Plebiszitu moduko bat izan ziren atzo Moldavian egindako parlamenturako bozak. Europa ekialdeko herrialde horretan jokoan zegoen EB Europako Batasunera begira segitzea, edo norabidea aldatzea eta Errusiaren orbitapera itzultzea. Lehen aukera nagusitu da, Maia Saindu presidentearen eskuineko alderdi europazaleak irabazi baitu; gainera, gehiengo osoari eustea lortu du. Bozen emaitzek berretsi dute, hortaz, Sobietar Batasuneko errepublika ohi horrek Mendebalderanzko bidea hartu duela, eta gobernuak zilegitasun handiagoz jarraitu ahal izango duela negoziatzen talde komunitarioko kidea bihurtzea. EB Europako Batasunak pozik hartu du alderdi europazalearen garaipena. «Moldaviako herritarrek hitz egin dute, eta mezua argia eta ozena da: demokrazia, etorkizun europar bat, aukeratu dure, Errusiaren presioa eta esku hartzeak beharrean», idatzi du gaur Antonio Costa Europar Kontseiluko presidenteak, sare sozialetan.
Inkestek aurreikusi baino emaitza hobea lortu du, gainera, Ekintza eta Elkartasuna alderdiak. Izan ere, galdeketen arabera, botoen %28 lortuko zituen, baina azkenean %50 bildu ditu, behin botoen %99,5 zenbatuta; horrek esan nahi du legebiltzarrean gehiengo osoari eutsiko diola: 101 aulkietatik 55 edukiko ditu. Hauteskunde Bloke Aberkoia koalizio errusiazalea izan da indar bozkatuenen artean bigarrena, botoen %25 lortuta. Hiru milioi lagun pasa zeuden botoa ematera deituta, eta parte hartzea %52koa izan da.
Eta hauteskunde egunean, kanpainan bezala, europazaleek leporatu diete errusiazaleei emaitza manipulatu nahi izatea, eta alderantziz; bai batzuek eta bai besteek frogarik gabe jardun dute horrela, ordea. Sanduk hainbatetan leporatu dio Moskuri Moldaviako hauteskundeetan esku hartzea, eta gobernuak hura egin du atzo hauteskunde azpiegituren aurka egindako milaka zibererasoen eta atzerriko hauteslekuetan izandako bonba abisuen erantzule.
Ukraina eta Errumania artean dago Moldavia, eta, emaitzak eskuan, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak arnasa hartu du. Izan ere, azken egunetan aritu da esaten Moskuk Moldaviaren kontrol politikoa hartu nahi zuela, modu horretan gero han ere tropak hedatzeko. Kontuan hartu behar da Errusiak 1.500 soldadu inguru dituela Transnistria errepublika erdi autonomoan. Aitortzarik ez duen estatu errusiazale bat da, de facto independentea 1991tik, Sobietar Batasuna desegin zenetik; Moldavia eta Ukraina artean dago. Han ez zen bozketarik izan.
Bitartean, Mendebalderantz begira segitzekoa da Moldavia. EBko kide izateko eskaera egin zuen 2022ko martxoan, Errusiak Ukrainako inbasioa hasi eta gutxira, eta Moldavia talde komunitarioan sartzeko negoziazioak hastea adostu zuen Europar Kontseiluak 2023ko abenduan. Horren harira, iazko abenduan erreferendum bat egin zuten Moldavian, herritarrei galdetzeko ea konstituzioa aldatzea baimentzen zuten herrialdea EBko kide bihurtzeko. Baiezkoak irabazi zuen, ozta-ozta: %50,4k bozkatu zuten baietz, eta %49,6k ezetz. Parte hartzea %51koa izan zen.