Meta konpainia «muturreko erakunde» izendatu nahi du Moskuk, errusiarrei eraso egiteko deiak baimentzeagatik

AEBetako enpresak politika aldatu du, eta baimena eman du herrialde batzuetan errusiarren kontrako indarkeria ekintzak egiteko eta Vladimir Putin hiltzera deitzen duten mezuak argitaratzeko bere sare sozialetan.

Facebooken, Whatsappen eta Instagramen ikonoak telefono batean. Hirurak Meta konpainiarenak dira. ANDREJ CUKIC / EFE
Edu Lartzanguren.
2022ko martxoaren 11
17:41
Entzun

Errusiako Fiskal Nagusiak epaitegi bati eskatu dio Mark Zuckerbergen Meta konpainia «muturreko erakunde» izendatzeko, eta Roskomnadzor herrialdeko telekomunikazioak arautzen dituen erakundeak enpresaren Instagram sare soziala blokeatu du. Meta, besteak beste, Facebook, Instagram eta Whatsapp sare sozialen jabe da.

Horren bidez, Moskuk erantzuna eman nahi izan dio konpainiaren politika aldaketari. Izan ere, Metaren eledun Andy Stonek agiri bat plazaratu du gaur goizaldean honako hau iragartzeko: «Konpainiak kendu egin du debekua; horrela, herrialde batzuetako herritarrei aukera ematen die bere sare sozialetan Errusiako Federazioko herritarren aurkako erasoak egiteko informazioa argitaratzeko, militarren kontrakoak tartean».

Stonek gaineratu du salbuespena egitea erabaki dutela behin-behinean, Ukrainaren inbasioarengatik, eta mezuek ez badituzte «mehatxu sinesgarriak» zibil errusiarren aurka.

Edonola ere, Metak baimen osoa eman du Putin hiltzeko deiak argitaratzeko, eta baita Bielorrusiako presidente Alexander Lukashenkoren aurkakoak, bidaltzen direnean Letoniatik, Lituaniatik, Estoniatik, Poloniatik, Eslovakiatik, Hungariatik, Errumaniatik, Armeniatik, Azerbaijandik, Ukrainatik eta Errusiatik bertatik.

Errusiak Washingtonen duen enbaxadak Etxe Zuriari eskatu dio kontrolatzeko Metaren «muturreko» jarrera. Dmitri Peskov Kremlinen eledunak adierazi du espero duela Metaren inguruko albisteak egia ez izatea, bestela «neurri sendoagoak» hartu beharko dituztelako. Erabakia «politika erasokor eta kriminala» dela salatu du enbaxadak, errusiarren aurkako gorrotoa eta indarkeria bultzatzen duelako.

Moskuko iturrien arabera, debekuak ez dio eragingo Whatsappi, mezularitza sistema delako, eta ez mezuak argitaratzeko plaza.

Nazio Batuen Erakundeko Goi Komisionatuaren Bulegoak ere kezka agertu du Metak indarkeriara bultzatzeko deiak baimentzea erabaki duelako.

Martxoaren 4an, Facebook sare soziala Errusian blokeatzea erabaki zuen Roskomnadzorrek, eta gauza bera egin zuen Twitterrekin. Sare sozialok Errusiako hainbat agintari eta erakunderen kontuak blokeatu zituztelako hartu zuten erabakia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.