Gauean piztu da sua Moriako migratzaileen kanpalekuan, Lesbos uhartean. Kanpalekuetan 35 koronabirus kasu baieztatu dituzte orain arte, eta bart beste 125 lagun jarri zituzten berrogeialdian, baina kanpalekuko arduradunek ez zieten inolako azalpenik eman horiei. Horrek protestak eragin zituen, eta horietan piztu ziren suteak. Greziako Gobernuko bozeramaile Stelios Petsasen esanetan, suteak ez ziren «ustekabekoak» izan, eta positibo emandako lagunak isolamendu guneetara lekualdatuko zituztela jakinarazi ostean piztu ziren, kanpalekuetako gune ezberdinetan. Gaur arratsaldean, kanpalekuan sua bigarrenez piztu da.
#moria or what’s left of it burning again right now pic.twitter.com/DTz9E8iajn
— Giorgos Christides (@g_christides) September 9, 2020
Han lanean ari diren gobernuz kanpoko erakundeen arabera, kanpalekuaren %70 suntsituta geratu da lehen sutearen ondorioz, eta milaka desplazatu geratu dira inolako aterperik gabe. Haietako gehienak Mitilene hirirantz doan errepidean daude, inolako baliabiderik gabe. Zaporeak proiektuko kideek dagoeneko prestatu dute hainbat lagunentzako janaria, eta goizean goizetik ari dira hura banatzen; hala ere, uharteko ekintzaileek ohartarazi dute «krisi humanitarioa» izugarria dela.
Gauerdian hainbat su txiki piztu ziren kanpalekuetan, eta haize indartsuak horiek zabaltzea erraztu zuen. Bi ordu inguruan ia kanpaleku osoa sutan zegoen, baita hura inguratzen duen olibondo saila ere. Han ere errefuxiatu talde ugari bizi dira. Bien bitartean, Poliziak protestan ari zirenei oldartu zitzaien negar gasa erabiliz. Protestei aurre egiteko istiluen aurkako beste hiru polizia talde ere bidali ditu Atenasek irlara.
Migratzaileetako gehienak, euren gauzak hartu, eta kanpalekutik irteten ahalegindu ziren, suteen beldur. Hasieran Poliziak irteten utzi ez bazien ere, goizeko ordu biak aldera zabaldu zuten kanpalekua, baina itxi egin zuten errepidea, eta migratzaileek han egin behar izan zuten gaua, urik eta aterperik gabe. Horiek Mitilene hirira —zazpi kilometrora dago— ez iristea zuten helburu segurtasun indarrek, osasun publikorako arriskua zegoela argudiatuta. Gainera, Petsasek adierazi du Morian bizi ziren guztiei irlatik ateratzea debekatuko dietela, balizko koronabirusaren zabalpen bat ekiditeko —12.000 lagun bizi dira 3.000rentzat prestatutako kanpalekuan—. Gauzak hala, Greziako Gobernuak azaldu du larrialdi egoera ezarriko duela irlan.
Bide beretik UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak kanpalekuetatik ez urruntzeko eskatu die errefuxiatuei, «behin-behineko irtenbide bat» topatu bitartean. Erakundearen esanetan, liskarrak sortu dira migratzaileen eta inguruko herrietako hainbat talderen artean.
<span class="article-argazkioina">Errefuxiatuek errepidean pasatu dute gaua. STRATIS BALASKAS / EFE
Moriako alkate Giannis Mastroiannisek adierazi du goizerako sutea kontrolatuta zegoela. Halere, irlako hainbat hedabideren arabera, suhiltzaileek lan egiteko zailtasunak izan zituzten, hainbat leherketa txiki gertatu zirelako eta migratzaile talde batek harriak jaurti zizkielako.
Oraingoz, ez da hildakorik baieztatu, baina suhiltzaileek ez dute izan aukerarik migratzaileen bizilekuetara sartzeko. Greziako Gobernuak kanpalekuetarako duen arduradun Manos Logothetisek gehitu du migratzaileentzako aterpe bat bilatzea dela orain lehentasuna, eta behin-behinean inguruko hondartza batera mugitzeko aukera jarri dute mahai gainean.
Horren harira, Greziako Migrazio ministro Notis Mitarakisek jakinarazi du lekualdaturiko 3.000 migratzaileetatik mila ferry batera eta armadaren bi ontzitara eramango dituztela —ferryra gaur gauean, eta beste bi ontzietara bihar—, eta gainontzekoak karpa batzuetan sartuko dituztela.
Europako Batzordeak adierazi du bakarrik dauden laurehun adingabe Europara lekualdatzea eta horiei aterpea aurkitzea adostu duela. «Moriako jende guztiaren segurtasuna eta guztientzako aterpea dira lehentasunak», adierazi du Ylva Johansson Barne komisarioak.
#Moria-ko kanpamentua erabat kiskalita gaueko sutearen ondorioz.
— Iñaki Agirre (@ikiagirre) September 9, 2020
12.000 pertsona kalegorrian. Zeukaten gutxia galdu dute. pic.twitter.com/6jXMBgFehQ
Pandemiari aurre egin ezinda
Errefuxiatuen kanpalekuan aurreko astean detektatu zuten lehen COVID-19 kasua, eta ordutik berrogeialdian daude. Errefuxiatu estatusa duen somaliar bat izan zen positibo ematen lehena. Atenaserako bidea hartu zuen lan bila, baina Moriara itzultzea erabaki zuen gerora, kanpalekua inguratzen duen olibondo sailean.
Egoerak okerrera egin du, eta Greziako osasun zerbitzu publikoak PCR probak egiten ari dira errefuxiatuen eta kanpalekutik gertu bizi diren biztanleen artean. Orain arte, 35 dira migratzaileen artean atzemandako kasuak, baina gehiago dira bakartu dituztenak, eta kopuruak gora egitea espero da.
Moriakoa Europako errefuxiatu kanpalekurik handiena da, eta ez dago koronabirusaren pandemiari aurre egiteko prestatua. Besteak beste, ur eta hornidura falta handiak dituzte. Izan ere, 3.000 lagun inguru hartzeko prestatatuko azpiegitura horretan ia 13.000 pertsona bizi dira, herenak adingabeak. «Horrelako eremu batean, ezinezkoa da segurtasun neurriak aurrera eraman ahal izatea, gutxieneko distantzia mantentzea, higiene neurriak, maskarak…», adierazi du Zaporeak elkarteak ohar baten bidez.
Errefuxiatuak martxoaren 22tik kanpalekutik atera ezinda daude, bakartze egoera ezarria dagoenez. Izan ere, egun batzuk lehenago atzeman zuten Lesbos irlako lehen koronabirus kasua, kanpalekutik kanpo. Orduan, gaitzak eragin zitzakeen arriskuez ohartarazi zuten gobernuz kanpoko erakundeek. Besteak beste, kanpalekuko bizi baldintza «beldurgarriek» birusaren hedatze «geldiezinaren» arriskua areagotzen dutela nabarmendu zuen MSF Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak.
Migratzaile gehien hartzen duen Europako guneetako bat izanik, martxoaren 1etik aurrera irlara iritsi diren errefuxiatu guztiei berrogeialdia ezarri die Greziako Gobernuak, Moriako kanpalekutik kanpo.