Mekari eraso egiten saiatu izana leporatu die Saudi Arabiak huthiei

Riadek jakinarazi du droneak eraisteko gai izan dela eta, beraz, ez dutela islamaren hiri sakratua jo. Huthiek salaketa ukatu dute.

Kaaba santutegia, Mekan. BERRIA
Kaaba santutegia, Mekan. BERRIA
Iraia Leon Pego
2026ko irailaren 16a
16:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Yemengo matxino huthiak Meka jotzen saiatu direla salatu du gaur Riadek. Saudi Arabiako armadako bozeramaile Turki al-Malilik eman du erasoaren berri, eta azaldu du defentsa sistemek droneak atzeman eta eraitsi egin dituztela. X sare sozialean zabaldu du erasoaren inguruko informazioa, eta gehitu du Yemengo milizia xiitaren helburua zera zela: «meskita santua bisitatzen duten erromesak izutzea» eta «milioika musulmanen sentimenduak mintzea».

Saudi Arabiak, gainera, ohartarazi du ez duela zalantzarik izango huthien aurka «beharrezko disuasio neurriak» hartzeko, eta azpimarratu du Mekaren gisako leku sakratu bat jotzea «marra gorri bat gurutzatzea» izango litzakeela. Izan ere, Meka islamaren hiririk sakratuena da, eta bertan dago Kaaba, musulmanek otoitzean erreferentziatzat hartzen duten santutegia.

Riadek akusazioak egin ondoren, huthien buruzagiek ukatu egin dute drone horiek Mekara jaurti izana. Tartean, Yahya Saree arduradun militarrak salaketa gezurtatu du: «Ez dago inolako arriskurik gune santuetan. Gure operazioak petrolio instalazioetara eta gune militarretara bideratzen ditugu, eta horiek leku santuetatik urrun daude», azaldu du agerraldi batean. Hala, milizianoak «gezur fabrikatzailetzat» jo du Saudi Arabia.

100.000

Zenbat pertsonak egin duten ihes Yemengo gatazkatik. Nazio Batuen Erakundearen arabera, 100.000 lagun baino gehiago lekualdatu dira azken asteetan Yemenen, huthien eta nazioartean aitortutako gobernuaren aldeko indarren arteko borroken ondorioz.

Saudi Arabiako Ministroen Kontseiluak, bestalde, atzo nabarmendu zuen «eskubide legitimoa» dutela huthiek bere lurraldearen aurka egiten dituzten erasoetatik defendatzeko, eta «beharrezkoa dena» egingo dutela «huthien jarrera terrorista geldiarazteko». Azken asteetan Riaden eta Yemengo matxinoen arteko erasoak ugaritu egin dira.

Esate baterako, huthiek igandean jakinarazi zuten «dozenaka misil eta drone» jaurti zituztela aire base baten aurka, eta adierazi zuten ez zituztela erasoak etengo Riadek Yemenen operazioak egiteari utzi arte —Saudi Arabiak 2015etik parte hartzen du Yemengo gerran, nazioartean aitortutako gobernuaren aldeko koalizio militarrean—.

Arriskuak nazioarteko merkataritzan

Bestalde, herrialdeko Informazio Ministerioaren arabera, Yemengo koalizio indarrek huthien gune militarrei eraso egin diete gaur bertan, Dhubaben, Bab al-Mandeb itsasartearen iparraldean. Itsasarte hori kokaleku estrategiko bat da nazioarteko merkataritzarako, eta Ormuzko itsasartearen blokeoak, gainera, horren garrantzia handitu du azken hilabeteetan.

Hortaz, egoeraren okertzeak kezka piztu du nazioartean ere, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak atzo ohartarazi zuen Yemengo gatazkaren areagotzeak arriskuan jar ditzakeela Itsaso Gorriko segurtasuna eta Bab el-Mandeb itsasartearen egonkortasuna. Hala, NBEk atzo nabarmendu zuen ezinbestekoa dela gatazkak nazioarteko itsas trafikoan eragin handiagorik ez izatea.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA