Mexiko sutan jarri du El Mencho narkotrafikatzailearen hilketak

Jalisco Nueva Generacion karteleko burua zen. Tiroketa bat izan zen hura atxilotzera joan zirenean, eta orduan egindako zaurien ondorioz hil zen. Sheinbaum presidenteak esan du herritar guztien «segurtasuna eta bakea» bermatzea dela garrantzitsuena.

Istiluak Mexikoko Morelia hirian. IVAN VILLANUEVA / EFE
Istiluak Mexikoko Morelia hirian. IVAN VILLANUEVA / EFE
Kepa Ugarte Martiarena - Beñat Mujika Telleria
2026ko otsailaren 23a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Istilu handiak piztu dira Mexikon, armadako indar bereziek atzo Nemesio Ruben Oseguera Cervantes El Mencho, Jalisco Nueva Generacion karteleko burua, hil ondoren. 32 estatuetatik gutxienez hamaseitan suteak eragin eta errepideak oztopatu zituzten, iturri ofizialen arabera. Claudia Sheinbaum Mexikoko presidenteak agerraldia egin du gaur, eta jakinarazi gaur ez dela «inolako blokeorik izan» herrialdeko errepideetan. Mexikoko armadak baieztatu duenez, AEBen «informazio osagarria» izan zuten operazioari ekiteko, «aldebiko koordinazio eta lankidetza esparruan», Donald Trumpen gobernua droga trafikoa dela-eta egiten ari den presio gero eta handiagoaren erdian. 

Atzo hil zuten El Mencho; Tapalpan izan zen, Jalisco estatuan, herrialdearen mendebaldean. Gobernuaren esanetan, armadak atxilotu egin zuen, zaurituta, eta Mexiko Hirira eramaten ari zirela hil zen. Sheinbaumek adierazi du Mexikoko herritar guztien «segurtasuna eta bakea» bermatzea dela garrantzitsuena. Izan ere, protesta gisara, narko blokeoak deiturikoak egin zituzten Jaliscoko hegoaldeko hainbat tokitan, atzo, Jalisco Nueva Generacion kartelaren sorlekuan, eta hainbat ibilgailu erre eta beste hainbat errepide itxi zituzten. Ondorioz, Mexikoko Gobernuak kode gorria ezarri zuen, eta, zenbait eremutan, bertan behera utzi ditu gaur garraio publikoa eta eskolak. Sheinbaumek «informatuta eta lasai» egoteko deia egin die herritarrei, eta indar armatuak zoriondu zituen Jalisco Nueva Generacion karteleko buruzagia «hiltzea» eragin zuen operazioagatik.

Sheinbaumen agerraldiaren ostean hitz egin dute Omar Garcia Harfuch Segurtasun ministroak eta Ricardo Trevilla Defentsa idazkariak, eta El Mencho hil zen sarekadaren gaineko xehetasunak eman dituzte. Besteak beste, Garcia Harfuchek esan du El Menchoren bizkartzainek tiro eginez erantzun zietela sarekadan parte hartu zuten estatuko indarrei. Guztira 33 pertsona hil ziren, Segurtasun ministroaren esanetan, zortzi «kriminal» eta Guardia Nazionaleko 25 kide —haiek sarekadaren osteko istiluetan hil ziren—, eta beste 70 pertsona atxilotu dituzte hainbat estatutan izandako istiluetan.

Trevillak, berriz, nabarmendu du AEBekin trukatutako informazioa «oso garrantzitsua» izan dela operazioak aurrera egin zezan. Bada, gobernuko kideak hitz egiten ari ziren bitartean mezu bat idatzi du Trumpek Truth Social bere sare sozialean. «Mexikok ahalegin handiagoa egin behar du kartelei aurre egiteko eta droga kontuak amaitzeko», adierazi du AEBetako presidenteak. 

Mexikoko armadako iturriek zehaztu dutenez, Tapalpa udalerrian atxilotu zuten El Mencho, Jalisco estatuko Guadalajara hiriburutik 130 kilometro hegoaldera. Liskar armatu bat izan zen. Dirudienez, militarrek eraso bati aurre egin zioten, eta karteleko ustezko lau kide hil zituzten, eta beste hiru zauritu. Zaurituen artean ziren Jalisco Nueva Generacioneko burua eta haren bizkartzainak. Mexiko Hirira hegazkinez zeramatzatela hil ziren hirurak.

Moreliako Polizia eta Mexikoko armada, erretako auto bat aztertzen. IVAN VILLANUEVA / EFE
Moreliako Polizia eta Mexikoko armada, erretako auto bat aztertzen. IVAN VILLANUEVA / EFE

Istiluak estatu hauetara ere zabaldu ziren: Michoacan, Colima eta Nayarit (mendebaldean), eta ondoren Guanajuato, Aguascalientes (erdialdean), Tamaulipas, Behe Kalifornia (iparraldean), Guerrero eta Quintana Roo (hegoaldean). Autoak, saltokiak eta banketxeak erre zituzten.

Alerta egoera Mexikoko hiriburura zabaldu zen, eta, arratsaldean, El Menchoren gorpua Mexiko Hiriko auzitegi medikuntzako zerbitzura eraman zuten, indar federalek lagunduta. 

Hegaldiak bertan behera

Puerto Vallartan (Jalisco), herrialdeko toki turistiko nagusietako batean, hegaldiak eten egin dituzte. Horretaz gain, ekitaldi masiboak bertan behera utzi dituzte estatu osoan, Kali Uchis abeslari estatubatuarraren kontzertua barne, Guadalajaran, 2026ko Munduko Futbol Txapelketaren egoitza den hirietako batean.

Gutxienez 11 estatuk eman zuten blokeoen eta istiluen berri. Jaliscoko operazioan hildako zazpi lagunez gain, beste lau hil ziren Michoacanen, Alfredo Ramirez gobernadoreak jakinarazi zuenez; eta 22 lagun atxilotu dituzte Jaliscon, Michoacanen eta Guanajuaton, datu ofizialen arabera.

Sute ugari piztu zituzten Puerto Vallartan. EFE
Sute ugari piztu zituzten Puerto Vallartan, Nemesio Ruben Oseguera Cervantesen hilketaren aurka protesta egiteko. EFE

Eskolak ofizialki bertan behera geratu dira Jalisco, Nayarit, Michoacan, Colima, Queretaro, Guanajuato, Kalifornia Beherea eta Oaxacako Istmo eskualdeetan.

Gainerako estatuetan, Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoak ez ditu eskolak eten, baina jakinarazi du ez duela kontuan hartuko eskualde eta fakultate batzuetan ikasleak «garraio arazoengatik» agertu ezin badira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA