Enpresaburuen bilkura batean eman du albistea Angela Merkel CDUko buru eta Alemaniako kantzilerrak: SPDk ez duenez etsiko negoziazioetan, lanbide arteko gutxieneko soldata bat ezartzea onartu egingo du CDU-CSUk. Horixe zen sozialdemokraten eskari nagusia Alemanian koalizio handia osatu eta Merkelen gobernua babesteko. Hauteskunde kanpaina guztian, gogor egin zuen Merkelek lanbide arteko gutxieneko soldataren kontra, eta erabaki horiek lan hitzarmenetan hartu beharrekoak zirela azpimarratu zuen.
Hauteskundeetan gehiengo osotik hurbil geratu zen CDU-CSU koalizioa, baina gobernua osatzeko bazkide egokiena SPD zela ikusirik, haiekin izan dituzten negoziazioetan ere ukatu egin du Merkelek, gaur arte, sozialdemokraten eskakizun nagusiari men egitea.
Lanbide arteko gutxieneko soldata ezarriz gero, SPDko militanteek koalizio handiari baiezkoa ematea askoz errazago izango da. Sozialdemokratek, izan ere, balizko akordioa barne galdeketa batean onartu beharko dute.