Milaka ikasle irten dira kalera Frantzian

Lizeoak eta unibertsitateak blokeatu dituzte goiz-goizetik, eta manifestazio jendetsuak espero dira gaur. Barne ministroak esan du egoera «kontrolpean» dagoela oraingoz.

Ikasle batzuk Montpelierren gaur, eskola bateko sarrera blokeatzen. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Ikasle batzuk Montpelierren gaur, eskola bateko sarrera blokeatzen. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko urriaren 6a
12:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dozenaka mila ikaslek eta herritarrek mobilizaziora jo dute gaur Frantzia osoan. Lizeoak eta unibertsitateak blokeatu dituzte ikasleek goiz-goizetik. Protesten helburua gobernuari presio egitea da; hezkuntzarako baliabide gehiago jar ditzala eskatzen diote, argudiatuta ikastetxeetako baldintzak gero eta okerragoak direla, eta irakasleak ere falta direla. Poliziaren jokabidea ere salatu dute, gogor egin baitu azken egunotan ikasleen aurka, eta horrek ere hauspotu ditu protestak.

Irail erdialdean hasi ziren hezkuntzaren inguruko mobilizazio horiek, eta hedatuz joan dira. Azken egunetan izan dira istilurik larrienak. Atzo, esaterako, 15 urteko ikasle batek eskua galdu zuen granada batek eztanda eginda, Lens hirian —Frantzia iparraldean—. Bestalde, joan den astean 16 urteko beste ikasle batek ikusmena galdu zuen begi batean, Toursen —Frantzia erdialdean—, ikastetxe bateko sarrera blokeatzen ari zela izandako oldarraldien eraginez. Frantziako Gobernuaren arabera, 215 protestari zauritu dituzte mobilizazioak hasi zirenetik, baita seiehun polizia baino gehiago ere.

Laurent Nuñez Barne ministroak esan du azken egunetako protestetan poliziek jasandako indarkeria «inoiz ez bezalakoa» izan dela, eta polizien alde jarri da: «Mobilizazioak baketsuak direnean, Poliziak ez du arrazoirik esku hartzeko». Ikasle zaurituei dagokienez, esan du kasu horiek «tragediak» direla, eta ikertu egin beharko dela Poliziaren esku hartzea proportzionala izan den ala ez. «Operazio baten proportzionaltasuna ez da ondorioen arabera neurtzen, testuinguruaren arabera baizik», argitu du France Inter irratiari emandako elkarrizketan.

Gaur ere polizia ugari dago goizean goizetik Frantziako hiri nagusietan. Ministroak adierazi du egoera «kontrolpean» dagoela, baina horrek ez duela esan nahi ez denik «kalte larririk eta ekintza biolentorik» egongo. Ziurtatu du segurtasun indarrek presentzia «diskretua» izango dutela gaur ikastetxeetan mobilizazioak baketsuak badira, baina esku hartuko dutela kalterik badago.

Oraingoz, Frantziako hedabideen arabera, ez da istilu larririk izan, eta milaka eta milaka pertsona elkartu dira Parisen, Marseillan eta Lyonen, besteak beste. Goizetik, ikasleek unibertsitateak eta lizeoak blokeatu dituzte, eta horrez gain, ikasle antolakundeek manifestazioak egin asmo dituzte egunean zehar Frantzia osoan. Sindikatuek eta ezkerreko alderdi politikoek bat egin dute manifestazio horiekin, eta gobernua oso estu hartzeko baliatu nahi dituzte gaurko mobilizazioak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA