Jacob Mudenda Legebiltzarreko presidenteak eman du dimisioaren berri. Legebiltzarra eta senatua egiten ari ziren osoko bilkura bateratua eten du eta Mugaberen dimisio gutuna irakurri du. Agintari berria bihar aukeratuko dutela gaineratu du.
ZANU-PF Mugaberen beraren alderdiak aurkeztutako zentsura mozioa onartu egingo zuten dimisiorik ezean. Alderdiak gehiengoa du bi kameretan, eta gainera, MDC-T oposizioko alderdi nagusiaren babesa ere bazuen. Dimisioa emateko eskatu zion alderdiak Mugaberi, baina erantzunik jaso ez zuenez, zentsura mozioa aurkeztu zuen.
Astearte gauean boterea hartu zuten militarrek, baina Mugabek eginahalak egin ditu hari eusteko. 1980tik zegoen presidentzian. Hilaren 6an Emmerson Mnangagwa presidetenordea kargutik kendu izanak sortu ditu Mugaberen kontrako protestak. Alderdiko buruzagitza ere kendu diote, eta bere aliatuak ere alderditik bota dituzte.
Hainbat herritar kalera atera dira dimisioa ospatzera.