ALEMANIAKO HAUTESKUNDEAK

Merkel laugarrenez nagusi, nabarmen behera eginda

Alderdi Sozialdemokratak inoizko emaitzarik okerrenak lortu ditu. Ultraeskuina indartsu sartu da parlamentuan, lehenengoz, II. Mundu Gerraz geroztik: hirugarren indarra da.

Angela Merkel, atzo, emaitzan jakitera eman osteko hitzartzean. CARSTEN KOALL / EFE
2017ko irailaren 25a
09:50
Entzun

Indar kontserbadoreen baturak irabazi ditu berriz ere hauteskundeak Alemanian. Nabarmen nagusitu zaio SPD alderdi sozialdemokratari, eta, beraz, Angela Merkel egungo kantzilerra izango da laugarrenez Alemaniako gobernuburu. Babesa beharko du gobernua osatu ahal izateko, eta ezin izango du koalizioa berritu SPDrekin. Martin Schulz alderdi sozialdemokrataren hautagaiak adierazi duenez, oposizioko buru izango da hurrengo legegintzaldian.

Aurreko hauteskundeekin alderatuta, bederatzi puntu egin du behera CDU eta CSU alderdien arteko koalizioak. 299 barrutitatik 285 zenbatuta, bloke kontserbadireak botoen %33,1 lortu du. SPDk, berriz, botoen %20,5 eskuratu du; alderdiaren historiako emaitzarik txarrena. Parlamentuko hirugarren indarra izango da AFD Alemaniarentzako Alternatiba alderdi ultraeskuindarra, botoen %12,7 bilduta. Parlamentuan ordezkaritza berreskuratuko du FDP alderdi liberalak, bozen %10,8ko emaitzaz. Ezkerrak botoen %9,2 jaso ditu, eta Berdeek %8,9.

Merkelek, laugarrenez gobernatu ahal izateko, babesa bilatu beharko du gainontzeko alderdietan. SPDrekin koalizioa osatzeko aukera baztertuta, Alderdi Liberalaren eta Berdeen babesa bilatu dezakeela diote iragarpenek. Ez dirudi, ordea, bide erraza izango denik bi alderdi horiek batzea, bien arteko desberdintasunak sakonak baitira.

Emaitzen berri izan ondorengo lehen hitzartzean, Merkelek onartu egin du bloke kontserbadorearen beherakada, eta Alemaniarentzako Alternatiba ultraeskuindarrari boto eman dioten herritarrei zuzendu zaie, bloke kontserbadoreak boto horiek "berreskuratu" egin nahi dituela ziurtatzeko. "Haien kezkak gureak ere badira", adierazi du. Hala, gizarte politikak eta legez kanpoko inmigrazioaren kontrako neurriak indartuko dituela agindu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.