Migraziorako itun zorrotzago bati baiezkoa eman diote Europar Kontseiluak eta europarlamentuak

Estatu kideek izkin egin ahal izango diote migratzaileak euren herrialdeetan jasotzeari. Batzordeak «historikotzat» jo du hitzarmena, baina europarlamentari batzuek uste dute «nabarmen areagotuko» dituela giza eskubideen urraketak.

-FOTODELDÍA-  ITALIA MIGRACIÓN
Dozenaka migratzaile Siziliako kostaldera iristen, ontzi batean, iragan apirilean. ORIETTA SCARDINO / EFE
maddi iztueta olano
2023ko abenduaren 20a
14:13
Entzun

«Historiak beti gogoratuko du 2023ko abenduaren 20a». Esaldi horrekin hasita, europarlamentuko presidente Roberta Metsolak iragarri du, gaur, EB Europako Batasuneko Migraziorako eta Asilorako Itunari oniritzia eman diotela Europar Kontseiluak eta Europako Parlamentuak. Herenegun ekin zieten eztabaidei, eta, azkenean, bi eguneko negoziazioen ondoren iritsi dira adostasunera. Bost araudi berri eta lau legedi biltzen ditu erreformak, eta, hein handi batean, estatu kideei modua emango die migratzaileen asilo eskubidea murrizteko.

Europara iristen ari diren migratzaileen kopuruak etengabe gora egiten duen honetan, helburu argi bat du hitzarmenak: Europa hegoaldeko eta iparraldeko estatuen artean «oreka bat» aurkitzea, eta estatu kideen arteko «elkartasuna» sustatzea, Europar Kontseiluak zabaldutako prentsa oharraren arabera. Mediterraneotik sartzen dira kontinentera iristen diren migratzaile gehienak, eta, beraz, Italia, Grezia eta Espainia izan ohi dira horiek jasotzen lehenak. «Mediterraneoko uharte txiki batetik nator; beraz, badakit zer diodan migraziorako eta asilorako itun historiko bat adostu dugula esaten dudanean», esan du Metsolak, goizean egindako prentsaurrekoan.

Hain justu, Italia izan da negoziazioetan traba gehien jarri dituen estatu kideetako bat. Joan den irailean erreformaren dokumentua blokeatu zuen behin-behinean, eta eskaera bat egin zuen: giza laguntza ematen duten GKE gobernuz kanpoko erakundeak migrazioa instrumentalizatzeko —herrialde bat ezegonkortzeko asmoz herrialde horretara milaka migratzaile bidaltzeko— saiakeratzat jotzea. Haren eskaera aintzat hartu zuten gainontzeko Barne ministroek, eta Italiak alde bozkatu zuen azkenean, joan den urrian. Halere, erreformaren aurka egin zuten Hungariak eta Poloniak, eta abstenitu egin ziren Austria, Txekiako Errepublika eta Eslovakia.

Prozesu luzea izan da EBko migrazio eta asilo politikaren erreformarena. 2016tik erabili dute asmoa, 2015eko errefuxiatuen krisiaren ondoren. Halere, Europako Batzordeak duela hiru urte jarri zituen abian eztabaidak. Orain, EBko Barne ministroen gehiengoaren babesarekin —joan den urrian adostu zuten testua—, eta Europako Parlamentuaren eta Europar Kontseiluaren oniritziarekin, espero da hitzarmena onartzea. Litekeena da bozketa 2024ko lehen seihilekoan egitea.

Askotariko erreakzioak

Goizean goiz erabakiaren berri eman dutenetik, bata bestearen atzetik iritsi dira estatu kideen, eurodiputatuen eta gobernuz kanpoko erakundeen erreakzioak. Gaurkoa egun «historikotzat» jo dute batzuek, eta egun «iluntzat» besteek.

Esaterako, akordioaren alde lerratu dira Europako Batzordea, Europako Alderdi Popularra eta Sozialista Europarren Alderdia. Batzordeko presidente Ursula von der Leyenen arabera, azken urteotako «itunik garrantzitsuenetako bat» da migrazioarena eta asiloarena, eta «funtsezkoa» izango da Europako migrazio krisiari aurre egiteko.

Antzera mintzatu dira Alemaniako Atzerri ministro Annalena Baerbock eta Herbehereetako jarduneko lehen ministro Mark Rutte. «Akordio honi esker [EBko estatu kideetako gobernuek] kontrol handiagoa izango dugu migrazioaren aferan, adibidez, EBko kanpo mugetan azkarrago kudeatu ahal izango ditugulako asilo eskaerak», idatzi du X sare sozialean Ruttek.

Europarlamentuko hainbat diputatuk kontrakoa uste dute, ordea. «Gaur onartu duten hitzarmenak ideia zaharkituak berresten ditu, eta asilorako eskubidea, nazioarteko legea eta giza eskubideak urratuko ditu», esan du Europako Berdeak aliantza ezkertiarreko presidente Philippe Lambertsek.

Era berean, ezkor agertu dira gobernuz kanpoko zenbait erakunde, hala nola AI Amnesty International. Erabakiaren berri izan ondoren kaleratutako txostenean, AIk esan du indarrean zegoen ituna baino «okerragoa» dela oraingoa. «Pertsona gehiago izango dituzte atxilo Europako kanpoko mugetan, eta krisi uneetarako neurriek salbuespen bihurtuko dute asiloa eskatzea».

Frontex, Mugak eta Kostaldea Zaintzeko Europako Agentziaren arabera, 355.300 migratzaile baino gehiago iritsi dira Europara aurten urtarriletik azarora: 2016tik iritsitako gehien.

GAKOAK

  • Hautazko elkartasuna. Migratzaileei eta asilo eskatzaileei erantzuteko betebeharra izango dute talde komunitarioko gobernuek, baina hori egiteko bi aukera izango dituzte: kontinentera iristen diren asilo eskatzaile guztietatik estatu bakoitzak urtean 30.000 pertsona jasotzea, eta, bestela, ukatzen duten iheslari bakoitzeko 20.000 euro ordaintzea.
  • Migrazio krisia. Krisia jasaten ari den estatuak aukera izango du estatu kide bati laguntza eskatzeko, baina estatu horrek ahalmena izango du lagundu edo ez erabakitzeko. Laguntzekotan, hiru modu zehaztu dituzte dokumentuan: iheslari batzuei asiloa ematea, krisia jasaten ari den estatuari asilo eskatzaileen tramiteak egiten laguntzea, eta, azkenik, laguntza ekonomikoa ematea.
  • Miaketaren araudia. Asilo eskaeraren prozesua hasi aurretik, mugetako polizia agenteek tresna berriak erabiliko dituzte migratzaileen hainbat datu jasotzeko; hala nola adina, jaioterria, hatz markak, osasun egoera eta aurpegiaren itxura.
  • Eurodac araudia. Migratzaileei buruz jasotzen duten informazio guztia estatu kideen arteko datu base batean geldituko da gordeta.
  • Asilo eskaeraren prozesua. Bi bide erabili ahalko dituzte asilo eskaerak kudeatzeko: ohikoa —hainbat hilabetekoa izan ohi da prozesua—; eta, migratzaile andana iristen diren uneetan, azkarragoa izango den bat —gehienez ere hamabi astekoa—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.