«Giza eskubideak babesten dituztela dioten demokrazia liberaletan» protestarako eskubidea «erreprimitzen» dutela ondorioztatu du Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioak, gaur kaleratu duen txosten batean. Zehazki, Palestinaren aldeko elkartasunean jarri dute mira, eta Israelek 2023ko urrian Gazaren kontrako sarraskia hasi zuenetik oraintsura arteko ekintzak-eta aztertu dituzte Frantzian, Erresuma Batuan, Alemanian eta Ameriketako Estatu Batuetan. Palestinarren aldeko mobilizazioak «gorroto delituekin» eta «muturreko ideologiekin» parekatu dituztela salatu du federazioak txostenean: «Terrorismoaren kontrako narratibak eta antisemitismoa instrumentalizatu dituzte, zertarako-eta adierazpen askatasuna eta biltzeko askatasuna zapaltzeko».
Txostenean adierazi dutenez, «kezketako bat da antisemitismoa eta Israelgo Estatuaren politiken aurkako kritika legitimoak nahastu direla». Eta horrek bide eman dio «ahots disidenteei aurre egiteko ohiz kanpoko neurriak» hartzeari, Yosra Frawes federazioaren Magrebeko eta Ekialde Hurbileko arduradunak erakundearen webgunean adierazi duenez. Adibide gisa jarri dute duela bi urte, Erresuma Batuan, protestetan poliziek esku hartzea errazten zuen erreforma proposatu zutenekoa —Ingalaterrako eta Galesko Apelazio Auzitegiak aurten ebatzi du legez kanpokoa zela aldaketa hori—.
Bestalde, ikertu dituzten gainontzeko hiru herrialdeetan, hauek azpimarratu dituzte: AEBetan atxiloketak, mehatxuak eta salaketak jasan dituzte Palestinaren aldeko ekintzaileek; Frantzian, gobernuak kontra egin die manifestariei, zenbait hiritan bertan behera utzi dituzte protestak, eta Barne Ministerioak Urgence Palestine palestinarren giza eskubideen aldeko kolektiboa deuseztatuko zuela iragarri zuen; Alemanian, hainbat lelo debekatu dituzte manifestazioetan, antisemitak direla argudiatuta.
Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioak agerian utzi du elkartasunaren kontrako jarrerek «krisi sakona» sortu duela «demokratikoak direla dioten gizarteetan», eta horrek zuzenean eragin diela Israelen neurrien kontra egin duten giza eskubideen aldeko aktibistei, ikasleei, kazetariei, artistei eta politikariei, gutxi batzuk aipatzearren.