mundua

Moralesek ukatu egin du Obamaren taldearekin hitz egiten ari dela, baina bi herrialdeen harremana hobetzearen alde azaldu da

Dena dela, Ameriketako Estatu Batuetako lau lege gizonekin mintzatu dela aitortu du Boliviako presidenteak.

2008ko azaroaren 19a
10:57
Entzun
Evo Morales Boliviako presidentea Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidente izango denaren taldearekin hitz egiten ari dela zabaldu dute, baina Moralesek ukatu egin du hori. AEBetako lau lege gizonekin mintzatu dela aitortu du bi herrialdeei buruzko kontuez aritzeko -tartean, AEBetako enbaxadorearen kanporatzeaz-, baina azkeneko egunetan Washingtonera ez dela joan agertu du eta ez dela ari Obamaren taldearekin hitz egiten.

Azaroaren 4an irabazi zituen Obama hautagai demokratak AEBetako hauteskundeak, eta urtarrilaren 20an hartuko du kargua; George Bush errepublikanoa ordezkatuko du -zortzi urtean izan da hau presidente-.

Moralesek irailean kanporatu zuen AEBek Bolivian zuten enbaxadorea -Philip Goldberg-, bere gobernuaren aurka konspiratzen ari zelakoan, eta bi herrialdeen artean giroa ez da ona. Obamaren gobernuarekin harremana hobetzeko asmoa duela azaldu du. "Diskriminatua izan den arlotik dator Obama, indigenen herritik, eta bion eginbeharra da elkar ulertzea. Haren garaipenak nik Bolivian izandakakoa ekarri zidan gogora. Jendeak aldaketa nahi zuen AEBetan ere. Historikoa da", esan du Moralesek.

Ameriketako Estatu Batuetako lau lege gizon horiek demokratak eta errepublikanoak direla dio Boliviako presidenteak, baina ez du bestelako xehetasunik eman.

Gaur Washingtonen hitz egitea da, Ameriketako Estatuen Erakundeko urteroko batzarrean izatekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.