Meta hasia da bere burua defendatzen. Hain justu, atzo hasi zen Instagram eta Facebook sare sozialen jabe den AEBetako enpresaren aurkako epaiketa, haren historiako garrantzitsuena, Oakland hiriko auzitegi federalean, Kalifornian. Fiskaltzak berretsi zuen Metak adin txikikoak «erabili» izan dituela, sare sozialen bidez haiei adikzioa eragitea sustatu duela, eta kalte fisikoak eta emozionalak egin dizkiela. Konpainiaren abokatuek, baina, akusazio horiek gezurtatu zituzten epaiketako lehen auzi saioan.
Bigarren saioa du epaiketak gaur, eta auzitegiak zenbait akusazio ebaluatzeko tartea du. Akusazioa Kaliforniako, Kentuckyko, Coloradoko eta New Jerseyko fiskal nagusiek osatzen dute, besteak beste, eta horiek esan dute Metak kontsumitzaileak babesteko legeak urratu zituela. «Metak ezkutatu egin zuen bere produktuek gazteei eragiten dieten kalteari buruz zekien hori, errentagarriagoa baitzen ez ikusi egitea», adierazi zuen komunikatu batean Russell Coleman Kentuckyko fiskal nagusiak.
Akusazioaren lidergoa hartu duten lau estatu horiekin batera, beste 25ek ere egin dute Metaren aurka, guztira 29k. Iragarri dute 200.000 milioi dolarreko zigorra eskatuko dutela konpainiarentzat (172.000 milioi euro); Metak urtebetean duen etekina, alegia. Dena den, Metak uste du balitekeela estatuek gehienez 1,4 bilioi dolar eskatzea. Sare sozial horietan aldaketak egin daitezela ere eskatzen dute. Gainera, beste zenbait akusaziok lege federala urratzea leporatzen diote teknologia enpresari, argudiatuta adingabeen datu pertsonalak bildu dituela, eta behar ez bezala erabili.
Paul Schmidt Metaren abokatuak atzo adierazi zuen ez datorrela bat akusazioekin. Erantsi zuen Meta lanean ari dela sare sozial horiek erabiltzen dituzten nerabeei laguntzeko; izan ere, aitortu zuen inkesta bat egin ondoren jakin zutela nerabeen %20 okerrago sentitzen zirela Instagram erabili ondoren. Horrez gain, esan zuen enpresak «esfortzu handiak» egin dituela 13 urte baino gutxiago dituzten erabiltzaileei kontua ezabatzeko, eta 600.000 kontu ezabatu dituela jada.
Beste aldetik, fiskal nagusiaren alboko Megan O’Neilek ohartarazi zuen Meta adingabeen garunaren funtzionamenduaz «aprobetxatu» dela, eta «etekina» atera duela: «Erabaki bat hartzeko unea iritsi izan zaienean —haurrentzat onena dena ala haien irabaziak aukeratu beharra—, behin eta berriz egin izan dute irabazien alde».
Enpresaren parte izandakoek ere sua eman diote suari. Arturo Bejar Metako langile izandakoak atzo ziurtatu zuen zenbait aldiz ohartarazi ziela konpainiako goi kargudunei erabiltzaileek «kalteak» jasaten zituztela «Instagram diseinatuta dagoen moduarengatik», eta hori saihestu zitekeela: «Segurtasuna bigarren mailan geratzen zen gehienetan». Epaiketa baino egun batzuk lehenago, Metak bere mekanismoak jarri zituen martxan Bejarrek epaileen aurrean deklaratu ez zezan, baina epaileak atzera bota zuen Metaren nahia.
Epaiketa mediatikoa
Epaiketa mediatiko batean murgilduta dago Meta orain. Hain zuzen, zenbait demandatzaile epaiketako lehen jardunaldian izan ziren, eta hainbat guraso ere bertaratu ziren epaitegi ingurura, Metak haien umeei eragin dizkien kalteengatik protesta egitera.
Fiskalek nabarmendu zuten epaiketa prozesu luzeago baten parte ere badela, eta beste teknologia enpresa handien jardunari ere gertutik erreparatuko diotela, hala nola Google, Tiktok, Snapchat eta Youtube konpainien jardunari.
Oraingoz, baina, Meta izango da epaileen aurrean. Prozesuak lauzpasei aste iraungo duela uste da, eta, ziurrenik, deklaratzera deituko dituzte Zuckerberg eta Adam Mosseri Instagram sare sozialeko arduraduna. Urrirako espero da epaia.