Metak 16.680 milioi dolar ordainduko ditu adingabeen eta sare sozialen auzibidearen harira

Besteak beste, Metak mugatu egingo du adin txikikoek bere sare sozialetan igaro dezaketen denbora. Akusazioa aurkeztu duten AEBetako estatuek «egundoko garaipentzat» jo dute teknologia konpainiarekin lortutako akordioa.

Zenbait adingaberen guraso joan den astean, Oakland hiriko epaitegiaren aurrean. KANOA SHIM-LY / EFE
Zenbait adingaberen guraso joan den astean, Oakland hiriko epaitegiaren aurrean. KANOA SHIM-LY / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko abuztuaren 26a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Metak adostasuna lortu du haren kontrako demanda jarri duten Ameriketako Estatu Batuetako estatuekin, eta azkenerako 16.680 milioi dolarreko kalte ordaina —14.300 milioi euro— ordaindu beharko du. Hori kaleratu dute nazioarteko zenbait hedabidek, auzibideko agiriak aipatuz. Akordio horren harira, teknologia konpainiak zenbait neurri ezarri beharko ditu: adingabeek bere sare sozialak erabiltzen igaro dezaketen denbora bi ordura mugatzea; eskola orduetan jakinarazpenak jaso ezin izatea; gauez, gauerditik goizeko seiak arte, horietarako sarbidea galaraztea; gurasoen kontrolerako tresnak sendotzea; eta adina ziurtatzeko mekanismoak areagotzea...

AEBetako 50 estatuetatik 29k, adingabeei «adikzioa» eragitea leporatu diote Metari; joan den asteko astelehenean egin zuten lehen auzi saioa Oakland hiriko auzitegi federalean, Kalifornian, eta arratsalde honetan heldu da teknologia konpainiaren eta akusatzaileen arteko akordioa. Hortaz, ez dio aurre egin beharko epaiketari. Estatuak 200.000 milioi dolarreko zigorra eskatzekoak ziren berez konpainiaren kontra —172.000 milioi euro—.

Hiriburuko fiskal nagusiak, Brian Schwalbek, adierazi du gaurkoa «egundoko garaipena» dela osasun publikoarentzat: «Metak ezarri behar dituen segurtasun neurriek erabat eta berehala aldatuko dute gazteek nola erabiltzen dituzten Instagram eta Facebook». Haren bulegoak kaleratutako ohar batean, Schwalbek salatu du teknologia konpainiak «segurutzat» saldu zituela: «Metak nahita esplotatu zituen adingabeak etekina ateratzeko, eta gero gezurra esan zuen».

Lehen auzi saioan, akusazioak berretsi zuen Metak adin txikikoak «erabili» izan dituela, eta kalte fisikoak eta emozionalak egin dizkiela —antsietatea, depresioa, eta zenbait kasutan ere beren buruaz beste egin dute adingabeek—. Horrez gain, adingabeen sareko pribatutasunari buruzko lege federala urratzea leporatu diote estatuek, argudiatuta adingabeen datu pertsonalak bildu dituela, eta behar ez bezala erabili; lege horren arabera, konpainiek ezin dute adingabeen daturik bildu haien gurasoen baimenik gabe.

Konpainiaren abokatuek akusazio horiek gezurtatu zituzten, eta gaurko akordioa iragarrita ere konpainiak adierazi du ez duela ezer txarrik egin. Are, esan izan du erabiltzaileei ezin izan diela ohartarazi bere sare sozialak adiktiboak direla, argudiatuta sare sozialekiko mendekotasuna ez dela errekonozitutako gaitza.

Metak adierazi du «adingabeentzako segurtasun ekimenak» finantzatzeko erabili daitekeela kalte ordaina, eta urteroko ordainketetan pagatuko duela guztizko zenbatekoa, hamar urteko epean. Hori bai, akordioaren berri emateko kaleratu duen oharrean nabarmendu du Tiktok eta Youtube sare sozialek ere antzeko neurriak ezarri beharko lituzketela adingabeentzat. Hain zuzen, lehen auzi saioan, estatuetako fiskalek nabarmendu zuten epaiketa prozesu luzeago baten parte ere badela oraingoa, eta beste teknologia enpresa handien jardunari ere gertutik erreparatuko diotela, hala nola Google, Tiktok, Snapchat eta Youtube konpainien jardunari.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA