Aurten mende erdia bete da Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuenetik, eta emakume sahararrek ez dute beste atzerapausorik nahi. Horrexegatik beragatik egin dute asteon Mendebaldeko Sahararen Aldeko Emakumeen IV. Martxa, Mendebaldeko Sahararen Aldeko Emakumeen Nazioarteko Plataformak deituta. Emakume sahararrek egiten baitute lurralde okupatuetako errepresioaren kontra, eta haiek eusten baitiote errefuxiatuen kanpalekuetako bizimoduari, «beren herriaren duintasunaren alde». Kanpalekuz kanpaleku ibili dira, eta gaurkoa dute martxaren azken eguna. Plataformak ohar bat kaleratu du, emakume horiei eskerrak emateko: «Herri oso baten memoria eta askatasunaren ametsa bizirik mantendu dituzte».
Baina 50 urteko okupazioak bereari eusten dio, eta, iragan azaroan, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak hauspotu egin zuen Marokok Mendebaldeko Sahararako aurkeztutako autonomia proposamena. Onartu zuten ebazpenean, lurraldearentzako «zinezko autonomiaren» alde egin zuten, betiere Marokoren autonomia proposamena «oinarri» hartuta; testuan ez da aipatzen, ez, Fronte Polisarioaren erreferendumerako proposamena.
«Nazioartea konplize da isilik dagoelako», esan du emakume sahararren plataformak, «eta zuzenean edo zeharka babesten dituelako Marokoren politika kolonialistak eta Mendebaldeko Sahararen okupazio ilegala». Segurtasun Kontseilua, Europako Batasuna eta Espainiako Gobernua seinalatu ditu, hain zuzen —Marokok lurralde hori okupatu zueneko 1975eko Martxa Berdea baino lehen, Espainiaren esku zegoen Mendebaldeko Sahara—. Gainera, hiru urte igaro dira Madrilek Marokoren autonomia proposamenaren alde egin zuenetik.
Mendebaldeko Sahara eta Maroko «bereizitako» lurraldeak direla nabarmendu du plataformak, eta sahararrek soilik erabaki dezaketela «beren etorkizuna». Emakume sahararrek «beren erabakia hartu dute, eta lagundu egingo diegu erabaki hori bete arte. Haien ahotsa eta gurea bat dira, gurea ere badelako haien borroka», adierazi dute oharrean.