Bilobak fundazioko kidea

Flor Bellingeri: «Memoria abiapuntua da»

Maiatzeko Plazako Amonek eta Amek Argentinan memoria, egia eta justizia lortzeko egindako bidean, Bilobak fundazioa sortu zen 2019an. Bellingeriren esanetan, erronka eta planteamendu berriak dituzte.

Flor Bellingeri. CECILIA VALDEZ.
Flor Bellingeri. CECILIA VALDEZ.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2026ko martxoaren 24a
11:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Flor Bellingeriren (28 urte) aitona, Hector Anibal Bellingeri El Bochi, desagertu egin zen Argentinako diktaduran, eta gaztea Bilobak fundazioaren parte da orain. Giza eskubideen aldeko erakunde bat da fundazio hori, 2019an sortua, eta herrialdeko zenbait tokitan du egoitza. Aurrez Maiatzeko Plazako Amona eta Amek eta desagertutakoen senitarteko eta seme-alabek egin bezala, bilobek ere erabaki dute ekinean hasi eta memoriaren, egiaren eta justiziaren alde borrokatzea. Nolanahi ere, ohartarazi dute genero agenda ere lehenetsiko dutela, gaurko garaietara egokituta eta erakundearen izenetik bertatik hasita —gaztelaniaz Nietes baitute izena—. BERRIArekin hizketan hasi denean, Bellingerik argitu du ez zaiela gustatzen indibidualizatzea: «30.000 desagertuak denoi falta zaizkigu eta».

Nola sortu zen Bilobak?

2019an, Mauricio Macriren agintaldi betean, politika negazionistak sortzen hasi ziren, eta zuzenean eragiten zieten gobernu kirchneristetan giza eskubideen alde bultzatutako politikei —haiekin hazi ginen gu—. Orduan, lehen aldiz sentitu genuen propio egindako eraso bat zela, eta denen ongizatearen inguruan nolabaiteko interes falta zegoela; horrek bultzatu gintuen pausoa ematera. Orduan hasi ginen erabakitzen nola esku hartuko genuen gertatzen ari zen horretan, eta, justu aurkezpen ekitaldia egin nahi genuenean, pandemia iritsi zen, eta Amek eta Amonek eskatu ziguten etxean geratu eta dena bertan behera uzteko, batez ere haiek zaintzearren.

Nolakoa izan zen aitona desagertuta zegoela haztea?

Etxean inoiz ez dugu atsekabez hitz egin aitonari buruz, beste batzuetan gertatzen den bezala. Egiten zuenaz eta gustatzen zitzaionaz aritu izan gara batez ere. Nik batik bat eskolan ikasi nuen zer zen norbait desagertzea, edo lehengusuek nola bizi zuten ikusita. Gainera, aitona desagertu zenean, aitak 15 urte zituen, eta jabetuago zegoen guztiaz.

Zer helburu dituzue Bilobak fundazioan?

Batez ere, komunitarioa den hori berreskuratzeko ari gara lanean, eta indibidualismoaren eta miseria planifikatzen ari den estatu baten kontra ari gara borrokan. Gobernu hau okupazio gobernu baten gisan ikusten dut nik, ez baitu Argentinako gutxi batzuentzat ere gobernatzen: atzerriko gutxi batzuentzat gobernatzen du. Baina, hori alde batera utzita, gure adinekoa eta libertarioa den norbait ezagutzen badugu, ez dugu etsaitzat hartzen: hura konbentzitzen saiatzen gara, eta hari erakusten elkartasunaren bideak ere modua eman dezakeela gauzak aldatzeko.

Esaten dute Javier Milei herrialdeko presidentearen boto emailea gizona eta gaztea izan ohi dela, eta gazte askok ez dakitela asko diktadurari buruz, aspaldiko kontua iruditzen zaielako. Zuk zer diozu?

Nik uste dut Mileik proposatutakoa ez dela proiektu politiko bat, baizik eta proposamen identitario bat, feminismoari erantzuteko modu bat edo. Eta, nire ustez, emakumeak feminismoan identitate berri bat aurkitu duen honetan, gizona umezurtz geratu da neurri batean, eta askok bere egin dute Mileik proposatu dien identitatea, gizon errealizatuarena.

«Gure belaunaldikoak interpelatzen saiatzen ari gara; alegia, gazteekin hitz egiten, haiek antolatuta dauden esparruekin bat egiten»

Batzuek uste dute kirschnerismoan giza eskubideak instituzionalizatu izanak kalte egin diela erakundeei.

Nire iritziz, ez zuten gaizki jokatu, behar-beharrezkoa baitzen orduan. Hain zuzen, orain hori ezkutu gisa erabiltzen dute egiten ari direna estaltzeko; hau da, instituzioak hausten saiatzen ari direla estaltzeko. Antolaketa horren bidez, giza eskubideak politika publiko bilakatzea lortu zen, eta mundu osoan egin diote aitortza. Agian gauza batzuk berrikusi beharko dira, baina funtzionatu du.

Zer esan nahi du zuentzat Amonen, Amen eta giza eskubideak babesteko gainerako erakundeen borrokak?

Tira, zer esan? Ikaragarri miresten ditugu. Etengabe jotzen dugu haiengana, eta beti dauzkagu gogoan.

Negazionismoa nagusi den honetan, zer asmo duzue?

Badakigu ezin dugula dena gure gain hartu, eta, desagertuen seme-alabek epaiketak lehenesten dituztenez, gu gure belaunaldikoak interpelatzen saiatzen ari gara; alegia, gazteekin hitz egiten, haiek antolatuta dauden esparruekin bat egiten, eskoletara joaten eta abar. Izan ere, gure asmoa ez da gertatutakoa gogoraraztea bakarrik; badugu esaldi bat beti erabiltzen duguna: «Memoria abiapuntua da». Memoriarekin lan egiten dugu jakinik geure etorkizuna landu nahi dugula, baita geure oraina ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA