Milaka herritar protesta egitekoak dira Argentinan, Mileiren neurrien aurkako bigarren greba orokorrean

Milaka herritarrek hartuko dute parte Argentinako sindikaturik handienak deitutako lanuztean, 'Aberria ez dago salgai' lelopean.

Argentinako Ekonomia Sozialeko Langileen Batasunak Mileiren neurrien aurka antolatutako protesta bat, herenegun, Buenos Airesen. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE
Argentinako Ekonomia Sozialeko Langileen Batasunak Mileiren neurrien aurka antolatutako protesta bat, herenegun, Buenos Airesen. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE
maddi iztueta olano
2024ko maiatzaren 9a
14:00
Entzun

Javier Milei ultraeskuindarrak sei hilabete eskas daramatza Argentinako presidente karguan, eta dagoeneko bi dira haren gobernuak bultzatutako neurrien aurka antolatutako greba orokorrak. Lehena joan den urtarrilaren 24an egin zuten, eta bigarrena gaur dira egitekoak. Oraingoan ere CGT Lanaren Konfederazio Orokorrak deitu du lanuztera, Argentinan babesik handiena duen sindikatuak.

Erantzun handia izan zuen iragan urtarrileko deialdiak, eta oraingoak ere hala izatea espero da. Gainera, bigarren greba orokor honetan, ez da garraio publikoko zerbitzurik izango —joan den urtarrilekoan 19:00etatik aurrera eten zuten zerbitzua—, eta deialdiarekin bat egin dute erakunde finantzarioetako zenbait elkartek eta sindikatuk ere. Osasun zerbitzu publikoetan, berriz, zerbitzu minimoak emango dituzte.

Manifestariak Aberria ez dago salgai lelopean irtengo dira Argentinako kaleetara, Mileiren gobernu ultraeskuindarrak bultzatutako erreformak salatzeko. Argentinako kabineteak indarrean jarri nahi dituen neurrien artean, Omnibus Legea izan da hautsak gehien harrotu dituena.

Legeak biltzen dituen erreformek Mileiren esku uzten dituzte orain arte Kongresuarenak ziren eskumen asko, eta modua ematen dute arlo publikoko alor ugari pribatizatzeko; besteak beste, presidenteak tren eta hegazkin konpainia nazionalak pribatizatu ahalko ditu, eta ia erakunde publiko guztiak desegiteko eskumena izango du. Argentinako Diputatuen Ganberak joan den astean onartu zuen erreforma sorta hori, 26 orduko eztabaida baten ondoren. Nolanahi ere, oraindik Senatuak berretsi beharra dauka.

Gobernuaren erantzuna

Deialdiaren harira, Argentinako Gobernuko bozeramaile Manuel Adornik atzo salatu zuen greba orokorrak «kalte» egingo diela 6,6 milioi herritarri, argudiatuta ez dela garraio zerbitzurik izango. Gainera, esan zuen deialdiak ez duela «justifikazio sendorik». Bestalde, jakinarazi zuen piketeen aurkako protokoloa abian jarriko dutela.

CGTk ez zuen greba orokorrik antolatu Alberto Fernandez presidente ohi peronistaren agintaldian (2019-2023); horren aurreko agintaldian, berriz, Mauricio Macri eskuindarra karguan zegoenean (2015-2019), bost lanuzte orokor antolatu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.