Irakurri serie honetako artikulu guztiak
Muturreko programa argi bat zuela lortu zuen Javier Mileik 2023ko abenduan Argentinako presidente kargua: gastu publikoaren nabarmen murriztea, inflazioa apaltzea eta sektore ekonomiko askori araudiak lausotzea. Kanpaina betean, Argentinako hainbat hiritako kaleak ibili zituen kamioneta bateko atzeko partean zutik, motozerra bat eskuetan zuela, gastu publikoarekin egin nahi zuena irudikatuz: errotik murriztea. Eta hein handi batean lortu du, 67.000 milioi dolar gutxitu baitu gastu publikoa, baina argentinarren gehiengoa ari da pairatzen politika horren ondorioak.
Egin zuen promes bat lortu du betetzea, inflazioa murriztu baita, baina albo kalte handiak izan ditu horrek: familien kontsumoa asko murriztu da, langabeziak gora egin du, langile asko arautu gabeko ekonomian murgildu dira, industria ekoizpena asko txikitu da, eta atzerriko inbertsio zuzena %87 murriztu da. Azken hori eragin handia izaten ari da industriako enpleguan: fabrika eta enpresa asko itxi dituzte, langile asko kaleratu, eta soilik industria ahalmenaren %58 erabili zen 2026ko maiatzean. 2023ko ekainean, Mileik kargua hartu aurretik, %68koa zen tasa hori.
Aprobetxamenduaren tasa hori, hala ere, aldakorra da industria sektorearen arabera. Eta, noski, tasarik handiena erregaien sektoreak eta meatzaritzarenak dute gaur egun: petrolio findegietan, ahalmen osoaren %88,7 dago martxan, eta metalen industrian, %75,4. Atzerriko inbertsio zuzena asko txikitu bada ere, sektore estraktiboek kontzentratzen dute inbertsio gehiena. Herrialdeak hartu duen norabide berriaren adibide da hori.
Eta, noski, aldaketa horien atzean lege eta politika berriak daude. Milei libertarioa da, edo anarkokapitalista, nondik begiratzen den, eta hasieratik garbi utzi zuen gastu publikoa gutxitzeaz gain baliabideak ustiatzeko ateak irekiko zizkiela nazioarteko enpresei. Urte hasieran, adibidez, Washingtonekin akordio bat itxi zuen Argentinak, AEBei XXI. mendean ezinbesteko diren mineralak hornitzeko. Bi joera berresten ditu horrek: batetik, AEBek Txinarekin duten lehia geopolitikoan eta ekonomikoan lehengaien horniketa bermatu nahi duela Etxe Zuriak Amerikan, eta, bestetik, Monroe Doktrina berria —edo Donroe Doktrina, Donald Trump presidenteari aipamena eginez— aurrera doala, mendebaldeko hemisferioa AEBen interesekin lerrokatuz.
Norabide horretan, menperatze hori Mileik irudikatu du hoberen, bahitzailearenganako miresmena sentitzen duen bahitu baten moduan: herrialdea AEBen esku jarri du Mileik, baita Israelen esku ere. Behin baino gehiagotan harrotasunez onartu du munduko presidenterik sionistena dela. Eta jarrera hori hedatzen ari da Amerikan, Kolonbiako presidente berriak, Abelardo de la Espriellak, norabide bera hartu baitu: erregaien eta mineralen ustiaketa handitu nahi du, eta, besteak beste, Israelen subiranotasuna aitortu du Golango gainetan. Are, Trumpek onartu berri du bi presidente horiei hauteskundeetan lagundu diela: «Jende askori lagundu diot hauteskundeak irabaz zitzan; gure hemisferioaren parte horrek [Hego Amerikak] ezkertiarra izateari utzi dio, eta eskuindarra bilakatu da».
Erregai fosilen eta mineralen ustiaketari eta industria digitalari bidea errazteko hainbat lege eta neurri onartu ditu Mileik, Diputatuen eta Senatarien kameretako alderdi askoren laguntzaz.
RIGI
Argentinako eta atzerriko kapital handien inbertsioak errazteko oinarria jarri du RIGIak. Inbertsio Handiak Sustatzeko Erregimena da, eta 200 milioi dolarretik gorako inbertsioak arautzen ditu. 2024. urtean onartu zuten, Argentinarren Askatasunerako Oinarrien Legearen parte gisa; Mileiren lehen erreforma handia izan zen. Besteak beste, erraztasun fiskalak eta burokratikoak eskaintzen dizkiete enpresei.
Fiorella Sol Ricagno argentinarra RIGIaren Behatokiko ikertzailea da, eta azaldu du bi urteko epea zutela hasieran enpresek erregimenera atxikitzeko, baina urtebete luzatzea adostu zuten, eta 2027ko uztailera arte dute enpresek proiektuak aurkezteko epea. Hala ere, enpresek urte luzez izango dituzte laguntzak: «RIGIak finantza, zerga eta lege egonkortasuna eskaintzen die nazioarteko kapitala duten enpresei, 30 urtez. Beraz, ez dago pentsatua epe laburreko proiektuak sustatzeko. Proiektu gehienak estraktibistak dira». Izan ere, behatokiak abuztuan argitaratutako txosten berriaren arabera, 40 proiektu daude aurkeztuta, guztira 138.000 milioi dolarreko inbertsioarekin. Sektoreka, meatzaritzako proiektuak dira gehienak (21), beste hamahiru erregai fosilen mundukoak dira, eta gainontzekoak, energia, azpiegitura eta siderurgia sektoreetakoak. Oraingoz, 40 horietatik 21 jada onartuta daude.
«RIGIak finantza, zerga eta lege egonkortasuna eskaintzen die nazioarteko kapitala duten enpresei, 30 urtez. Beraz, ez dago pentsatua epe laburreko proiektuak sustatzeko»
FIORELLA SOL RICAGNO RIGIaren Behatokiko ikertzailea
Hala ere, Ricagnok argitu nahi izan du RIGIa ez dela inbertsioak sustatzeko politika soil bat: «Vaca Muertako erregaien ustiaketa eta meatzaritza bultzatzen ari den estatu politika baten parte da, eta politika hori Mileiz haratago doa, nahiz eta egia den Mileirekin dena azkartu eta sakondu egin dela». Izan ere, gogorarazi du Vaca Muertako ustiaketa Cristina Fernandez peronistaren garaian hasi zela: «Ordutik dena dago pentsatua esportazioak handitzeko. Deigarria da ikustea erregaiak ustiatzen dituzten lekuetatik metro gutxira milaka etxetan ez dutela ez gasik eta ez oinarrizko zerbitzurik».
Ricagnok azaldu duenez, onartu ziren lehen bi proiektuek erregai fosilen ustiaketarekin dute zerikusia: «Lehena Vaca Muerta Oil Sur izan zen, Vaca Muertako hobietatik San Matias golkora joango dena. Bertan petrolio portu bat egingo dute, baina itsas lerrotik sei kilometrora konektatuko dira petrolio ontziak hodietara». Bigarrena, berriz, gas naturala itsasontzietan bertan likidotzeko proiektua da. Bi metano ontzi zahar moldatzen ari dira porturatu beharrik izan gabe gas naturala likidotu eta esportatzeko. Hori ere San Matias Golkoan egingo dute; Ricagnok gogorarazi du 2022ra arte golko hori babestuta zegoela, baina, haren esanetan, Milei gobernura iritsi aurretik «eremu hori guztia erregaien garraiorako prestatzen hasi ziren».
Azkenik, Ricagnok azaldu du inbertsoreen interesak ondo bermatu dituela RIGIak: «Luzera begirako proiektuak direnez, babestu egin dituzte, eta, noizbait gobernu batek atzera bota nahiko balitu proiektuek dituzten erraztasunak, Argentinako Estatua nazioarteko arbitraje epaimahaietara bidal dezakete». Hala ere, Ricagnok zehaztu du «justizia subiranotasunaren lagapen» hori ez dela berria, 1990eko hamarkadan hasi baitzen Argentinan, «lehenengo aldebiko inbertsio itunekin». Gauzak hala, nazioartean afera horretan salaketa gehien duten herrialdeen artean dago Argentina, «2001eko krisiagatik batez ere».
Super RIGI
RIGIa nahikoa ez, eta Mileiren gobernuak beste bultzada bat eman nahi die atzerriko inbertsio handiei. Oraindik onartu ez bada ere, Argentinan Super RIGI deitzen dioten araua onartu nahi du Etxe Arrosako maizterrak, 1.000 milioi dolarreko inbertsioa gainditzen duten proiektuei erraztasunak emateko. Orain Senatuan ari dira eztabaidatzen, eta Mileiren alderdia gainontzekoekin negoziatzen ari da, baina ez dirudi arazo handirik izango duenik legea aurrera ateratzeko.
«Departamendu batzuetan, atzerritarrek lurren %60 baino gehiago dituzte, mineralak dauden lekuetan bereziki. Lurra finantza aktibo bihurtzen da»
FIORELLA SOL RICAGNO RIGIaren Behatokiko ikertzailea
Inbertsioak bultzatzeko erregimen berri horrekin, Ricagnok uste du datu zentroen etorrera erraztu nahi duela Mileiren gobernuak: «Badirudi Super RIGIa megadatu zentroentzat dagoela prestatuta. 'Argentina berriarentzako sistema teknologikoak' deitzen diote. Peter Thiel Argentinara bizitzera etorri izana oso esanguratsua da, prozesuaren zuzendari den aldetik». Hala ere, zuhurra izan behar dela uste du Ricagnok, oraindik informazio gehiena espekulazioan oinarritua baita: «Oraingoz gauza bakarra dago garbi, RIGIa, eta proiektu horiek ekarriko dituzten ondorioak: oinarrizko eskubideak, giza eskubideak eta indigenenak urratuko dira».
Jabetza Pribatuaren Bortxaezintasun Legea
Mileiren legealdiko legerik polemikoenetako bat jabetza pribatuaren bortxaezintasunari buruzkoa da. Lurrak arrozteko legea deitzen diote Argentinan, polemika gehien sortu dutenak 2011ko Lurren Legea moldatzen duten artikuluak izan baitira. Atzerritarrek ezin dute landa eremuaren %15en baino gehiagoren jabe izan, eta, Mileik muga hori amaiarazi nahi bazuen ere, herritarren presioa dela-eta atzera bota behar izan zuen erreformaren zati hori. Hala ere, Ricagnok gogorarazi du udalerri askotan muga hori aise gainditzen dela, 2011ko legearen aurretik erosi baitzituzten lurrak: «Departamendu batzuetan, atzerritarrek lurren %60 baino gehiago dituzte, mineralak dituzten lekuetan bereziki. Lurra finantza aktibo bihurtzen da».

Nahiz eta lurrak arroztean ez den sakondu, egoera nahiko tirabiratsua da jada, eta Rio Negro probintziako Lago Escondidok ondo erakusten du herritarrak zein haserre dauden lurrak dirudunen esku daudela eta. Argentinan, lakuak publikoak dira, baina pertsona batek laku osoa inguratu dezake bere jabetzekin. Bada, Joe Lewis ingeles sionista Lago Escondidoren inguruko lur guztien jabe da, baita hara daramaten bi bideena ere. Hara iristeko modu bakarra 34 kilometroko mendiko bide bat oinez egitea da. Beraz, nahiz eta izatez eskubidea izan, argentinarrek ezin dute Patagonia betean dagoen laku hartaz gozatu.
Glaziarren Legea
Argentinaren mendebaldeko muga luzea Andeetako tontor altuenek markatzen dute, eta glaziar mordoa dago han. Milioika argentinar glaziarren menpeko dira, haiek urtzetik eskuratzen baitute edateko ura. Estrategikoak direnez, Cristina Fernandezek eremu glaziarrak babesteko lege bat bultzatu zuen 2010ean, baina orain Mileik babes hori txikitu du legearen erreforma baten bidez.
Eta, babes hori txikitzearen atzean, batez ere meatzaritza eta datu zentroen sektoreak laguntzeko asmoa dago. Izan ere, meatzaritza erraztu dute inguru horietan: «Ez da kasualitatea RIGIa onartzen ari den meatzaritza proiektuak litioa, kobrea eta urrea ustiatzeko izatea. Proiektu asko eremu glaziarretan daude», esan du Ricagnok. Baina datu zentroen afera da deigarriena, ura eta hotza ematen baitute glaziarrek, eta hori ezinbestekoa baita datu zentroek dituzten sistemak hozteko.