«Azken hatsarekin joango naiz, eta edonon nagoela ere, zuregatik egongo naiz, zurekin egongo naiz, horixe baita bizitzarekin egoteko modurik onena. Eskerrik asko, herri maitea». Hala esan zion agur Uruguaiko presidentetzari Jose Alberto Pepe Mujicak, 2015eko martxoaren 1ean. Hamar urte eta zenbait aste geroago, atzo hil zen Uruguaiko presidente ohia (2010-2015). Herriarekin egongo da aurrerantzean ere, eta herriak ez du ahaztu. Horren erakusgarri, erreakzio andana eragin du Mujicaren heriotzak.
Uruguaiko presidente Yamandu Orsik eman zuen Mujicaren heriotzaren berri, sare sozialetan. «Erreferente eta gidari» gisa definitu zuen, eta eskerrak eman zizkion «herriari emandako maitasunagatik». Mujicaren koalizio berekoa da Orsi, Fronte Zabalekoa. Aurten hartu du kargua, iazko azaroan bozak irabazi ostean. 1985ean diktadura militarra amaitu zenetik, Uruguaiko ezkerreko hirugarren presidentea da Orsi. Aurrekoak Tabare Vazquez (2005-2010 eta 2015-2020) eta Mujica izan ziren.
Hego Amerikako politikarien artean sona handia izan du Mujicak, eta gaur gogoan izan dute hark egindako lana. Ezkerreko gobernuburuek sare sozialetan oroitu dute Uruguaiko presidente ohia. Luiz Inazio da Silva Lula Brasilgo presidentearentzat, Mujicak erakutsi zuen «borroka politikoa eta goxotasuna» uztar zitezkeela, baita «kemena eta umiltasuna» ere. Hiru eguneko dolua ezarri dute Brasilen. Claudia Sheinbaum Mexikoko presidentearen ustez, Mujica «eredu» izen zen Latinoamerikarentzat zein mundu osoarentzat; eta bere «jakinduria» eta «apaltasuna» goraipatu ditu. Mujicak herriaren alde egindako «borroka» azpimarratu du Venezuelako presidente Nicolas Madurok.
Amanheci em Pequim com a triste notícia de que Pepe Mujica partiu hoje, nos deixando cheios de tristeza, mas também de muitos aprendizados. Sua vida foi um exemplo de que a luta política e a doçura podem andar juntas. E de que a coragem e a força podem vir acompanhadas da… pic.twitter.com/XDZJTA2BUw
— Lula (@LulaOficial) May 14, 2025
Uruguaiko agintari ohiak esperantza piztu zuela azpimarratu dute zenbaitek. Txileko presidente Gabriel Boricen ustez, Mujicak «gauzak hobeto egiteko esperantza» utzi zuen; eta Boliviako presidente Luis Arceren iritziz, «esperantzaren itsasargi bat» izan zen. Ezkerreko gobernuek Hego Amerikan indarra hartu zuten aldiaren isla izan zen Mujica, Miguel Diaz-Canel Kubako presidentearen arabera. Hego Amerikaren integrazioan Mujicak egindako lana izan du hizpide Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak, eta noizbait Hego Amerika «Amazonia» izatea espero duela gehitu du.
Mujicarekin ideologikoki bat egiten ez zuten agintariek ere oroitu dute Uruguaiko presidente ohia; esaterako, Paraguaiko presidente Santiago Peñak. «Pentsaera ezberdinak» bazituzten ere, bien nahia Latinoamerika batuta ikustea zela adierazi du Peñak. Jose Raul Mulino Panamako presidenteak doluminak eman dizkie Uruguaiko herritarrei.
Hego Amerikatik kanpo ere gogoan izan dute Mujica. NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antoni Guterresek azpimarratu du Mujicak «umiltasunez» gobernatu zuela: «pribilegioak alde batera utzi, eta apaltasuna hautatu zuen». Gainera, bakearen eta giza eskubideen alde egindako lana ere goretsi du. Japoniako Gobernuak ere pribilegioei uko egin izana nabarmendu du, eta gogorarazi, Mujica presidente zela, bere soldataren %90 dohaitzan eman zuela. Txinako Gobernuaren «lagun ona» izan zen Mujica.
Espainiako presidente Pedro Sanchezek zera gogorarazi du, Mujicak «mundu hobe» baten alde egin zuela lan, eta soilik horrela duela zentzua politikak. Mujicak bere hitzaldietan esan ohi zuen bere ametsa mundua «pixka bat hobea» egitea zela. Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoko liderrak eskerrak eman dizkio «bidea argitzeagatik», eta emandako «ausardiagatik».
Kataluniako Generalitateko presidente Salvador Illak ere Mujicak gizarteko desberdintasun aurka egindako borroka laudatu du. Carles Puigdemont Junts Per Catalunyaren liderraren hitzetan, «ezkerretik haragoko jende askorentzat ere erreferente izan da». Oriol Junqueras Esquerra Republicanako buruaren ustez, Mujicak erakutsi du «soilik aliantza herrikoien bidez» lortu daitezkeela aldaketa sakonak.
Euskal Herrian maitatua
Abizenean nabari den moduan, Mujicak jatorri euskalduna zuen. Hala, behin baino gehiagotan bisitatu zuen Euskal Herria, eta maitatua zen bertan. Horren erakusgarri, sare sozialetan erreakzio ugari zabaldu dituzte Mujicaren heriotzaren harira. Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek erreferentetzat zuen Mujica, eta «bizitzaren, balioen eta etikaren inguruan hausnarketa zoragarriak» utzi zituela azpimarratu du. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek Mujicaren jatorri euskalduna aipatu du: «Sustrai euskaldunak eta arima latinoamerikarra». Eta nabarmendu du Uruguaiko presidente ohiak «arrasto sakona» utzi duela justizia sozialean eta bakean sinesten dutenengan. Aitor Esteban Euskadi Buru Batzarraren presidenteak Mujicaren «zintzotasunezko ibilbidea» goraipatu du.
Euskal Herrian, EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegi izan da lehenengoetakoa Mujica oroitzen: «Zure euskal herri zaharrak ez zaitu inoiz ahaztuko, Pepe. Beti jaikiko gara zurekin! Eskerrik asko, lagun!», idatzi du X sare sozialean. Otegi Montevideora bidean da, eta Mujicaren hiletan izango da. Gaur hasiko dira hileta ekitaldiak: Montevideoko kaleak zeharkatu ostean, gorpua Uruguaiko Legebiltzarraren jauregira eramango dute. Bertan, herritarrek azken agurra eman ahalko diote Mujicari, eta bihar erraustuko dute gorpua. Herrialdean dolu nazionala ezarri dute etzi arte.
Gorka Elejabarrieta EH Bilduko senatariak duela bi hilabete bisitatu zuen Mujica, Uruguain. Gaur, hark utzitako arrastoa nabarmendu du Radio Euskadin egindako elkarrizketan: «Konpromiso militantearen arrastoa utzi zuen: gerrillaria izan zen, diktaduran bahitua, eta Uruguaiko presidentea izatera ere heldu zen. Beti kolektibotasuna eta konpromisoa ardatz hartuta».