Javier Milei presidentearen Askatasuna Aurrera Doa alderdiak garaipen argia lortu du Argentinako Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Legealdi erdiko bozak izan dira, herrialdeko Diputatuen Ganberaren erdia eta Senatuaren heren bat berritu dituzte, eta inkesten arabera indar handia gal zezakeen Mileik. Baina guztiz kontrakoa gertatu da, ezustean: asko handitu da Mileik bi ganberetan zuen indarra. «Historiarako eguna da. Argentinako herriak atzean utzi du dekadentzia, eta aurrera egitearen alde egin du. Gaur hasiko da Argentina handiaren eraikitzea», adierazi zuen Mileik atzo, pozarren, jarraitzaileen aurrean.
Botoen %40 baino gehiago bildu ditu ultraeskuineko alderdiak. Diputatuen Ganberan lehen 37 aulki zituen, eta orain 93 izango ditu; Senatuan, berriz, lehen sei zituen, eta aurrerantzean hemeretzi izango ditu. Diputatuen Ganberako eserlekuak banatu dituzten 24 hauteskunde barrutietatik hamabostetan nagusitu da, eta Senaturako zortzi barrutietatik seitan.
Emaitza onak aukera eman diezaioke Mileiren gobernuari azeleragailua sakatzeko eta agintaldiko lehen bi urteotan onartu ezin izan dituen egitasmoak gauzatzeko. Izan ere, Argentinan, presidenteak dekretuz hartutako erabakiak baliogabetu ditzake Kongresuak, Diputatuen Ganberaren eta Senatuaren bi herenen babesa edukiz gero. Edo beste modu batera esanda, presidenteak botoen herena behar du —esaterako, 86 diputatu Diputatuen Ganberan— Kongresuan eta Senatuan hartutako erabakiak atzera bota ez ditzaten.
Ustekabeko emaitzak
Ez da nolanahiko emaitza izan, gainera, Mileik eskuratu duena. Ultraeskuineko presidentearen agintaldian ustelkeria kasuak azaleratu dira gobernuaren barruan, eta herritarren soldatetan ere esku hartu du hainbat neurri ezarrita. Hori dela eta, babes falta nabaria izan du inkestetan hilabeteak aurrera joan ahala. Gainera, argi ikusi zen hori iragan irailean egin ziren probintzietako bozetan. Buenos Airesko eremuan —Argentinako hautesleen %40 bizi dira bertan, eta eskualde horrek du pisurik handiena politikan eta ekonomian— porrot egin zuen Askatasuna Aurrera Doa alderdiak peronisten aurka. Hamahiru puntu atera zizkion Aberriaren Indarra alderdiak Buenos Airesko legebiltzarrerako bozetan. «Gaur porrot argia izan dugu, eta onartu egin behar dugu. Okerrik egin badugu, hausnartu egingo dugu horren inguruan, eta hobeto egingo dugu, urriko bozetan irabazteko», esan zuen orduan.
Hori dela eta, pozarren agertu da Milei zaleen aurrean: «Abenduaren 10etik aurrera, Argentinak inoiz izan duen Kongresurik erreformistena izango du, ezbairik gabe». Gainera, erreforma «garrantzitsuak» aurrera eramateko asmoa agertu du, eta proiektu horiek «beharrezkoak» direla esan, herrialdearen hazkundea «finkatzeko». «Abiatutako bide erreformistan aurrera egin behar dugu datozen bi urteetan, eta Kongresu berria funtsezkoa izango da norabide aldaketa ziurtatzeko», gaineratu du.
Mileik, agintaldiaren lehen bi urteetan, Mauricio Macriren Proposamen Errepublikanoa alderdiaren eskutik egin du bidea, haiekin aliantzak eginez. Atzo, irabazi ostean, Proposamen Errepublikanoa alderdiaren laguntza goraipatu zuen, eta elkarrekin «gauza oso garrantzitsuak» lortu dituztela esan. Orain, indar handiagoa izango dute bi alderdiek, elkarrekin 101 diputatu eta 20 senatari edukiko lituzkete eta. Hala ere, urruti lituzkete gehiengoak bi ganberetan.
Bozen testuinguruan, aintzat hartu behar da Argentinako ekonomia erreskatatzen ari dela Washington, 40.000 milioi dolarreko mailegu baten bidez. Mileik bozetan irabazten ez bazuen laguntza hori kolokan egon zitekeela esan izan du Donald Trumpek azken asteotan. Etxe Zuriko maizterrak berehala zoriondu du Milei «sekulako garaipena» lortzeagatik: «Argentinako herriak justifikatu egin du Mileirengan jarri dugun konfiantza. Lan bikaina egiten ari da». Mileiren erantzuna ere berehala iritsi da, X sare sozialaren bitartez: «Eskerrik asko, Donald Trump presidentea, Argentinako herrian jarritako konfiantzarengatik. Argentinako Errepublikaren lagun handia zara».
Ez da Trump izan Milei publikoki zoriondu duen agintari bakarra. Ultraeskuineko beste zenbait kargudunek ere X sare soziala baliatu dute Mileiren garaipena ospatzeko, hala nola Santiago Abascal VOX alderdiko buruak, Viktor Orban Hungariako lehen ministroak, eta Alice Weidel Alemaniako oposizioko buruak. «Zorionak, lagun maitea. Globalismoaren, gezurren eta ezker kriminalaren aurkako zure politikek jasotako babesa erakusten du garaipenak», idatzi du Abascalek, esaterako.
Peronismoa, atsekabetuta
Peronismoa izan da bigarren indarra igandeko bozetan, uste baino emaitza kaxkarragoa lortuta: Aberriaren Indarra alderdiak eta alboan izan dituen gainerako alderdiek botoen %30 inguru eskuratu dituzte. Kongresuan zituen 98 diputatuetatik bi galdu ditu, eta Senatuan zituen 30 senatarietatik zortzi.
Hala ere, Buenos Airesko gobernadore peronista Axel Kicillofek ezbaian jarri du Mileiren ospakizuna. «Oker dago Milei gaur lortu dituen emaitzak ospatzen baditu. Hamar argentinarretik seik esan du ez dagoela ados hark proposatzen duen ereduarekin», esan du Aberriaren Indarra alderdiaren jarraitzaileen aurrean.

Hain zuzen ere, Kicillof buru duen eremuan ikusi da aldaketarik nabarmenena. Izan ere, alde handiz irabazi zuen Aberriaren Indarra alderdiak irailean egin ziren probintzietako bozetan. Botoen %47,28 bereganatu zituen alderdi peronistak, eta %33,7 baino ez Milei buru duen Askatasuna Aurrera Doa alderdiak. Bart, ordea, emaitza irauli du Askatasuna Aurrera Doa alderdiak, nagusitu egin baita Argentinako hiriburuan.