'Brexit'-a

Milaka lagun atera dira kalera Erresuma Batuko Parlamentua ixtearen aurka

Erresuma Batuko lehen ministroak erabaki du parlamentua hilabetez ixtea, diputatuek ahalik eta denbora gutxien izan dezaten akordiorik gabeko brexit-a eragozteko. "Estatu kolpe bat" ematea eta "demokrazia bertan behera uztea" leporatu diote oposizioko hainbatek.

Brexit-aren aurkako manifestariak, gaur, Londresen. VICKIE FLORES / EFE
2019ko abuztuaren 31
16:35
Entzun

"Donald Trumpekin duen harremana jarriko du guztiaren gainetik" Boris Johnsonek, EBrekin lortu nahi duen brexit-erako akordioarekin. Hala adierazi du gaur Erresuma Batuan kalera ateratzeko deia egin duten taldeetako baten bozeramaileak. Zehazki, "huts egindako sistema demokratiko honen hutsune bat baliatzea" egotzi dio Erresuma Batuko lehen ministroari Momentum taldeko Laura Parkerrek. Berri agentzien arabera, ehunka mila lagun atera dira kalera gaur Ingalaterran, Eskozian eta Galesen. 80 bat hiritan antolatu dituzte mobilizazioak; Londresen, Downing Street inguruan egin dute manifestazioa.

Johnsonek parlamentua hilabetez ixteko eskatu zion Elizabeth II.a erreginarri, eta hark onartu egin zion eskaria. Hala, diputatuek denbora gutxiago izango dute akordiorik gabeko brexit-a eragozteko; izan ere, Erresuma Batuko lehen ministroak esana du urriaren 31n atera nahi duela EBtik, akordioa lortu ala ez. Oposizioa aurka agertu da: batzuentzat, "estatu kolpe bat" izan da mugimendu hori, eta "diktadura bateko" erabaki baten gisakoa beste zenbaitentzat, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak adierazi bezala.

Oposizioko kide ugarik hartu dute parte gaurko mobilizazioetan; besteak beste, John McDonnell laboristak hartu du parte Londresen, eta Jeremy Corbinek ere babes osoa agertu die deitzaileei: "Mundu guztiari dei egiten diot larunbateko mobilizazioekin bat egiteko". Alderdi Laboristako buruaren hitzetan, "sorgarria izan da Johnsonek demokrazia bertan behera utzita eragin duen sumina".

Gaia auzitegietan dago orain. Datorren astean, hiru auzitegik erabakiko dute Erresuma Batuko Parlamentuaren itxiera blokeatuko ote duten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.