Moskuko Poliziak gutxienez 55 pertsona atxilotu ditu Jablokoren aurkako epaiketaren harira egindako protestetan

Errusiako Justiziak 11 urteko kartzela zigorra ezarri dio Jablokoko lider historiko Lev Xlosberg-i gerra kritikatzeagatik.

Nikolai Ribakov Jabloko liderra Moskuko Auzitegi Gorenean, gaur. MAXIM XIPENKOV / EFE
Nikolai Ribakov Jabloko liderra Moskuko Auzitegi Gorenean, gaur. MAXIM XIPENKOV / EFE
2026ko abuztuaren 17a
17:16
Entzun 00:00:00 00:00:00

Poliziak gutxienez 55 pertsona atxilotu ditu gaur Errusiako Auzitegi Gorenaren kanpoaldean. Izan ere, gaur Gorenak helegite bat aztertu du, Jabloko alderdia irailaren 22an behe ganberarako hauteskundeetatik kanporatzeko ebazpenaren aurka aurkeztutakoa. Atxilotuen artean alderdiaren hautagaietako bat dago, Viktor Balabanov. Jablokoren lider Nikolai Ribakov-ek, auzi saioan, eskatu du atxilotuak berehala askatzeko eta manifestarien aurkako «intimidazio kanpaina» amaitzeko. Jabloko da legeztatuta dauden alderdien artean Ukrainako gerraren aurka dagoen bakarra. Horrez gain, Errusiako Justiziak 11 urteko kartzela zigorra ezarri dio Jablokoko lider historiko Lev Xlosberg-i gerra kritikatzeagatik.

Duela egun batzuk, Polizia manifestarien etxeetara joan zen abisuak ematera. Ribakovek salatu du ezarritako karguak «absurdoak» direla —atzerriko finantzabideak izatea eta jabetza intelektualaren urraketak egitea egozten zaie—, eta jendaurrean erakutsi du, txosten baten bidez, Errusia Batua Vladimir Putin presidentearen alderdiak eta legebiltzarreko beste talde batzuek 1.153 milioi errublo —11.692 euro— baino gehiago jaso dituztela 2021etik atzerriko dohaintzen bidez. Irizpide bera ezartzekotan, «erregimeneko alderdi guztiak» ikertu eta kanporatu beharko lituzketela azpimarratu du alderdiko liderrak.  

Gorenak abuztuaren 10ean hartu zuen Jabloko kanporatzeko erabakia, Rodina talde ultranazionalistaren eskariz eta Hauteskunde Batzorde Zentralaren babesarekin. 

«Leninen bidea» 

Ezegonkortasunaren erakusgarri da Boris Nadezhdin oposizioko hautagai ohiaren erbesteratzea ere. Joan den ostiralean, 63 urteko politikari horrek berretsi zuen Errusiatik Frantziara ihes egin zuela. Nadezhdinek azaldu zuen «Leninen bidea» aukeratu duela: «Alexei Navalni edo Lev Xlosberg bezala geratu eta kartzelan amaitzea zen beste bidea. Hobe da atzerrian aske izatea, aberrian giltzapetuta egotea baino». Duela hilabete ihes egin zuen Kazakhstango mugatik.

Bestalde, azken asteotan zibilen aurkako indarkeria hazten ari da. Gaur bertan, gutxienez sei zibil errusiar hil eta beste lau zauritu dira —tartean 14 urteko adingabe bat— Belgorod eskualdeko Koloskovo herrian Ukrainak jaurtitako misil eraso baten ondorioz, Alexandr Xuvaev hango gobernadorearen esanetan. Tokiko iturri independente batzuek adierazi dute litekeena dela biktimak hamar baino gehiago izatea. Bitartean, Ukraina ekialdean, Kramatorsken, Errusiako droneek posta zerbitzu baten sukurtsal bat suntsitu dute eraso batean. Eraso horretan hiru pertsona hil dira.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA