AfD Alemaniarentzako Alternatiba alderdi ultrak Saxonia-Anhalt estatuko hauteskundeak irabazi zituen igandean, eta gertakari hori mugarri izan daiteke Alemaniaren historian. Izan ere, AfDk agintea lortzen badu, lehen aldia izango da ultraeskuineko alderdi batek estatu baten lema hartzen duena Bigarren Mundu Gerraz geroztik. Bada, horri aurre egiteko, milaka pertsona mobilizatu ziren atzo gauean Alemaniako hainbat hiritan, sindikatuek eta GKE gobernuz kanpoko erakundeek deituta. Antolatzaileen arabera, 15.000 pertsonatik gora elkartu ziren; Poliziaren arabera, berriz, 5.000 inguru.
Denok elkarrekin faxismoaren aurka! eta Alerta antifaxista! leloen pean bildu ziren manifestariak atzo gauean. Antolatzaileez gain, ezkerreko alderdiak ere batu ziren ultraeskuineko alderdiaren aurkako mobilizaziora, baita Friedrich Merz Alemaniako kantzilerraren CDU kontserbadorea ere. CDUkoek, gainera, aurkako oihuak ere entzun behar izan zituzten, herritar askorentzat haiek ere egoeraren erantzule bai baitira.
Manifestaziorik jendetsuena Berlinen egin zuten, atzo, Brandenburgoko atearen aurrean, eta ez zen istilurik izan. Baina aurrez ere egin zituzten mobilizazioak. Magdeburgen, esaterako, 10.000 lagun inguru bildu ziren larunbatean, «munduari zabaldutako Saxonia-Anhalt baten alde». Igandean ere mobilizazioak egin zituzten Alemaniako hamaika txokotan. Besteak beste, Berlin hiriburuan, Frankfurten eta Mainzen.
Mobilizazio horietan, baina, ez dituzte soilik hauteskundeetako emaitzak gaitzetsi; AfD alderdi ultra legez kanpokotzat jotzeko eskatu dute manifestariek. Izan ere, Infratest Dimap etxeak egindako inkesta baten arabera, hiru herritarretik bi «oso kezkatuta» daude ultraeskuinak Saxonia-Anhalt estatuan irabazi duela eta.
Oraingoz, Ulrich Siegmund ultren hautagaiak atzo esan zuen ez duela gutxiengoan gobernatu nahi, eta beste alderdietako transfugak bilatzen ahaleginduko dela —39 eserleku lortu ditu, eta 42 behar ditu gobernatzeko—. Alderdi gehienak AfDrekin ituna egitearen aurka agertu dira. Baina BSWk —Die Linke ezkerreko alderdiko kide ohi Sahra Wagenknechtek sortu zuen alderdi hori, 2024an—oraingoz ez dio aterik itxi abstentzioari.