ITALIA

Migratzaileen beste porturatze selektibo bat egin dute Italian

Italiako Gobernu neofaxistak onartutako dekretu baten arabera, soilik pertsona zaurgarrienak lehorreratu ditzakete etorkinak erreskatatu dituzten itsasontziek. Sos Humanity GKEa arau berriaren aurkako helegite bat jartzekoa da.

'Geo Barents' ontzia, atzo, Cataniako portuan (Italia. EFE
Igor Susaeta.
2022ko azaroaren 7a
13:31
Entzun

Ostiralean, Italiako Gobernu neofaxistak dekretu bat onartu zuen. Dekretu horren arabera, GKE gobernuz kanpoko erakundeek Mediterraneo itsasoan erreskatatu dituzten migratzailerik zaurgarrienak porturatu ditzakete soilik. Hortaz, Alemaniako Sos Humanity GKEaren Humanity One itsasontziak 144 migratzaile porturatu zituen atzo Catanian —emakumezkoak eta adingabeak gehienak—, baina 35 ontzian daude oraindik ere. Eta, azken orduetan, MSF Mugarik Gabeko Medikuak taldeak 357 etorkin porturatu ditu leku berean, baina 215 migratzaile daude oraindik GKEaren Norvegiako bandera duen Geo Barents ontzian.

Matteo Salvini Italiako Azpiegitura ministroak esan du Europak ezin duela Italia «bakarrik» utzi, eta berriro eskatuko diotela Bruselari Italiako kostaldera iristen diren etorkinak «beste leku batzuetara eramateko». NBE Nazio Batuen Erakundeak Europako herrialdeei esan die «seguru eta azkar» lehorreratzeko modua eman diezaietela Mediterraneoan zenbait ontzitan erreskatatuta dauden migratzaileei.

Italiako Barne Ministerioak gaur plazaratu du aurten 88.100 migratzaile inguru iritsi direla herrialdeko kostaldera. Iaz, 55.700 bat izan ziren, eta 2020an, 30.400 inguru. Kontuan hartu behar da, ordea, bi urte horietan indarrean zeudela COVID-19aren ondorioz ezarritako murrizketak. Europako Batzordeak Salviniri erantzun dio Italiako Gobernuak itsasoan erreskatatutako migratzaileak hartzeko «lege obligazioa» eta «eginbehar morala» dituela. Bide batez, EB Europako Batasuneko Migrazio komisariotzaren bozeramaile Annita Hipperrek gogorarazi dio ez dela Bruselaren ardura erreskate operazioen «detaileak koordinatzea».

Sos Humanityk jakinarazi du Italiako justiziaren aurrean helegite bat jarriko dutela gobernuak hartutako neurriaren aurka, argudiatuta «Europako legea eta errefuxiatuei buruzko Genevako Konbentzioa» urratzen dituela. «Izan ere, legez kanpokoa da bizirik iraun dutenetako batzuei soilik uztea lehorreratzen», azaldu du GKEak sare sozialetan. Bere ontziaren kapitain Joachim Ebelingek uko egin dio agintariek esandakoa betetzeari, eta Till Rummenhohl erreskate operazioaren arduradunak kazetariei adierazi die ez direla atzera itsasoratuko ontzian dauden migratzaile guztiak porturatu arte.

Ikusi gehiago: Italiak ez die utziko atzerriko GKEei etorkinak porturatzen

Salvinik, Matteo Piantedosi Barne ministroak eta Guido Crosetto Defentsa ministroak sinatu zuten dekretua joan den ostiralean, eta, horrek dioenez, zaurgarrienak lehorreratu ondoren Italiako uretatik alde egin beharko dute itsasontziek. Dekretu horrek, hain zuzen, Salvinik, 2018 eta 2019 artean Barne ministro zela ezarritako dotrinari erantzuten dio: Mediterraneo itsasoan migratzaileak erreskatatzen zituzten atzerriko GKE gobernuz kanpoko erakundeen ontziei debekatu egin zien Italian etorkinekin porturatzea. Eta, duela bi aste, Salvinik berak adierazi zuen gobernuaren asmoa zela politika hori bera aplikatzea aurrerantzean ere.

Italiako uretan migratzaileak daramatzan itsasontzi bat dago oraintxe: Alemaniako Mission Lifeline GKEaren Rise Above ontzian, Mediterraneoan erreskatatutako 89 etorkin daude, Cataniako portutik gertu. Azken orduetan sei pertsona ebakuatu dituzte ontzi horretatik, osasun arrazoiak zirela medio. Eta SOS Mediterraneeren Ocean Viking ontzia nazioarteko uretan dago, Italiakoetatik oso gertu, eta 234 migratzaile daramatza.

'Aita Mari'-k misioa atzeratu du

Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEak erabaki du Aita Mari itsasontziaren misioa «behin-behinean» atzeratzea, Castelloko Itsas Kapitaintzak (Herrialde Katalanak) hala eskatuta. Euskal Herriko GKEak ohar batean azaldu duenez, kapitaintzatik esan diote Italiako Gobernuaren jarrera «hobeto» ezagutu arte itxarotea komeni dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.