Metano isurien %70 kosturik gabe gutxitu daitezke

IEAk urtero kaleratzen duen txostenaren arabera, 610 milioi tona metano isuri ziren iaz. Gasaren eta petrolioaren munduko ekoizpenaren %5 inguru baino ez da gerturatzen zero isurietara.

Gazpromen zentral elektriko bat, Moldavian. DUMITRU DORU / EFE
Gazpromen zentral elektriko bat, Moldavian. DUMITRU DORU / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko maiatzaren 7a
13:36
Entzun 00:00:0000:00:00

Klima larrialdian efektu gehien duten gasetako bat da metanoa. Bada, IEA Nazioarteko Energia Agentziaren arabera, erregai fosilek atmosferara isurtzen duten metanoaren %70 inguru isurtzea «gasturik gabe» saihestu daiteke. Izan ere, gaur egungo teknologiak indarrean sartuz gero, metanoa atmosferara isuri beharrean biltegiratu egin daiteke; gero, saldu eta etekin ekonomikoa lortu daiteke. Neurri horiek hartuz gero, 2050. urtean munduko tenperatura 0,1 gradu igotzea saihestuko litzateke, IEAren datuen arabera.

IEAk urtero metanoaren inguruan egiten duen txostena kaleratu du gaur. Bertan, industriak, meategiak eta beste zenbait sektoretako datuak biltzen ditu agentziak. Aurten, datuen bilketa «hobea» izan dela esan dute txostenaren egileek, nazioartean metano isuriak monitorizatzeko ahaleginak areagotu diren seinale. Hala ere, IEAk ohartarazi du azken urtean egoerak ez duela bereziki hobera egin: gasaren eta petrolioaren munduko ekoizpenaren %5 inguru baino ez da gerturatzen zero isurietara.

Metanoa biltegiratzeko eta gero erabili ahal izateko egungo teknologiari erreparatuz gero, kopuru hori gaitzetsi du IEAko zuzendari Fatih Birolek; haren ustetan «apalegia» baita. Are gehiago, Birolek ohar bidez nabarmendu duenez, atmosferara 2024an isuritako metano kantitateak agintarien eta enpresen «anbizio falta» erakusten du. «Metano isuriei aurre egiteak onura bikoitza du: munduko toki askotako gas merkatu estuen presioa arintzen du, eta energia segurtasuna indartu; horrez gainera, emisioak apaltzen ditu».

Metano isuriak

Izan ere, hidrokarburoen merkatuak 200.000 milioi metro kubiko metano sortu zituen iaz; eta, IEAk gomendatzen dituen neurriak martxan jarri izanez gero, erdiak baino gehiago bilduko ziren, eta ez atmosferara isuri. Hau da, 100.000 milioi metro kubiko, Norvegiaren gas esportazioak adina.

Hala ere, hidrokarburoena ez da atmosferara gas hori isurtzen duen bakarra. Agentziaren datuen arabera, 610 milioi tona metano isuri ziren iaz. Halere, datu hori «are handiagoa» izan daitekeela ohartarazi du IEAk. Txostenaren egileek salatu dutenez, azken urtean metano isuriak antzemateko tresnak hobetu diren arren ─25 satelitek hautematen dituzte datu horiek, adibidez─, herrialdeek ez dute nahikoa laguntzen. Are gehiago, nabarmendu dutenez, metano isuriak UNFCCC Klima Aldaketari Buruzko NBEren Esparru Konbentzioko sinatzaileek adierazi baino %80 gehiago dira.

IEA 2020an hasi zen kaleratzen metano isurien egoeraren inguruko txostena, eta, ahalmena duen arren hidrokarburoak ekoizten dituzten herrialdeetako egoera zein den jakiteko, beste batzuen errealitatea ezin du guztiz aztertu. Venezuela eta Errusia dira, besteak beste, horren adibide. Bi herrialde horiek dira beren eskualdeetan isuri gehien dutenak; 3,58 milioi tona Venezuelak, eta 13,6 milioi tona Errusiak.

Neurri onak

Txostenean, orokorrean herrialdeen neurriak gaitzetsi dituzten arren, ondo jarduten dutenak ere badaudela nabarmendu dute. Norvegia goraipatu dute gehien; izan ere, Europa iparraldeko herrialde hori 1971n hasi zen metano isuriak apaltzeko neurriekin. Urte hartan, hidrokarburo aztarnategietan gasa erretzea debekatu zuten; eta, 2015etik, isunak ezartzen ditu metanoa erretzeagatik. Bada, agentziaren aburuz, herrialde orok Norvegiaren neurriak indarrean jarriko balitu, iazko metano isurien %90 ez ziren izango.

EB Europako Batasuna ere bide onean doala nabarmendu dute txostenaren eragileek: 27 kideek metano isuriak arautzeko neurri sorta bat onartu zuten iazko maiatzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.