Mediterraneoa Artikora eramatea

Donald Trumpek Groenlandiarako aurreakordio bat lortu duela jakinarazi badu ere, ez dago edukiari buruzko xehetasun ofizialik. Filtrazioen arabera, Erresuma Batuak Zipren dituen lurraldeak eredutzat hartu dituzte AEBen nahia asetzeko.

Erresuma Batuko armadako hegazkin bat Akrotiriko base militarrean lur hartzear, Zipren. KATIA CHRISTODOULOU / EFE
Erresuma Batuko armadako hegazkin bat Akrotiriko base militarrean lur hartzear, Zipren. KATIA CHRISTODOULOU / EFE
mikel rodriguez
2026ko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trump AEBetako presidenteak erran eta erran egin zuen ez zuela onartuko Groenlandiaz jabetzea ez zen bertze deus, baina joan den asteazkenean Davosen (Suitza) jakinarazi zuten aurreakordio antzeko horri buruz adierazitakoetan ez da halakorik ageri. Munduko Ekonomia Foroan eman zuten horren berri, eta, Trump pasabidean oinez zihoala, kazetariek argibideak eskatu zizkioten. «Estatu Batuak Groenlandiaz jabetzea bildu al du, zuk nahi zenuen bezala?», galdetu zion CNNko berriemaileak. Galdera aditzean, Trumpi jarioa moztu zitzaion, burua okertu zuen, eta hasperen egin. Miztoa ez zuen ohi bezain agudo paratu dantzan. «Epe luzeko akordio bat da», erantzun zuen. Xehetasun ofizial gutxi eman dituzte, baina, filtrazioen arabera, Mediterraneo epelean aurkitu dute Trump Artikoarekin hozteko konponbidea.        

The New York Times egunkariak argitaratu zuen lehenik, herenegun: Erresuma Batuak Zipren dituen base militarren eredua eskaini diote Trumpi. AEBek badute base militar bat Groenlandian 1951z geroztik, eta, Danimarkarekin ordutik duten hitzarmenaren arabera, gehiago ere eraiki ditzakete. Zipreko eredua aplikatuz gero, ordea, aldea nabarmena litzateke: eraikiko lituzketen baseen inguruko lurren burujabetza AEBen eskuetara pasatuko litzateke. Alegia, Groenlandiaren zati batzuk, Groenlandiaren eta Danimarkako Erresumaren parte izateari utzi, eta AEBetako lurralde bihurtuko lirateke. Marrazoek baleekin egiten dutena: handiegiak direnez eta osorik ehizatu ezin dituztenez, ausikiak kentzen dizkiete.

Formula neokolonial gordin bat litzateke hori, inspirazioa kolonialismo gordinean baitauka. Erresuma Batua 1878an jabetu zen Ziprez; Otomandar Inperioko lurraldea zen, eta Erresuma Batuak ordain gisa exijitu zion, Errusiako Inperioaren kontrako gerran emandako laguntzarengatik. Uharteak 82 urte egin zituen Londresen menpeko kolonia gisa, eta, gatazka armatu baten ondoren, Erresuma Batuak independentzia onartu zion 1960an. Hala ere, bidesari bat paratu zion: uhartearen azaleraren %3k Erresuma Batuaren menpe segituko zuen. Elkarrengandik bereiz dauden bi eremu ziren, hego-mendebaldeko kostan bata, eta hego-ekialdekoan bertzea, eta bi base militar eraiki zituzten han: Akrotiri eta Dhekelia. 

AEBek 1903az geroztik badute antzeko base militar bat bertze uharte batean: Guantanamo, Kubaren hego-ekialdean. AEBek eremu hori erabat kontrolatu dute ordutik, baina nazioarteko burujabetza aitortua Kubarena da. Hain zuzen, Washingtonek paradoxa juridiko hori baliatu zuen mende honen hasieran, Afganistanen gatibu hartutako jendea Guantanamora eraman eta horiei AEBetako jurisdikzioa ez ezartzeko. Erresuma Batuak, ordea, Zipren ezinen luke hori egin, Akrotiri eta Dhekelia Itsasoz Haraindiko Lurralde gisa integratuak baititu koroan —Malvinek, Gibraltarrek edo Kaiman uharteak duten estatus berbera—.      

Burujabetza, baina baldintzekin

Londresek eta Nikosiak hitzarmen baten bidez mugatu egin zuten Erresuma Batuak zer egin dezakeen eta zer ez. Errate baterako, erabilera militarra bakarrik eman diezaieke bi lurraldeei, ezin du bizitoki edo komunitate iraunkorrik sortu, ezin du aireportu eta portu zibilik eraiki, eta ezin du aduanarik ezarri Zipreko Errepublikarekin dituen mugetan. Baina bi eremuek Erresuma Batuaren menpeko izaten segituko dute, ez bada Londresen gobernuren batek borondate onez erabakitzea Zipreri emanen dizkiola, edo Ziprek inoiz indarrez hartzen ez baditu.  

Hala ere, Zipreren eta Groenlandiaren arteko aldeak nabarmenak dira, eta ez kliman bakarrik: Mediterraneokoa gerra zibil baten ondorioz de facto bi estatu independentetan banatuta dagoen uharte bat da, txikia eta hagitz populatua; Artikokokoa bertze herrialde baten menpeko lurralde autonomoa da, eta, munduko uharterik handiena izan arren, hagitz biztanle gutxi ditu. Bertze diferentzia nabarmen bat: Ziprek independentziarako ordain gisa onartu zuen territorioaren parte bati amore ematea, Bigarren Mundu Gerraren ondorengo deskolonizazioen aroan; Groenlandiak, aldiz, herrialde boteretsu bateko presidente baten apeta soila asetzeko eman beharko luke, 2026. urtean.

«Ezin ditugu marra gorriak gurutzatu», ohartarazi zuen Jens-Frederik Nielsen Groenlandiako lehen ministroak, Trumpek aurreakordioa jakinarazi ondotik. «Groenlandiaren lurralde batasuna errespetatu behar da, nazioarteko legedia errespetatu behar da, baita burujabetza ere». Aurreakordio horren inguruko xehetasunik ez zuela erran zuen Nielsenek, baina ziurtatu zuen ez dela erabakirik hartuko Groenlandiaren eta Danimarkaren onespenik gabe.      

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.