«Negoziazioak aurrera doaz», «elkarrizketak eraginkorrak izaten ari dira»... Errepikatuaren errepikatuaz, egia dela sinetsarazi nahian ari dira, baina bistakoa da AEBen eta Iranen arteko negoziazioek ez atzera ez aurrera jarraitzen dutela. Washingtonek erabili ditu mehatxuak, hautsi du berak ezarritako su etena, eta Teherani akordio bat «berehala» sinatzeko exijitu ondoren, esan du «pazientzia» duela. Baina gaur-gaurkoz akordiorik ez dago. Pete Hesgeth Pentagonoko buruak berriz ere mehatxu egin du gaur: AEBak prest daudela gerrari berriz ekiteko. Eta tonua apaldu du gero: Donald Trump AEBetako presidenteak «akordio on bat» egin nahi duela, eta itxaroteko prest dagoela.
Teheranek, ordea, itxaroteko ez, ekintzetara igarotzeko eskatu dio Etxe Zuriari. Mohammad Bagher Ghalibaf Irango Parlamentuko presidenteak atzo azaldu zuenez, akordio bat sinatzeko orduan, Teheranek AEBen ekintzak hartuko ditu kontuan, eta ez hitzak. Iran ez dago urratsik egiteko prest, aurrez Washingtonek ez badu pausorik ematen. Atzo, Trumpek iragarri zuen bertan behera utziko zuela Irango portuei ezarritako blokeoa, eta segidan Teherani zenbait eskakizun egin zizkion. Esan zuen, besteak beste, Iranek inoiz arma nuklearrik ez edukitzeko konpromisoa hartu behar duela, Ormuzko itsasartea ireki beharko duela, eta han ezingo duela bidesaririk kobratu, eta pasabide horretan dauden mina guztiak kendu beharko dituela.
Bada, gaur Iranek AEBetako presidenteari leporatu dio «gehiegizko» eskakizunak egitea, eta portuei ezarritako blokeoa ez etetea —Iranera zihoan ontzi bati eraso egin dio gaur AEBetako armadak—. Mohsen Rezaei Irango lider goren Mojtaba Khameneiren aholkulariak ohar batean kritikatu duenez, Trumpek «diplomaziari traizio egin» dio, eta horregatik daude negoziazioak ez atzera eta ez aurrera.
Herenegun, AEBetako hedabideek, Etxe Zuriko iturriak aipatuz, kaleratu zuten Washingtonek eta Teheranek aurreakordio bat adostu zutela, menia 60 egunez luzatzeko, eta behin betiko akordio bat negoziatu ahal izateko. Baina zehaztu zutenez, Trumpen oniritzia falta zen. Atzo, Etxe Zuriko maizterrak «azken erabakia» hartzeko bilera bat egin zuen, baina bilkura amaituta ere ez zuen berririk eman aurreakordioari buruz. Teheran argiagoa izan zen, eta ziurtatu zuen ez zirela ados jarri.
Israel, Libanoko «historia ezabatzen»
Iranen bezala, Libanon ere, gaur-gaurkoz, su etena indarrean dago. Israelek, ordea, menia urratzen jarraitzen du, eta gutxienez hamasei pertsona hil ditu azken 24 orduetan. Libanoko Osasun Ministerioak gaineratu duenez, beste 34 pertsona zauritu dituzte eraso horietan, eta jada 3.300 baino gehiago dira martxoaren hasieratik hildakoak.
Nawaf Salam Libanoko lehen ministroak salatu du Israel egiten ari dena ez dela Libanoren subiranotasunaren urratze hutsa, herrialdearen «historia ezabatzen» ari dela. Gaur emandako prentsaurreko batean azaldu duenez, Israelgo armada Libano hegoaldea «erabat suntsitzen» ari da. Tel Avivek Libanoko hegoaldea inbaditu du Hezbollah milizia xiitari aurre egiten ari dela argudiatuta. Gainera, azken egunetan are eta gehiago zabaldu du «gatazka eremu» deitzen diona. Milioi bat libanoarrek baino gehiagok beren etxeak utzi behar izan dituzte azken hilabeteetako erasoengatik.