Jerusalemgo Ekintza Komunitarioko Zentroko kidea

Munir Marijieh: «Mundua Gazara begira zegoen bitartean, Israelek basakeriak egin ditu Zisjordanian»

Azken urte eta erdian, Israelek 22 kolonia legeztatu ditu Zisjordanian; Jerusalem ekialdean, berriz, lur gehiago hartu ditu. Marijieh palestinarraren arabera, CAFek Jerusalemen esku artean duen proiektuak ere Israelen «anexio asmoak» hauspotuko lituzke.

AITOR KARASATORRE / FOKU
Aitor Karasatorre / FOKU
maddi iztueta olano
Donostia
2025eko ekainaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ia hamar egun igaro ditu Euskal Herrian Munir Marijieh palestinarrak (Nazaret, Israel, 1986), BDS Boikot Desinbertsio eta Zigorrak taldeak gonbidatuta. Jerusalemgo Ekintza Komunitarioko Zentroko kideak hitzaldiak eman ditu Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta parte hartu zuen aurreko larunbatean BDSk Donostian antolatutako manifestazioan. Marijiehk xehe-xehe azaldu du zergatik egin behar zaion presio CAFi Jerusalemgo tren arinaren proiektua bertan behera utz dezan, eta 2023ko urriaren 7az geroztik Israelek Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean egin dituen «kolonizazio politiken» berri eman du; haren arabera, estatu juduaren «apartheid erregimena» leku guztietan dago.

CAFek Jerusalem ekialdean egiteko duen proiektu bat salatzera etorri zara Euskal Herrira. Zergatik?

CAFek esku artean duen proiektuak modua emango luke Israelek Jerusalem ekialdean legez kanpo anexionatutako lurraldeak elkarrekin lotzeko; baita horiek Jerusalem mendebaldearekin lotzeko ere. Tren horri esker, Israelek Jerusalem ekialdean anexionatutako lur guztien erabateko kontrola irabaziko luke. Nazioarteko Justizia Auzitegiak argi esan zuen iazko uztailaren 19an kaleratutako ebazpenean: Israelek Palestinako lurralde okupatuetan egiten dituen politikak eta ekintzak legez kanpokoak dira; eta adierazi zuen, halaber, atzerriko herrialdeek betebeharra dutela legez kanpoko presentzia horren aurka egiteko. CAFek proiektuarekin aurrera egitea erabakitzen badu, Palestinako lurraldeak existituko ez balira bezala jokatuko luke.

Uste duzu posible dela herri mugimenduen bidez halako proiektu bat geraraztea?

CAFen interesen arabera izango da posible; konpainiak ongi kalkulatu beharko ditu hurrengo urratsak, eta erabaki beharko du atzerrira begira zer-nolako irudia izan nahi duen. Nazioarteko zuzenbideari erreparatuko balio, ohartuko litzateke alde nabarmena dagoela Tel Aviven edo Jerusalem ekialdean tren bat eraikitzearen artean. Herritarrok halako proiektuen aurka egin behar dugu, batez ere nazioarteko zuzenbidea urratzen baldin badute.

«CAFek proiektuarekin aurrera egitea erabakitzen badu, Palestinako lurraldeak existituko ez balira bezala jokatuko du»

Mundua Gazara begira dago 2023ko urriaren 7az geroztik; baina denbora horretan Israelek Zisjordaniari ere egin dio eraso.

Bai. Gazan gertatzen ari dena genozidio bat da, baina Israelen apartheid erregimena toki guztietan dago. Mundua Gazara begira zegoen bitartean, Israelek basakeriak egin ditu Zisjordanian: 2023ko urriaren 7az geroztik, adibidez, 900 palestinar baino gehiago hil dituzte Israelgo soldaduek eta kolonoek. Hori asko da, baina Gazan hil dituzten 50.000tik gora palestinarrekin alderatuz gero, ulergarria da nazioarteak arreta zerrendan jartzea. Horrez gain, duela gutxi Israelek beste 22 kolonia legeztatu ditu Zisjordanian; kolonoen mugimenduak indar handia dauka.

Eta zer gertatu da Jerusalem ekialdean?

Gure taldean oso gertutik erreparatzen diegu Israelek Jerusalem ekialdean egiten dituenei, eta egiaztatu dugu Israelek laurehun etxebizitza eraikitzeko baimena eman zuela 2023ko urriaren 7aren eta iazko abuztuaren artean. Horiek lehendik existitzen diren hamabost koloniei gehitu behar zaizkie. Eta aintzat hartu behar da, gainera, ikerketa egin genuenean Israelek abian jarri zituela beste 9.000 etxebizitza eraikitzeko tramiteak; ziurrenik jada horietako askok lortu dute behin betiko baimena. Azken finean, Israelek azkartu egin du Palestinako lurralde okupatuetako kolonien negozioa, eta helburu argi bat dauka: etorkizunean kolonoak ezin bota izatea.

Badira Israelgo herritartasuna duten palestinarrak. Tel Aviven arabera, israeldarren eskubide berak dituzte. Hori hala al da?

Ez, palestinar horiek ez dira bizi Israelgo herritarrak izango balira bezala; hori Israelen gezur bat da; errealitatea bestelakoa da. Palestinar horiek beren komunitateetan eta herrixketan bizi dira, eta, 1948an estatus hori lortu zutenetik, eremu horiek ez dira berritu; nahiz eta populazioa dezente handitu den. Ez dute nahikoa baliabiderik, eta eskolara joaten diren haurrek Israelgo testuliburuen arabera ikasten dute; hortaz, ez dakite ezer beren historiari buruz. Israelen diskriminazio instituzionalak geruza asko ditu.

«Israelek azkartu egin du Palestinako lurralde okupatuetako kolonien negozioa, eta helburu argi bat dauka: etorkizunean kolonoak ezin bota izatea»

Israelgo Gobernuak aitortu du, berriki, Qatarko Gobernuak Hamas finantzatzea baimendu duela zenbait urtez, Al-Fatahrekin zuen zatiketa hauspotzeko. Zer iritzi diozu?

Zatitu eta irabazi. Estrategia klasikoa da. Israel beti ahalegindu da palestinarrak zatitzen; horregatik bizi dira batzuk Gazan, beste batzuk Zisjordanian, beste batzuk Jerusalem ekialdean... Eta horregatik dute batzuek Israelgo herritartasuna; eta beste hainbeste erbestean bizi dira, errefuxiatuak dira, eta ez dute sorterrira itzultzeko modurik.

Eta orain Irani egin dio eraso. 

Israelek ez zuen gisa horretako eraso bat egiteko beharrik; herrialde subirano baten aurkako probokazio bat izan da. Israel da eskualdeko mehatxurik handiena.

Zer iritzi diozu nazioartearen jarrerari?

Israelek inpunitate osoz jokatu izan du beti; batez ere, Iparralde Globalak eta haren aliatuek hala egiten utzi diotelako. Lotsagarria da estatu horiek Israeli horrela jokatzen uztea, eta ondoriorik ez izatea. Halere, aipatu behar da Hegoalde Globala oso lan ona egiten ari dela, batez ere Hegoafrika. Israelek urte luzez izan duen inpunitatea zartatzen hasi da pixkanaka. 

«Israelek urte luzez izan duen inpunitatea zartatzen hasi da pixkanaka»

Palestinako gatazkak izango al du konponbiderik inoiz?

Konponbide bat aurkitzeko, arazoaren erroa identifikatu behar da. Halere, galdera zaila da. Urte luzez estatu bakar baten konponbidea aldarrikatu duen jende asko ezagutzen dut; palestinarrak eta israeldarrak elkarrekin biziko liratekeen estatu batean sinisten zuten. Urriaren 7az geroztik, eta ordutik jasandako indarkeriaren eta genozidioaren ondoren, iritzi hori zuen jende askok dio ez duela inoiz Israel barkatuko Gazan egiten ari denagatik. Ez da erraza etorkizunari erreparatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.