Militar talde batek estatu kolpea eman du Ginea Bissaun

Kolpistek herrialdearen «erabateko kontrola» hartu dutela iragarri dute, baita presidentea kargutik kendu dutela ere. Igandean egin zituzten boz orokorrak Ginea Bissaun, eta bihar ziren emaitzen berri ematekoak.

Militarrek iragarri dutenez, kargutik kendu dute Umaro Sissoco Embalo presidentea. TOMS KALNINS / EFE
Militarrek iragarri dutenez, kargutik kendu dute Umaro Sissoco Embalo presidentea. TOMS KALNINS / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko azaroaren 26a
18:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hauteskunde orokorretako bi hautagai nagusiek garaipena ospatu eta biharamunean, militar talde batek estatu kolpea eman du Ginea Bissaun. Igandean egin zituzten bozak, eta bihar ziren emaitzak argitara ateratzekoak. Aurrez, atzo, bozen garailetzat jo zuten beren burua bi hautagai nagusiek: Umaro Sissoco Embalo egungo presidenteak eta Fernando Dias da Costa haren aurkari nagusiak. Gaur, baina, hauteskunde prozesua berehala bertan behera uzteko agindu du armadako buruzagi militarren talde batek. Eta estatuaren «erabateko kontrola» hartu dutela iragarri dute telebista kate nazionalean egindako agerraldian.

Denis N’Canha presidentetza jauregiko arduradun militarrak hartu du taldearen bozeramaile ardura. Ordena Nazionala Berrezartzeko Goi Komando Militarra izendatu du bere burua militarren taldeak, eta herrialdeko hiriburuan, Bissaun, armadaren kuartel nagusitik eman dute estatu kolpearen berri. Militarren bozeramailean arabera, Embalo jada ez da herrialdeko presidentea. Nazioarteko hainbat hedabidek kaleratu dutenez, soldaduek atxilo hartu dute.

Militarrek herrialdeko mugak eta aireko espazioa itxi dituztela iragarri dute, baita estatuaren erakunde guztiak eta hedabideak ere. Soldaduak hiriburuko zenbait irrati kateren egoitzatan sartu dira, eta emisioak geldiarazteko agindu diete, EFE berri agentziak jakinarazi duenez. Gainera, etxeratze agindua ezarri dute arratsaldeko zazpietatik goizeko seietara.

Armadako buruzagien arabera, herrialdea «desegonkortzeko» plan baten berri izan zuten Ginea Bissauko inteligentzia zerbitzuek. N’Canhak irakurri duen oharraren arabera, hainbat politikari zeuden plan horren atzean, eta hauteskundeetako emaitzak «manipulatzeko» asmoa zuten. Horrela justifikatu dute estatu kolpea.

Ginea Bissauk bi milioi biztanle baino gutxiago ditu; Afrika mendebaldean dago, Ozeano Atlantikoaren kostaldean, Senegal eta Ginea artean. 1974an lortu zuen Portugalekiko independentzia. Ordutik hamar estatu kolpe edo kolpe saiakera izan dira. Embalo 2020tik da presidente, eta oraingo kolpearen aurretik ere beste bi aldiz saiatu izan dira estatu kolpe bat ematen hura presidente zela. Gainera, urriaren amaieran hainbat militar atxilotu zituzten kolpe bat prestatzen ari zirela leporatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.