Miguel Uribe Turbay presidentegai izateko hautagai eta senatari kolonbiarra larri zauritu dute tiroz hauteskunde kanpaina bateko ekitaldian zegoenean, Fontibonen (Bogota). Segituan artatu dute, eta Medicentro klinikara eraman dute, ahalik eta azkarrena tratatua izateko. Egonkortze lanen ostean, anbulantzian eraman dute Santa Fe fundaziora.
Poliziak 15 urteko adin txikiko bat atxilotu du, ustez Miguel Uribe hautagaia hiltzen saiatzeagatik. Pistola bat atzeman diote gazteari, baina ez dute argitu zergatik eraso dion.
Erasoa gaitzetsi dute
Centro Democratico alderdiak irmoki gaitzetsi du atentatua, "eraso deitoragarri hau arbuiatzen dugu, buruzagi politikoaren bizitza ez ezik demokrazia bera ere arriskuan jartzen duelako".
Gustavo Petro presidenteak ere erasoa arbuiatu du, eta bertan behera utzi du Nizan (Frantzia) NBEk antolatu duen batzarrera joateko bidaia: «Estatu baten eginbeharra da oposizioko kideak zaintzea». Horiek horrela, ikerketa xehea egingo duela nabarmendu du Petrok.
Neurri berean, Europar Batasunak ere gaitzetsi egin du atentatua. Gilles Bertrand Europar Batasunak Kolonbian duen mandatariak «erabateko gaitzespena» adierazi du. Horrez gain, atentatuarekin zerikusia duten horiek identifikatzeko eskatu du.