Eskuin muturrak migratzaileen aurka egiteko baliatzen duen estrategia ohikoenetako bat da orokortzea: etorkin batek egindako delitua migrante guztien aurkako aldarri bilakatzea. Belfasten, Poliziak Sudango gizon bat atxilotu zuen astelehen gauean, gizon bati labanaz eraso egin ostean. Txinparta piztu, eta segidan sua zabaldu da Irlandako bigarren hirian zehar. Bi gauez jarraian migranteen aurkako mobilizazioak egin dituzte hiri horretan eta Ipar Irlandako beste hainbat gunetan. Besteak beste, ibilgailuei su eman diete, pneumatikoak erre dituzte, eta Poliziaren aurka oldartu dira.
Ikusi gehiago
Talde loialistek hauspotuta, berrehun lagun baino gehiago elkartu dira bart Belfast iparraldeko Glengormley auzoan, eta migranteek ostatu hartu ohi duten hotel bat zuten jomugan, Belfast Live webgunearen arabera. Poliziak bidea itxi die, eta protestariek harriak eta botilak jaurti dizkiete.
Aurrez, Poliziak jakinarazi du protestariek migranteak bizi diren etxeak seinalatu dituztela, baita etorkinen inguruko informazioa zabaldu ere. Ur kanoiak erabili dituzte manifestariak sakabanatzeko, eta hamasei pertsona atxilotu dituzte; baita gomazko balak ere, Poliziaren arartekoak berak baieztatu duenez. Bertako hedabideek zabaldu dutenez, bart izandako istiluak ez dira herenegungoak bezain biolentoak izan. Herenegun gauean, migranteak bizi diren hainbat etxebizitza erre zituzten, eta hainbat familia etxetik alde egitera behartu.
Labankada jaso zuen gizonaren familiak ohar bat kaleratu du jakinarazteko ez duela bat egiten azken egunetako gertakariekin, eta eskatu dute ez zabaltzeko erasoaren inguruko informazio faltsurik sare sozialetan. Atzerritarrek gizarteari egiten dioten ekarpena nabarmendu du biktimaren familiak, eta eskatu du ez sortzeko herritarren arteko zatiketak beren senidearen izenean.
Asaldatzaileak sare sozialetan
Eskuin muturreko hainbat ekintzaile Belfasteko gertakaria baliatzen ari dira migranteen aurkako mezuak zabaltzeko eta horien aurkako ekintzak hauspotzeko. Haien artean dago Elon Musk X sare sozialaren jabea. Hauek dira azken orduetan bere sare sozialean zabaldu dituen mezuetako batzuk: «Milioika dira alde egin behar dutenak»; «zibilizazioa erortzen bada, beste ezerk ez du garrantzirik»: «bertako biztanle errugabeak hiltzen dituzten migranteak dira herritarrak haserrearazten dituztenak, ez sare sozialak».
Ofcom Erresuma Batuko telekomunikazio erregulatzaileak atzo iragarri zuen neurriak hartuko dituela sare sozialetan zabaldutako «gorrotoari eta terrorismoari» aurre egiteko.