Microsoften Outlook eta Teams aplikazioak erorita daude, baina konpainiak baztertu egin du zibereraso bat jasan izana

Mundu osoko milioika erabiltzaileengan izan du eragina etenaldiak. Azpiegituran «karga handia» delako gertatu dela argudiatu dute enpresako arduradunek.

Microsoften irudia Alemanian daukaten bulegoetan, artxiboko irudi batean. EFE
Microsoften irudia Alemanian daukaten bulegoetan, artxiboko irudi batean. EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko azaroaren 13a
09:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Microsoftek atzo arratsaldean jakinarazi zuen bere zerbitzuetako asko erori zirela, eta hainbat ordu igaro ostean oraindik ez dute arazoa konpontzerik lortu. Microsoftek berak gaur goizean zabaldutako ohar batean adierazi du hainbat modutan ahalegindu direla irtenbide bat bilatzen, baina ez dutela funtzionatu. Mundu osoan izan du eragina, batez ere Outlook eta Teams aplikazioetako erabiltzaileengan.

Teamsen, esaterako, taldeetako oinarrizko deiek eta mezularitza sistemak funtzionatzen dute. Baina erabiltzaileek ezin dituzte egutegian bilerak programatu edo ikusi; ezta zuzeneko ekitaldiak sortu ere. Outlooken, berriz, zailtasunak dituzte aplikazioan sartzeko, eta sartzea lortzen dutenek arazoak dauzkate mezu elektronikoak bidaltzeko. 

Hasieran, enpresak atzo aitortu zuen posta elektronikora sartzeko arazoak identifikatu zituela AEBetako erabiltzaileetan. Eta ordu batzuk geroago iragarri zuen arazo hori munduko hainbat herrialdetara zabaldu zela. Gaur, Microsoftek berak baztertu egin du zibereraso bat jasan izana. Charles Lamanna Microsoften zuzendariorde exekutiboak zabaldu du oharra, X sare sozialean: «Oraingoz, baieztatu dezaket ez dagoela zantzurik pentsatzeko arazoa jarduera maltzur edo zibernetiko batek eragin duela». Azaldu duenez, azpiegituran «karga handia» dagoelako gertatu da etenaldia. 

Gaur goizaldean eguneratu du hasierako txostena Microsoftek. «Arazoak dauzkagu oraindik ere. Zenbait makina blokeatuta gelditzen dira, eta horrek eragotzi egiten du aldaketak guk espero genuen bezala sinkronizatzea», ohartarazi du enpresak. Hala ere, azpimarratu du azken eguneraketan «emaitza positiboak» ikusi dituztela zerbitzuaren egonkortasunari dagokionez.

Lamannak deitoratu egin du etenak zerbitzuetan eragina eduki izana, eta azpimarratu du lanean ari direla zerbitzu guztiak bere onera itzul daitezen.

Urtebetean bigarren aldiz erori dira Microsoften zerbitzuak. AEB Ameriketako Estatu Batuetako enpresak orduko hartan azaldu zuen matxuratutako zerbitzariak doitu zituztela. Baina bigarren akatsak agerian utzi du ez zela nahikoa izan, eta zalantzan utzi du bere fidagarritasuna.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA