UDAKO SERIEAK. Prozesu independentistak gaur. Begirada orokor bat (I)

Mugak ez baitira finkoak

Duela hamar urte pasatxo ez bezala, gaur egun ez dago prozesu independentistarik martxan, eta jokaleku globalak ez du laguntzen, gainera, horretarako baldintzak izan daitezen. Ez dira desagertu, ordea, ez aldagaiak, ez independentisten masak.

Eskoziako independentisten manifestazio bat Edinburgon, 2021eko irailean. JON OLANO URAIN
Eskoziako independentisten manifestazio bat Edinburgon, 2021eko irailean. JON OLANO URAIN
Igor Susaeta.
2026ko uztailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Orain dela 10-15 urte, hiru prozesu independentista zeuden martxan munduan. Izan ere, Eskozian, Katalunian eta Kaledonia Berrian erreferendumak egin zituzten 2014an, 2017an eta 2018an. Eskozian eta Kaledonia Berrian aukera ez-independentista nagusitu zen, eta, ondorioz, ez ziren banandu Erresuma Batutik eta Frantziatik, hurrenez hurren. Kataluniakoa, berriz, legez kanpokotzat jo zuen Espainiako Gobernuak. Hamarkada bat inguru geroago, inon ez dago independentzia erreferendumik aurreikusita.

Horrek ez du esan nahi, ordea, gisa horretako prozesuak berriro martxan jarri ezin direnik, independentisten masak ez baitira desagertu. «Posible da prozesuak berriz piztea. Edonoiz gerta daiteke zerbait prozesua berrabiaraziko duena», azaldu du Matthias Scantamburlo Deustuko Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakasleak. «Historiak erakusten du estatuen mugak ez direla finkoak», gehitu du, horren harira, Nicola McEwen Glasgowko Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakasleak. «Dena den, gaur egun, munduan, ez da erraza horri buruz hitz egitea, beharbada lehentasunak aldatu direlako», ohartarazi du. 

Hori bai, hasteko, aldagai batzuk ezinbestekoak dira molde horretako prozesuak abiarazteko. «Egiturazkoez» mintzo da Scantamburlo, telefonoz. Haren esanetan, «identitate ezberdinak eta laido ekonomikoak, politikoak, kulturalak» behar dira; baita «antolatzeko gaitasuna» ere, «prozesuak ez baitira ezerezetik sortzen». Nabarmendu nahi du, baina, «oso derrepentean bezala, ezustean» pitz daitezkeela. Gogorarazi du, adibidez, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2010ean Kataluniako Estatutua murrizteko kaleratutako epaiaren harira hasi zela hango prozesua. «Gure ikerketaren bidez esan dezakegu sententziak bihurtu zuela bat-bateko, eta aldatu egin zituela jendearen lehentasunak». Hain zuzen, mugimendu independentistak zergatik sortzen diren aztertu du Lost autonomy triggers and the rise of secessionism lanean (Autonomia galeraren eragileak eta sezesionismoaren goraldia, 2025), Felix Schulterekin (ECMI Gutxiengoen Auzietarako Europako Zentroa) eta Maria Ackrenekin batera (Groenlandiako Unibertsitatea). «Kontrako adibidea da Hego Tirolgoa. 2001etik, erreforma baten bidez, gure autonomia [hangoa da] higatu du Italiako Estatuak, baina modu motel batean, burokratikoki. Ez da inoiz izan halako une sinbolikorik».

McEwen ere antzeko elementuei buruz aritu da; lurralde bat, zeinean hango herritarrek «identitate nazionaleko sentipen bat» izango duten; alderdi bat edo alderdi batzuk identitate hori «politizatzeko»; eta, azkenik, telematikoki esan duenez, «aldagai horiek guztiak batuko dituen katalizatzaile bat». Oroitarazi du, halere, Eskoziako erreferendumari dagokionez ez zela egiazki katalizatzailerik egon, eta hori «ezohikoa» izan zela. «Aukera politiko bat sortu zen». 2011ko Eskoziako Parlamenturako bozetan gehiengo oso historiko bat lortu zuen SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak, eta, kanpainan agindu bezala, erreferendum bat planteatu zion Londresi, eta hark onartu. «Horrek ekarri zuen independentziaren aldeko mugimendu masibo bat sortzea». McEwenek uste du, ordea, ez dela beharrezkoa galdeketa bat deituta egotea mugimendu bat sortzeko.

Mugimendu horiek, prozesuak beraiek bezala, «higatu» egiten dira denborarekin. «Ezin duzu biztanleria oso bat mobilizatuta eduki denbora guztian», argitu du Deustuko Unibertsitateko irakasleak. Berretsi du edonoiz pitz daitezkeela prozesuak, eta zera azpimarratu: «Azkenean, estatuak, nolabait, denbora erosten du instituzio autonomikoen bidez».

«Desindustrializazioak asko ahuldu zuen klase gatazka, eta, neurri batean, horregatik azaldu da etnonazionalismo berri hori»

MATTHIAS SCANTAMBURLO Deustuko Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakaslea

Munduan zer gertatzen den, garaian garaiko joerak zeintzuk diren, horrek ere markatzen du bide bat. «Mundu mailan ikusten da badagoela olatu birzentralizatzaile bat. Karakalpakstanen, Kaxmirren, Karabakh Garaian, Krimean... Ikus dezakegu autoritarismo berri bat, saiatzen dena boterea birzentralizatzen. Baina Mendebaldeko demokrazietan ere dakusagu, nahiz eta motelago joan, era instituzionalizatuago batean», adierazi du Scantamburlok, eta adibidea jarri: Vox Espainian, M5S 5 Izar Mugimendua Italian; Reform UK Erresuma Batuan... 

Azken urteetan gorantz egin du eskuin muturrak globalki, eta bide horretan jarraitzen du. McEwenen iritziz, ultren gorakadak eragindako «beldurrak» ekarri du, beharbada, lehentasunak aldatzea. Eta egon daitezkeen beste beldur batzuez ere mintzo da: «Beldurra Asiako beste indar batzuei, europarrek munduan duten rolari...  Horrelako gauzei». Prozesu independentista bat hasteko orduan nazioarteko jokalekua garrantzitsua delakoan dago. «Eta independentziak, nonahi sortzen dela ere, arriskuak sortzen ditu, eta ezinegona piztu. Beraz, jendeak arriskuak kontuan hartuko lituzke erreferendum batean». Iruditzen zaio, finean, «segurtasun gabeziaren sentsazioak» ez diela mesederik egiten Europan sor daitezkeen mugimendu sezesionistei.  «Noiz-eta Europa eta Europako Batasuna bera ahaleginetan ari direnean munduko ordena berrian beren lekua topatzeko».

Euste hormak

Hori bai, Scantamburlok pentsatzen du prozesu independentistak —«Eskoziakoa, adibidez»— euste horma baten modukoak direla «eskuin berriaren aurka». Esplikatu du, gainera, Europa ekialdeari buruzko ikerketa batean diotela gutxiengo nazional antolatuak dauden lekuetan «autokratizazio prozesuak» motelagoak direla. «Gutxiengo horiek euste horma bat izan daitezke. Noski, gero estatu bakoitzaren araberakoa da... Katalunian, esaterako, beste leku batzuetan baino geroago azaleratu da eskuin muturra; baita Eskozian ere. Eta euskal identitateak lotuta daude demokrazia liberalari babes handiagoa ematearekin. Hori diote datuek».

(ID_3513298) NAZIOTASUNAREN ALDEKO MANIFESTAZIOA - KATALUNIA
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutuaren aurka hartutako erabakiaren ondoren, 2010eko uztailean Bartzelonan egindako manifestazioa. MARTA PEREZ / EFE

Horrekin lotuta, azaldu du ez dagoela prozesu sezesionistei buruzko literatura askorik, baina jasota dagoela eskualde aberatsagoek besteek baino joera handiagoa dutela sezesionismorako. «Desindustrializazioak asko ahuldu zuen klase gatazka, eta, neurri batean, horregatik azaldu da etno-nazionalismo berri hori». Scantamburlok gogorarazi nahi izan du, ordea, «funtzionatu duten prozesu gehienak» leku «pobreetan» izan direla. Adibide gisa aipatu du deskolonizazio prozesuek eta Sobietar Batasuna desegiteak eragin zutena, eta hausnarketa bat plazaratu gaur egunera etorrita: «Ekonomia globalizatu bateko eskualde aberatsenetan, sezesioaren kostuak txikiagoak dira. Baina, eskualde aberats horietan, jauziak gero kostu bat dauka... Jendeak galtzeko zerbait duen lekuan...». Eta Glasgowko Unibertsitateko irakasleak, berriz, zera erantsi du: «Mugimendu sezesionistak, historikoki, ekonomia aldetik aberatsak diren lurraldeetan sortu izan dira. Orduan sortzen dira batez ere, nazioak ahulak direnean baino gehiago».

«Ez da hizkuntza propio bat behar independentziaren aldeko mobilizazio masibo bat lortzeko»

NICOLA MCEWEN Glasgowko Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakaslea

Alberta probintzia, esaterako, Kanadako aberatsena da, petrolio industria indartsu bat duelako. Bada, urriaren 19an kontsulta bat egitekoak dira probintzian bertan, galdetzeko hango herritarrei ea hasi nahi duten prozesu bat Kanadatik banantzeko. Kasu horretan ez da aintzat hartu behar identitate-kultura-hizkuntza propioaren aldagaia. «Zientzia politiko klasikoenak esango lizuke bereiz daitezkeela sezesionismo identitarioa eta interesetan oinarritutakoa. Baina nazionalismoei buruzko literaturak esango lizuke ez dagoela sezesionismorik identitaterik gabe», esplikatu du Deustuko Unibertsitateko irakasleak, eta nabarmendu Albertan ere beren identitatea dutela. «Kontu kontserbadore bat da gehiago; esaten dutenez, elite liberal baten kontrakoa».

McEwenek zehaztu du ez duela hitz egin Alberta Kanadatik banantzea nahi duen inorekin. «Ematen du baldintza hobeak lortu nahi dituztela federazioaren barruan. Baina, prozesu bat hasten duzunean, inoiz ez dakizu non bukatuko den. Beti ezin da kontrolatu zer norabide hartzen duen...».  Iruditzen zaio laido ekonomiko bat pairatzen ari diren pertzepzioak bultzatzen dituela, neurri batean, Albertaren aldarrikapenak; baita Ottawak jaramonik egiten ez dien sentsazioak ere. «Horretan guztian aldagai identitario handi bat dago». Esan du eman dezakeela diferentea dela «kasu kulturalagoekin» konparatuta, baina oroitarazi du Eskoziako nazionalismoak ez duela kultur aldarrikapenik egiten, kontu historikoetatik haratago. «Ez da hizkuntza propio bat behar independentziaren aldeko mobilizazio masibo bat lortzeko».

Biek ala biek pentsatzen dute Albertakoa konpara daitekeela Lega Nord Italia iparraldeko alderdi eskuindarrak 1990eko hamarkadan proposatutakoarekin: Italia iparraldea herrialdetik banandu, eta Padania sortu nahi zuten, asmatutako lurralde bat. «Kontu fiskal gisa planteatzen zuten. Erroma lapurra zen haien leloa», kontatu du Scantamburlo. «Nortasun bat asmatu zuten, guztiz eraikitako zerbait. Tira, edozein nazio da konstruktu bat nolabait».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA