Gazan bizi diren palestinarrek Israelgo armadaren erasoak pairatzen dituzte egunero, eta Zisjordanian kolono israeldarren bortizkeria jasan behar izaten dute. Hori aski ez, eta palestinarrei laguntza humanitarioa ematen dien erakunde nagusiak dirua falta du orain. Defizit horregatik eta Israelgo estatuak jartzen dizkion oztopoengatik, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak ezin du behar bezala gauzatu bere jarduna, eta horrek «hari batean» jartzen ditu lehendik ere arriskuan dauden milioika palestinarren bizitzak. Hala ohartarazi zuen Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusiak atzo zabaldutako ohar batean.
Guterresek azpimarratu du UNRWAren lana «ezinbestekoa» dela, eta NBEko estatu kideei eskatu die estaltzeko agentzia horrek duen defizita. NBEko buruaren arabera, UNRWAk ehun milioi dolarreko zorra du, eta kolapsatzear da. NBEren agentzia horren inguruko bilkura bat egin zuten atzo New Yorken (AEB), NBEren egoitza nagusian. Hartan, Guterresek UNRWAren finantzaketa faltak dituen ondorioen berri eman zuen: «Gu hemen bilduta gauden bitartean, milioika errefuxiatu palestinarren segurtasuna eta ongizatea hari batean daude».
Gazako bizi baldintzak «beldurgarriak» direla, Zisjordanian kolonoek palestinarren aurka indarkeria erabiltzen dutela, eta Libanon ere —milaka errefuxiatu palestinar bizi dira han— Israelgo armada erasoak egiten ari dela oroitarazi zuen Guterresek. Gaineratu zuen Israelek okupatutako eremuetan murrizketak ezarri dizkiola UNRWAri, eta, horri defizita gehituta, eskualdean egiten duen lana «arriskuan» dagoela.
Gainera, NBEko buruak salatu du Israelek abian duela UNRWAren aurkako «desinformazio» kanpaina bat. Besteak beste, Tel Avivek Israelen aurkako ekintzak egitea egotzi die NBEren agentzia horretako kideei. 2024ra arte AEBak izan ziren UNRWAren finantzatzaile nagusiak. Israelek agentzia horretako kideei 2023ko urriaren 7ko erasoetan parte hartzea leporatu ostean, ordea, Washingtonek eten egin zuen finantzaketa. Tel Avivek UNRWAko 19 langileri leporatu zien eraso horietan parte hartzea; NBEk egindako ikerketa batean, aldiz, ondorioztatu zuten «posible dela» horietako bederatzik parte hartu izana, baina ez zuten behar beste frogarik aurkitu hori ziurtatzeko.
Bestalde, kontuan hartu behar da Israelgo armadak gutxienez UNRWAko 390 kide hil dituela 2023ko urritik.
«Borondatezko emigrazioa»
Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk palestinarren aurkako neurri gehiago hartzeko asmoa adierazi du. Haren azken burutazioa: «borondatezko emigrazioa». Bart egon zen Chanel 14 telebista katean Israelgo lehen ministroa. Bertan bi ideiaren inguruan galdetu zioten; batetik, legez kanpoko kokaleku berrien inguruan. «Kontua da nahiago duzun egin edo hitz egin. Eta bai, nahiago dut horri ez heldu». Horrela saihestu zuen gobernuburuak galdera. Bestetik, bi milioi palestinar euren lurraldetatik kanporatzearen inguruan ere galdetu zioten. Oraingo honetan, «borondatezko emigrazioaren» karta atera zuen sortatik lehen ministroak. Hala, palestinarrei etxea «borondatez» utzi eta lurralde horietatik alde egiteko «gonbidapen baketsua» egin zien. Izan ere, Netanyahuren arabera, ez dago bi estatuentzat lekurik, eta bien arteko bizikidetza «ezinezkoa» da.
Gazaren etorkizuna lehen kolokan bazegoen, adierazpen horien ostean, litekeena da gazatarren egoerak okerrera egitea. Israelgo Gobernuaren arabera, gaur egun lurralde okupatuak %70 dira. Orain dela bi hilabete Gazaren %56 kontrolatzen zuen, eta azken hilabetean %60. Eboluzioa ikusita, Energia eta Azpiegitura ministro Eli Cohenek azpimarratu du kontrola laster erabatekoa izango dela. Horrez gain, Hamasen inguruan ere hitz egin du ministroak. Argi eta garbi utzi du «terroristei» ez dietela metrorik emango eta ezin zaiela utzi burua altxatzen.
Israelgo estatuaren hedapena ikusita, NBEk ohartarazi du estrategia espantsionista horrek zibilentzako arriskuak areagotu baino ez duela egiten, eta laguntza humanitarioen eginkizun guztia bertan behera gelditzen dela horren ondorioz. Erakundeak adierazi duenez, 2025eko urriko su etenetik 196 palestinar hil dira Israelgo tropen erasoen ondorioz, beste asko «borondatezko» lekualdaketen eraginez hil dira, eta zaurituak egunez egun geroz eta gehiago dira. Hori dela eta, NBEk eta gobernuz kanpoko erakundeek eskatu dute babesteko Israelgo armadak ezarritako mugen inguruan bizi diren palestinarrak, eta laguntza humanitarioari sarbidea emateko.