio batekin itxi dute eztabaida, eta impeachmentak aurrera jarraituko du, azken bozketa ez luzatze aldera.

Herrera Beutlerrek ohar bat kaleratu du Trumpen eta McCarthyren arteko elkarrizketa horren lekuko izan zirenei mintzatu daitezela eskatzeko. «Ezer gehitzeko baldin baduzue, orain da garaia».

Bigarren 'impeachment'-a

AEBetako presidente ohia parlamentuak bi aldiz epaitu duen lehen agintaria bilakatu da. Iragan urtean egin behar izan zion aurre lehen epaiketari, «botere abusua eta Kongresuaren lana oztopatzea» leporatu ziotenean, baina Senatuak errugabea zela bozkatu zuen; besteak beste, Alderdi Errepublikanoak zuen gehiengoari esker. Aurten, berriz, Kapitolioko istiluetan ustez izan duen rolaren harira izan da.

Epaiketa politikoan, akusazioak argudiatu du iragan hilabetekoa «antolatua» izan zela, azaroko presidentetzarako hauteskundeak baino «bost-sei hilabete lehenago hasita». Jamie Raskin kongresukideak esan du Trump «komandante burua izatetik bultzatzaile burua izatera pasatu» zela; agintari ohiaren defentsak, berriz, adierazpen askatasunean jarri du arreta bezeroaren jarrera azaltzeko.

Trumpen kontrako epaiketan, Kapitolioaren kontrako erasoaren irudiak egin ditu publiko akusazioak, orain arte argitaratu gabeak. Bideo horietako batean, Kapitolioko Poliziak Mike Pence AEBetako presidenteorte ohia eta haren familia babesera nola eraman zituzten ikusten da, erasotzaileetako batzuek hura urkatzeko eskatzen zuten bitartean. Urkamendi bat ere prest zuten manifestariek, erakinaren kanpoaldean.

Senatuak Trump errudun joko balu, presidente ohiak kargu politikoak hartzeko debekua izango luke, eta ezingo luke presidentetzarako hurrengo bozetara aurkeztu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.